Eu

Euskadik dagoeneko gainditu ditu 2015eko turismo datuak

2016.eko abenduak 27

Euskadi opor-leku bat beharrean esperientzia bat izatea da sailburuaren helburu. Euskadik turisten marka berri bat ezarri du —abenduko datuak kontuan hartu gabe—. Hoteletan eta landa-ostatuetan 6.727.103 gaualdi egin dituzte, 2015eko garai berean baino % 9,4 gehiago. 2015ean Euskadin turismoak barne-produktu gordinari % 5,9ko ekarpena egin dio, azken 5 urteetan baino 5 hamarren gainetik, eta turismo-gastuaren bilakaera ekonomiaren —oro har hartuta— bilakaera baino hobea da.

Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua “pozik” agertu da turismoaren bilakaerari buruz orain arte bildutako datuekin. Aurtengo azarora arte, 2015. urte osoko datuak gainditu dira. “Gure uste osoak betez, kopuru horiek erakusten digute turismoak Euskadin balio handia duela eta izaten jarraitu behar duela. Izan duen bilakaera ikusiz, aurten jada barne-produktu gordinaren ekarpenaren % 6a gaindituko duten kopuruetara helduko gara; eta hori, turismoa industria indartsu gisa sendotuz bakarrik lor daiteke”.

Alfredo Retortillo sailburuak gaineratu du “ez dugula horrekin konformatu behar, eta lan egiten jarraitu behar dugula gure helburua lortzeko: sektorea indartzea lan-baldintza hobeak eskainiz, prestakuntzan inbertituz, eta berrikuntzan eta etengabeko hobekuntzan lan eginez batez ere”. “Iraunkortasunaren barruan hazten jarraitu nahi badugu, ideia bat argi izan behar dugu: Euskadi eta da opor-leku bat, esperientzia bat baizik”.

2016ko urtarriletik azarora —aurreko urteko garai bereko datuekin alderatuta—, Euskadiko hoteletara eta landa-establezimenduetara iritsitako turisten kopurua % 8,3 hazi da, Eustatek argitaratutako datuen arabera. Guztira, 2.793.331 bidaiari etorri dira. INE erakundearen 2016ko urtarrila eta urria bitarteko datuak gehitzen badizkiogu, ostatuek 3.213.638 sarrera izan dituzte guztira.

2015. urtean 3.128.462 turista heldu ziren hoteletara, landa-ostatuetara, kanpinetara, turismo-apartamentuetara eta aterpetxeetara, eta 6.147.473 gau eman zituzten bertan. Hotelen eta landa-establezimenduen kasuan azaroko data, eta kanpinen, turismo-apartamentuen eta aterpetxeen kasuan urriko data hartuta, bi kopuruek iazkoak gainditu dituzte eta Euskadin turismoarentzako marka historiko berri bat ezarriko dela aurreikusten da.

Enpleguari dagokionean, 2016ko hirugarren hiruhilekoan Gizarte Segurantzak, turismoari lotutako jardueretan, 92.792 afiliatu zituen guztira (guztien % 10,3). 2015eko hirugarren hiruhilekoko datuekin alderatuz, % 3,5eko gehikuntza eman da. Afiliazioei dagokienean, Araban % 14,4, Bizkaian % 48,5 eta Gipuzkoan % 37 dira.
Eustatetik eta INEtik jasotako datuek ez dituzte kategoria hauetatik kanpo egindako gauak kontuan hartzen (adibidez, familiekin, alokatutako etxeetan, etab.), ezta eguna pasatzera bakarrik etortzen diren turisten sarrera ere —zenbatzen zailak—. Horregatik, turismoaren pisua Euskadin zenbaki horiek erakusten dutena baino handiagoa da. Izan ere, gastu turistikoaren barne, txangozaletasunaren garrantzia azpimarratzekoa da, bai Euskal Autonomia Erkidegoan bizi direnen artean bai Estatuko gainerako lekuetatik eta atzerritik datozenen artean. Gure kasuan, gainera, atzerritarrek duten garrantzia handiagoa da Euskal Autonomia Erkidegoa Frantziatik hurbil dagoelako.


Turismoaren pisua barne-produktu gordinean


Azken horren haritik, 2015ean Euskal Autonomia Erkidegoan turismoari lotuta egindako gastua 4.100 milioi eurotara heldu zen. Horrek barne-produktu gordinari % 5,9ko ekarpena egin zion, duela bost urte baino 5 ehuneko gainetik, Eustaten datuen arabera. Gipuzkoa dago turismo-gastuaren buru, barne-produktu gordinaren % 7,4rekin; ondoren Bizkaia dago, % 5,2rekin; eta hirugarren, Araba, % 5,1ekin.


Ekonomiaren guztizkoak izan duen bilakaerarekin alderatuta, turismo-gastuak izan duen bilakaera hobeari esker, euskal ekonomian turismoak gero pisu handiagoa izatea ekarri du. 2015ean, turismo-gastua % 4,5era heldu zen, ekonomiaren gastu osoaren % 3ren gainetik. Gorakada hori, alde batetik, turismo hartzailean —Euskal Autonomia Erkidegoan turistek eta txangozaleek egiten duten gastuan—, eta bestetik, turismo-gastuaren beste osagaietan gertatu da. Hala ere, lehengoan emandako gorakada handiagoa da. Horrek, aurten ere, turismo hartzaileak gastuetan, oro har, parte-hartze handiagoa izatea ekarri du, 2015. urtean % 51,4ra heldu arte. Horrek, turismo-gastuaren beste osagaien gainetik ipini du.


Euskadik, turismo hartzailearekin (Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bizi direnen bidaiak eta txangoak) alderatuta, turismo igorleak (egoiliarrek Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egindako bidaiak eta txangoak) duen garrantziagatik nabarmentzen jarraitzen du. Hala ere, alde hori murriztuz joan da, eta orain esan daiteke turismo igorlearen zein hartzailearen gastuak handitu egin direla.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak