Berriak

Europak Europar Hiriburu Berde izendatu du Vitoria-Gasteiz 2012 urterako

2010-10-22

Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak bere Bruselako Ordezkaritza eskeintzen dio Vitoria-Gasteizko udalari, 2012ko Europar Hiriburu Berdearen Europako ordezkaritza nagusi lez. Modu honetara, euskal hiriek Eusko Jaurlaritzaren kanpo ekintzan duten berebiziko papera bermatzen da.

Europako Ingurumen Komisario Janez Potočniken eskutik jaso zuen saria Gasteizek. European Green Capital bilakatzeko Gasteizek Bruselan egindako ekintzei dagokienean, urri hasieran, Europar Komisarioak berak Gasteizen ekoizten den Vito furgoneta elektrikoa ezagutzeko aukera izan zuen. Auto hau Open Days ekimenaren auto ofizial bihurtu zen eta baita garapen iraunkorraren europar adibide ere.

Janez  Potočnik Europako Ingurumen Komisarioa buru zelarik Stockholmen egin den ekitaldi batean, Vitoria-Gasteiz saritu dute eta Europar Hiriburu Berdearen titulartasuna eman diote 2012rako.

Berria ezagutu bezain laister, Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusi Guillermo Echeniquek, alkatea zoriondu zuen Gasteizko hiriari emandako sariagatik. "Euskal hiriak Eusko Jaurlaritzaren kanpo ekintzaren oinarrizko parte dira eta oraindik ere garrantzi handiagoa hartuko dute", ziurtatu zuen Echeniquek.

Patxi Lazcoz alkateak, bere taldearekin, Euskadiren Bruselako Ordezkaritzako zenbait ordezkarirekin eta Udaleko talde politiko guztietako partaideekin batera, sari hau jaso du Europako Ingurumen Komisarioaren aldetik, besteak beste Bartzelona, Malmo (Suedia), Nurenberg  (Alemania) y Reykjavik (Islandia) hiriekin lehiatu ondoren.

2013an, beraren ondorengoa Nantes hiri frantziarra izango da.

Europar Hiriburu Berde 2012 saria Vitoria-Gasteizi ematearen bidez, bai hiriak eta bai Euskadik ingurumen-politiken alorrean egin duten ibilbide luzearen balio aitortzen da.

Orain dela aste batzuk, Donostia-San Sebastián onartua izan zen 2016ko Kulturaren Europar Hiriburua izateko aurretik aukeratutako hirien artean; Bilbok, berriz, nazioarteko sari bat jaso zuen Shanghaiko Erakusketa Unibertsalean eta orain Vitoria-Gasteiz izendatu dute European Green Capital 2012. Horrek guztiak agerian uzten du euskal hiriak eta Euskadi nazioarteko aitortza eskuratzen ari direla beren "bikaintasunagatik".

Bere Bruselako Ordezkaritzaren bidez, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia elkarlan estuan aritu da Vitoria-Gasteizko udalarekin hautagaitzaren dosierra prestatzeko lanean, hautagaitzaren defentsan, eta, halaber, europar instituzioekin egindako konkatuetan eta ekimenen dibulgazioan, hala nola VITO furgoneta elektrikoarena, Vitoria-Gasteizen fabrikatuko baita.

Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren ekimenaren ondorio, urriaren 4an, Europar Komisarioak Vito furgoneta elektrikoarekiko interesa azaldu zuen, hiri honen garraio sostengarriaren ekimen konkretu bat baita. Komisarioak luze hitz egin zuen Eusko Jaurlaritzaren eta Gasteizko udalaren ordezkariekin. Komisarioak Auto Elektrikoaren Euskal Estrategiaren baitan antolatutako ekimen desberdinei buruz gehiago jakin nahi izan zuen eta baita Gasteizen European Green Capital izateko hautagaitzaren inguruan ere.

Europar Hiriburu Berdea, garapen iraunkorrarentzako saria

Sari honen bidez, Europar Batasunak beren ingurumen- eta iraunkortasun-politikengatik nabarmentzen diren hiriak saritu nahi ditu, hau da, beren herritarren bizi-kalitatea hobetu ez ezik beren ingurumen-inpaktu orokorra murriztu ere egiten duten hiriak. Europar Hiriburu Berdea izatera iristeko, hautagai gisa aurkezten diren hiriek frogatu behar dute ingurumenaren alorrean jadanik garatu duten lana, eta, halaber, berarekin jarraitzeko eta garapen iraunkorraren alde aritzeko konpromisoa, eta Europako beste hiri batzuk inspira ditzakeen eredu moduan funtzionatu behar dute, hiri horien jardunbide egokiak sustatuz.

Vitoria-Gasteizek modu hobezinean betetzen ditu betekizun horiek, garapen iraunkorraren alde egin duen lan luzeak eta berarekin jarraitzeko konpromisoak frogatzen duten bezala. Gainera, Gasteiz da 500.000 biztanle baino gutxiago duten Europako hirietako bat -Europako % 84 dira-, eta horren eraginez ondo erakusten du zer egin dezakeen Europako hiri eredu nagusiak garapen iraunkorraren alde.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan