Hauteskundeak 2024
Berriak Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak
qrcode

Sailburuak eta alkateek ministroarekin bilera egitea eskatu dute, 2017. urtean hiriburu bakoitzerako behin betiko proiektuak eduki nahi dituztelako

2016-12-26
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak bilera egin du Juan Mari Aburto Bilboko, Eneko Goia Donostiako eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateekin, iragan ostegunean Iñigo De la Serna Sustapen ministroarekin egindako bileraren berri emateko.

AHTaren hiriburuetarako sarbideak, hiriburu bakoitzerako irtenbide diferenteekin

AHTaren hiriburuetako sarbideen inguruan ministroak egin zuen iragarpena aztertu dute sailburuak eta alkateek. Hala, hiriburu bakoitzak bere errealitatea duela adierazi dute, bai erabiltzaileen bolumenari dagokionean, bai partzelen morfologiari dagokionean, bai sarbideetan AHTa lurperatzeko formularen bideragarritasunari dagokion zailtasun handiagoei edo txikiagoei dagokienean. Alderdi horiek guztiak kontuan hartuz, hiri bakoitzerako eraikuntza-soluzio diferenteak eman dira.

Lurperatzea Bilbon eta Gasteizen

Ministerioak Bilbon eta Gasteizen AHTa lurperatzeko asmoa ezagutu ondoren, kasu bakoitzean aukera teknikoak eta ekonomia- eta finantza-bideragarritasuna aztertzea falta dira. Eusko Jaurlaritzak, eta Bilboko eta Gasteizko udalek bi gai horiek bultzatuko dituzten aukera guztiak aztertzeko eta sustatzeko konpromisoa hartu dute.

AHTa Atotxa inguruan integratzea, Donostian

Donostiarako sarbideari dagokionean, AHTa hirian sartzeko obrak Eusko Jaurlaritzaren esku daudela ministerioak onartu izana albiste pozgarria izan da sailburuarentzat eta hiriko alkatearentzat. Bi erakundeok elkarrekin lan egingo dute sarbideko proiektua orain arte planteatutako moduan mantentzeko; hau da, gaur egungo Atotxako ingurunea ahalik eta ondoen aprobetxa dadin ahalbidetzeko, eta egungo tren- eta autobus-geltokien sinergiak Tabakalera eraikinaren inguruan bat egiteko.

Ministroarekin bilera Erakunde Arteko Batzordeak eratzeko

Hiriburu bakoitzean eta Euskadi osorako proiektuen izaera estrategikoa kontuan hartuz, sailburuak eta alkateek ministroari bilera egitea eskatu diote Erakunde Arteko Batzordeak lehenbailehen osatzeko, eta, era horretan, AHTa Bilbora, Donostiara eta Gasteizera heltzeko obra bakoitzari beste bultzada bat emateko.

Ildo horretatik, euskal erakundeek honakoa finkatu dute: 2017. urtean zehar, Erakunde Arteko Batzordeek hiriburu bakoitzean eraikitzeko eta lizitatzeko prest egongo den behin betiko proiektu bat izan beharko dute. Era horretan, lan horiek Bergarako lotuneko adarren lanen erritmora moldatuko dira.

Erakunde Arteko Batzorde hauetan adostu beharko dituzte Eusko Jaurlaritzak, Udalek, Foru Aldundiek eta Ministerioak eman beharreko urratsak. Hortaz, lehenbailehen, obra bakoitzerako faseen eta gauzatzeen egutegia finkatu beharko da, eta kasu bakoitzean ekonomia- eta finantza-plana adostu beharko da. 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)
Beste gonbidatu batzuk
  • Gorka Urtaran, Juan Mari Aburto eta Eneko Goia