Eu

Basque Team Fundazioak bere kirolari gehienak bildu ditu 2016an gertatutakoa errepasatzeko eta bere etapa berriaren oinarriak aurkezteko

2016.eko abenduak 23

Basque Team Fundazioak bere kirolari gehienak elkartu ditu Donostiako Tabakalera kultur-zentroan ospatutako Gabonetako ekitaldian. Bertan 200 gonbidatu inguru bildu dira, haien artean teknikariak, hainbat federaziotako kideak edo babesleak. Ekitaldian Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburu Bingen Zupiria buru izan da, eta berarekin batera Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendari Jon Redondo eta Basque Team Fundazioko Koordinatzaile Olatz Legarza izan dira.

Ospakizuna Bingen Zupiria Sailburuaren hitzekin hasi da. “Kirolaren baloreak ezinbestekoak dira gizarte sendo baten eraikuntzan; horregatik, Basque Team lagungarria izan daiteke zentzu horretan, Euskadiren garapenean”, adierazi du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburuak.

Ondoren, Basque Teamari dagokienez urtean zehar gertatutakoa errepasatzeko unea heldu da. Lehenengo, kirolari ez olinpikoen lorpenak gogoratu dituzte eta, horren ondoren, urteko hitzordu garrantzitsuena oroitzeko momentua iritsi da: Olinpiar eta Paralinpiar Jokoak.

Hiriburu kariokan lehiatu ziren kirolari gehienak izan dira galan: diploma lortu zuten Iñigo Peña eta Ander Elosegi palista, Ainhoa Hernandez eskubaloi jokalaria eta Rakel Mateo paratriatleta... Eta hiru dominadunak: Amador Granados, Asier Garcia eta Maialen Chourraut.

Riori eskainitako tartean, Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendariak kirolarien lana goraipatu du eta azpimarratu du hurrengo Jokoetan, Pyeongchan 2018n eta Tokio 2020n, Asiak euren arrakastaren lekuko izan behar duela.

Basque Teametik ‘Berria’ egunkariaren Imanol Magro eta Enekoitz Telleria kazetarien lana goretsi nahi izan da. Bikain eman zuten Jokoen berri Riotik, batez ere euskal kirolariei dagokienez, web orrialderako eta BerriaTB-rako ere lan eginda. Martxelo Otamendi ‘Berria’-ko zuzendaria ere izan da eurekin batera ekitaldian.

Magro eta Telleriaren lana goraipatzeaz gain, Pedro Gabilondo kazetariaren ibilbidea ere azpimarratu da. Bederatzi Jokotan izan da kazetari gipuzkoarra.

Jokoen inguruko tartearen ostean, agur esateko momentua iritsi da. Maider Unda borrokalaria, Richard Oribe igerilaria, Mikel Odriozola atleta, Hodei Mazkiaran txirrindularia, Jon Erguin piraguista eta Elaia Torrontegi taekwondista eszenatokira igo dira eta fundazioko kolaboratzaile berria den ‘Eguzkilore’ bitxi-dendari esker eskaini den domina bana jaso ondoren, Iñigo Asensio aurkezlearekin solasalditxoa izan dute. Beren lorpenak oroitzeko unea izan da. Basque Teameko sei bekadunek agur esango diote goi-mailako lehiaketari.

Olatz Legarza Basque Teameko koordinatzailearen hitzaldiarekin amaitu da gala, baita sorpresa bitxi batekin ere. Carlos Tobalina pisu-jaurtitzailea eta Irati Goikoetxea piraguista aretoan sartu dira Olentzeroz eta Mari Domingiz jantzita, fundazioaren etapa berriari begira desioz betetako zakua eurekin ekarrita; ‘laguntza eta zehaztasuna’, ‘jakintza espezializatua’, ‘gertutasuna’, ‘konpromisoa’ eta ‘ilusioa’ ekarri dituzte kirolari guztientzat.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Basque Team Fundazioko Koordinatzailea, Olatz Legarza.