Berriak Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak ‘Euskadiren biodibertsitatea Natura 2000 Sarean’ I. Argazki Lehiaketako sariak banatu ditu

2016-12-23

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak gaur banatu ditu ‘Euskadiren biodibertsitatea Natura 2000 Sarean’ argazki-lehiaketaren lehenengo edizioko sariak. Lehenengo saria Iñaki Orosak jaso du “Arrano arrantzalea" argazkiarekin; aipamen bana jaso dituzte Asier Castro de la Fuentek, “Udaberriko berdeak” lanarekin, eta Guillermo Gonzálezek, ‘Agurtuz’ lanarekin. Argazki sarituak eta finalista izan diren argazki hautatu batzuk Sailaren 2017ko mahaiko eta ormako egutegia egiteko erabili dira.

Lehenengo saria jaso duen argazkia aurkeztu diren 117 argazkien artetik aukeratu da. Argazkian arrano arrantzale bat agertzen da harrapakina ahoan duela Urdaibaiko paduretan; egileak, Iñaki Orosak, argazkiak ateratzeko ‘hide’ (ezkutaleku) batetik egindako argazkia da. Asier Castro de la Fuentek “Udaberriko berdeak” argazkiarekin lortu du aipamenetako bat, eta itsasbeheran Barrikako (Bizkaia) hondartzako flyschetan ateratako argazki bat da. Bigarren aipamena eskuratu duen argazkia Guillermo Gonzálezena da, titulua “Agurtuz” da, eta bertan kaskabeltz handi bat agertzen da hegan hasteko prest Artziniegan (Araba).

Lehiaketako lehenengo saridunari 300 euro eta Ipad mini bat eman zaizkio, eta aipamena jaso dutenei iPad mini bana.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak Ihobe-Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren laguntzaz deitu du argazki-lehiaketa hau, flora, fauna eta ekosistemak kontserbatzeko Europako Natura 2000 Sarea ekimenaren parte diren Euskadiko 55 espazioak ezagutaraztea helburutzat hartuta. Euskadiko Natura 2000 Sarea gure lurraldearen % 20,5 inguru da, eta 47 Kontserbazio Bereziko Eremuk (KBE), 4 Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuk (HBBE) eta aldi berean KBEak eta HBBEak diren 4 eremuk osatzen dute.

Epaimahaia Sailaren Ekoetxea ingurumen-zentroen ordezkariek, Eusko Jaurlaritzako Natura Ingurunearen Zuzendaritzako arduradunek eta argazkilari profesionalek osatu dute.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)