Berriak Osasuna
Eu

Osakidetzak datorren abenduaren 31ra arte luzatu du gripearen aurkako txertaketa kanpainia Euskadin

2016.eko abenduak 22

Osakidetzak datorren abenduaren 31ra arte luzatu du gripearen aurkako txertaketa kanpainia Euskadin 

Epidemia-atalasea gainditu da, 78,76 kasu baitaude 100.000 biztanleko

Osasun Sailak txertoa hartu eta arazoak saihesteko deialdia errepikatu die arrisku handiko taldeei

 

Eusko jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak griparen aurkako txertaketa kanpainia datorren abenduaren 31ra arte luzatzea erabaki dute. Erabaki horren zioa da gripearen eraginak Euskadik izan duen gorakada esanguratsua: epidemia-atalasea gainditu da, 78,76 kasu baitaude 100.000 biztanleko.

Osasun Saileko eta Osakidetzako Zainketa Epidemiologikoko-Jagoletza Sarearen (sasoiko gripea zaintzeko urtero aktibatzen den sarea, hiru lurraldetako Osakidetzako Lehen Mailako Arreta zentrotan banatuta dauden Medikuntza Orokorreko 38 sendagilez eta 11 pediatraz osatua dago) txostenak tasen gorakada esanguratsua antzeman du adin-tarte gazteenen artean: 0- 4 urte arteko tarteek 189 eta 196 kasu dituzte, hurrenez hurren, 100.000 biztanleko.

Aipatu gorakada ikusita, arreta-jardunaren, eskaeraren eta baliabideen jarraipen zorrotzari ekingo dio Osakidetzak. Osasun Sailak gomendatu duenez, sintomak agertzen dituzten pertsonek beren familiako medikura edo etengabeko arretako gune (EAG) batera joan beharko dute. Konplikazio larriak dituztenek, ordea, ospitale-larrialdietara joan beharko lukete. 

Sasoia hasi zenetik gripearen ondorioz ospitaleratutako pertsonak 6 izan dira; lau, azken aste honetan, eta horietatik 3, Zainketa Intentsiboetako Unitatean ospitaleratu beharraz. Gaixoen batezbesteko adina 66 urtekoa da eta seietako lauk, hau da, bi herenak, gripearen ondorioz konplikazioak izateko arrisku-faktoreak agertzen zituzten edo 64 urtetik gora zuten.

  

DEIALDI BERRIA ARRISKU TALDEEI

Osasun Sailak eta Osakidetzak, horrenbestez, Osasun Sailburu Jon Darponek kanpainaren hasieran arrisku altuko taldeei egin zien deialdia errepikatu dute berriro: 65 urtetik gorako pertsonei, gaixotasun kronikoren bat duten pertsonei, haurdunei eta osasun arloko langileei.

Zentzu horretan, bere segurtasun eta eraginkortasuna dela eta gripearen aurka egiteko eta aipatuak pertsona zaurgarrienengan sor ditzakeen konplikazioak saihesteko erremintarik onena txertoa dela gogoratu dute. Izan ere, 2015-2016 sasoian, arrisku-faktoreak agertu eta konplikazioak izan zituzten 174 pertsonetako % 63ak ez zeukan gripearen aurkako txertoa jarrita. Aurreko pertsonetako % 38a Zainketa Intentsiboetako Unitatean ospitaleratua izan zen. Halaber, ospitaleratuta zeuden 22 gaixo zendu ziren eta horietako % 37ak ez zeukan txertoa jarrita, nahiz eta txertaketa kanpainiaren arrisku taldetakoak izan.

Gripearen aurkako txertaketa kanpainia honetarako 380.000 txerto erosi dira baina gehiago izan zitezkeen beharrezkoa balitz. Erosketa horrek 1.200.000 euroko gastu ekonomikoa suposatu du Osasun Saila eta Osakidetzarentzat.

65 urtetik gorakoek, gaixotasun kronikoren bat dutenek eta haurdunek beren ohiko Osasun Zentrora joan besterik ez dute, Osasun-txartelarekin. Halere, aldez aurretik telefonoz deitzea gomendatzen da. Osasun Zentroek eta Anbulatorioek ordutegi malgua dute, kanpainiaren beharretara egokitua.

 

OSAKIDETZAREN KONTINGENTZIA PLANA

Aurreko urtetan bezalaxe, Osasun Sailak eta Osakidetzak Arreta Sanitarioko Zuzendaritzaren baitan Batzorde berezi bat eratu dute, ESI eta kronikoen ospitale guztiez osatuta (hauexek baitira, bai lehen mailako arretako kontsulta zein larrialdi zerbitzuetan, bai ospitaleko larrialdietan nahiz oheen eskuragarritasunari dagokionean, egoeraren jarraipena egitearen ardura dutenak); baita arreta-eskaerari aurre egiteko baliabideak ezarriko ere.

Horrez gain, epidemiologia- eta arreta-jarraipen zehatz bat egiten da, ondoko lau ardatz estrategikoetan oinarritua: Gripea duten pertsonen kopuruaz ohartarazten duten profesionaleez osaturiko “Jagoletza Sarea”; erreferentziazko mikrobiologia laborategiak, anduiak eta diagnostikoak berresten dituztenak; ospitaleko informazio sistemak, larrien dauden gaixoen berri ematen dutenak; eta Osasun Saileko Osasun Publikoaren zuzendaritza, datu guztiak zehazki aztertzeaz arduratuko dena.

Aurreko kanpainian egin bezala, ekimen ezberdinak gauzatu dira aurten ere, gripearen aurkako txertaketa kanpainiari buruzko informazioa biztanleria osoan zehar heda zedin. Ondoko ekimenak, besteak beste: Aholkularitza sanitarioa sendotzea lehen mailako arretan eta ospitaletan; gutun eta telefono bidezko informazioa Beti On telelaguntzako sistemaren bidez; kanpainiaren irudia eta claim-a sartzea alta-txosten, hitzordu-dokumentu, zentroetako informazio-monitore eta posta elektronikoetako behealdean; eta txertoa zeintzuk, noiz eta non hartu behar duten agertzeko mezuak sartzea osasun zentroetara eta anbulatorioetara eginiko telefono-deien itxarote-moduan.

 

 

BIZTANLEENTZAKO GOMENDIOAK

Gripea gaixotasun birikoa denez, ez da egokia antibiotikoak hartzea. Antibiotikoek ez dute inolako eraginkortasunik birusen aurrean. Oso kasu berezietan hartuko ditugu, eta medikuak agindu badigu soilik.

Gogaikarria baina osasuntsu dauden pertsonentzat onbera den gaixotasun honek ez du tratamendu berezirik. Gomendio nagusiak dira atseden hartzea eta likido ugari eta antitermikoak hartzea sukarra eteteko. Sukarrak alde egiten ez badu, medikuarengana joan beharko dugu.

Transmisio eta kutsatze indize handia duenez, garrantzitsua da prebentzio-neurri higienikoak hartzea ere: eztula edo doministiku egitean babestea, eskuak maiz garbitzea eta erabili ostean botatzeko moduko mukizapiak erabiltzea.

 

Gasteiz, 2016ko abenduaren 22a

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko