Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza
Eu

Pilar Unzaluk berretsi du euskal mahastizaintza eta ardogintza arloaren aldeko bultzada; izan ere, sektoreak bi urteotan 66.000.000 euroko inbertsioak izan ditu

2010.eko urriak 22

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburu Pilar Unzaluk gaur adierazi du azken bi urteotan EAEko mahastizaintza eta ardogintza arloan egin diren inbertsioak 66.000.000 eurokoak izan direla, Eusko Jaurlaritzaren ekarpena 19.000.000 eurokoa izan dela, eta onuradunak 1.174 enpresa izan direla guztira.  Halaber, sektorea sustatzen jarraitzeko asmoa adierazi du, merkatuetan ahalik eta ondoen koka dadin.

Pilar Unzaluk datu horiek azaldu ditu Eusko Legebiltzarrean Mª del Carmen López de Ocáriz legebiltzarkideari erantzuteko, zeinek Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuari galdetu dio Errioxa jatorri deituraren kontseilu arautzailearekiko hitzarmena berretsiko den, ze hitzarmen horren arabera, deitura horrek babestutako atarramentuaren %10 murriztuko du.

Esangura horretan, sailburuak berriz esan du Eusko Jaurlaritzak Ardoaren Interprofesionalean eta Errioxa jatorri deituraren kontseilu arautzailearen osoko bilkuran hartutako erabakia errespetatzen duela, berorrekin ados egon ez arren.

"Errespetua, sektoreak erabaki bat hartzen duenean bere erabakimen organo bien gehiengoz (% 82), 2010-2011 kanpainarako arauak aldatzeko, instituzioen ikuspegitik, erabakia onartu behar delako.  Eta arbuioa, gure aburuz, ez direlako beste alternatiba batzuk kontuan hartu eta hartutako erabakia oso kaltegarria delako mahastizain txikientzat", azaldu duenez sailburuak.

Eusko Jaurlaritzak irizpide hori berori jakinarazi zion uztailean Ingurumena, Landa-ingurunea eta Itsasoko ingurunearen Ministerioari idazki baten bidez, non hitzez hitz azaltzen zen ados egon ez arren erabakia errespetatu eta onartzen zela "ze Errioxa jatorri deiturako upategi eta mahastizainentzat kaltegarria da, euren ardoen salneurria merkatuko baita; horrez gain, Arabako Errioxako ekoizpen azpizona da soberakinei eta kalitateari ondoen eusten diena".

Sailburuak azpimarratu du sailak ardoaren sektorea sustatzen duela, alegia: sektoreko agenteekiko aldizkako bilerak egiten ditu, egoera aztertzeko eta hobetzeko aukerak hitzartzeko; elkarte edo elkargo profesionalen funtzionamendurako laguntza eskaintzen du; edo sustapen kanpainak, azokak edo atzerrirako bidaiak bulkatzen ditu.

Pilar Unzaluk, gainera, azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak parte hartzen duela inbertsioa bultzatzeko programetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Arrantza Prezioen Behatokia sortzea bultzatu du salneurrien gorabeheren zioak aztertzeko; edo Mahastizaintza eta Ardogintzaren Sektorearen Plan Estrategikoa landu du, sektorearen egoera aztertzeko eta etorkizunerako ekintzak proposatzeko.

"Neurri horiek guztiak direla eta, azken bi urteotan, inbertsioa 66.000.000 eurokoa izan da, Eusko Jaurlaritzak 19.000.000 euro jarri du eta onuradunak 1.174 enpresa izan dira", esan du sailburuak. Horrezaz gain, sailburuak gehitu du prestutasun osoa duela sektorea bultzatzen jarraitzeko, jarduerak eta baliabideak eskainiz "sektorea merkatu guztietan ahalik eta egoera onenean egon dadin".

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Pilar Unzalu
    Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua (IX legealdia)
Beste gonbidatu batzuk
  • Pilar Unzalu