Eu

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak “Kirol txartela” programaren proiektu pilotua abiarazi dute

2016.eko abenduak 22

Sakelako telefonoaren bitartez eskura daiteke “Kirol txartela”; haren bidez, Bizkaiko udalerri bateko kirol zerbitzu bateko abonatuei aukera emango zaie programa atxikita dauden udalerrietako kirol instalazioak erabiltzeko. Bizkaiko sei herritan egingo da proba pilotu hau, eta asmoa da Euskal Autonomia Erkidego osora zabaltzea. Urtarrilean, sei udalerri hauetan egingo da proba pilotua: Santurtzi, Portugalete, Ortuella, Trapagaran, Zierbena eta Abanto-Zierbena.

Lorea Bilbao Euskara eta Kulturako diputatuak eta Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendariak "Kirol txartela" aurkeztu dute. Txartel birtual bat da; haren bidez, Bizkaiko udalerri bateko kirol zerbitzu bateko abonatuei aukera emango zaie programa atxikita dauden udalerrietako kirol instalazioak erabiltzeko.

Lehenengo fasean (2017ko urtarrila-ekaina), "Kirol txartela" ekimenaren programa pilotua egingo da Ezkerraldeko sei herritan. Behin lehenengo fasearen emaitzak aztertu ondoren, aztertuko da ea Bizkai osora eta gero Euskal Autonomia Erkidego osora zabaltzen den.

Hona hemen proiektuan parte hartuko duten udalerriak: Santurtzi, Portugalete, Ortuella, Trapagaran, Zierbena, eta Abanto-Zierbena. Herri horietan 130.000 biztanle inguruk izango dute aukera proiektu pilotu honetan parte hartzeko.

Momentuz, aplikazioa deskargatzen duten pertsonek aukera izango dute hamazazpi instalazio erabiltzeko eta 221 jardueraren artean aukeratzeko. "Kirol txartela" erabiltzeko, ezinbestekoa da ekimenari atxikitako kiroldegiren batean abonatuta egitea; era horretan, Kirol Txartela programari atxikitzen direnak proiektuaren barruko kirol instalazio guztietako abonatu bihurtuko dira.

Lorea Bilbao diputatuaren esanetan, «ekimen honen bidez, baliabide publikoen kudeaketa hobetu nahi da, eta herritarrei kirol eskaintza handiago bat eskaini». «Helburu nagusia da instalazioen erabilera optimizatzea eta herritarrak animatzea kirola egin dezaten».

Sakelako telefonoaren bitartez eskuratu ahal izango da "Kirol txartela", eta deskargatzeko ohiko plataformetan egongo da (iPhone eta Android), euskaraz eta gaztelaniaz.

Erabiltzeko modua
Txartel birtual hau erabiltzeko, erabiltzaileak "Kirol txartela" aplikazioa instalatu beharko du gailu mugikorrean. Ondoren, erregistratu egin beharko da; horretarako, bere datu pertsonalak eman beharko ditu, eta adierazi beharko du zein erakundetako bazkidea edo abonatua den. Urrats hori eman eta erakunde horretako bazkidea edo abonatua dela egiaztatu ondoren, jakinarazpen bat jasoko du. Kirol instalaziora iristean, erabiltzaileek txartel digitala eta NANa aurkeztu beharko dituzte sarreran.

Esteka honetan dago proiektuari buruzko informazio guztia: www.kiroltxartela.eus

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Euskara eta Kulturako diputatu Lorea Bilbao