Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak hitzeman du “akordioan eta elkarlanean” oinarritutako kultura politikoa aldezten jarraituko duela

2016.eko abenduak 22

Urkullu lehendakaria izan da gaur Lehendakaritzan egindako Gabonetako ohiko harrera-ekitaldiaren buru, eta euskal gizartearen ordezkaritza zabala izan da bertan

Urkullu lehendakaria izan da gaur Lehendakaritzan egindako Gabonetako ohiko harrera-ekitaldiaren buru, eta euskal gizartearen ordezkaritza zabala izan da bertan. Lehendakariak nabarmendu du egonkortasun instituzionala eta akordioa izango direla, orain arte bezala, abiatu berria den legealdi honetako lehentasunak, Eusko Jaurlaritzaren erronka nagusiak hazkunde ekonomikoa  eta enplegua sortzea izanik.  “Euskadik elkarrizketaren, akordioaren eta elkarlanaren bidetik egin du aurrera, eta aurrerantzean ere horixe izango da gure herriaren kultura politikoa”, ziurtatu du.

Lehendakaritzan egin den ekitaldira, Eusko Jaurlaritzako sailburuez gainera, euskal erakundeetako, alderdi politikoetako, enpresa-erakundeetako eta sindikatuetako ordezkariak, ekonomiaren eta gizartearen arloko eragileak eta, besteak beste, kulturaren, unibertsitatearen, kirolaren eta hedabideen munduko hainbat pertsona gonbidatu dira.

Lehendakariak “errealismoa, egia eta lana” agindu ditu aldi berri honetarako, eta “elkarrizketan, akordioan eta elkarlanean” oinarritutako kultura politikoarekin jarraitzearen alde agertu da. Urkulluk Eusko Jaurlaritzaren lehentasunezko lerroak aurreratu ditu, eta esan du helburu izango dutela hazkunde ekonomikoa bultzatzea eta enplegua sortzea, langabezia-tasa % 10etik beherakoa izatea lortuz. Era berean, elkarlanean jarraitzeko premia planteatu du hezkuntzaren, demografiaren eta berrikuntzaren arloko erronkei erantzuna eman eta herri “proiektu partekatu” bat izateko.

Legealdi hau, gainera, “trantsizio berri” baten hasiera da lehendakariaren ustez, eta esan du Espainiako Gobernuarekiko harremana onbideratu behar dela ”konfiantzan” oinarrituta eta etorkizuna helburu dela. “Egonkortasunaren, negoziazioaren eta estatu-politikaren garaia da”, erantsi du. “Autoexijentzia” indibiduala eta kolektiboa ere eskatu ditu herri gisa aurrera egiten jarraitzeko, oso argi izanda autokonplazentzia inoiz ez dela izan aukera bat, eta “gainbehera” baino ez dakarrela. “Egungo exijentzia etorkizuneko bikaintasuna da”, erantsi du. 

Bestalde, Urkulluk hitz batzuk eskaini dizkio Europak nazioarteko terrorismoaren astindupean bizi duen une nahasiari, eta errefuxiatuek bizi duten dramaz gogoratuz “babesa” eta “elkartasuna” eskatu ditu haientzat. Lehendakariak berretsi du Europak segurtasun-politika bateratua behar duela. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak