Berriak Osasuna

Biodonostia beste bost urtez izango da osasun-ikerketako onenen artean

2016-12-21

 

  • Carlos III.a Osasun Institutuak osasun-ikerketako institutuen ziurtagiria eman dio berriz ere zentro gipuzkoarrari.
  • Biodonostiak 389 ikertzaile ditu, eta jarduera gorantz doa: finantzatutako proiektuetan 114tik 323ra, eta jatorrizko argitalpenetan 746tik 1.928ra.
  • Egiaztagiria babes handia da Biodonostiarentzat eta Eusko Jaurlaritzaren 2020 Osasun arloko Ikerketa eta Berrikuntza Estrategiarentzat.

 

Biodonostia beste bost urtez izango da Estatuko osasun-ikerketako institutuen elitean. Osakidetzako Ikerketa-zentroak Donostialdeko ESIa du ardatz, eta Euskadin ziurtagiri hori lortzen zuen osasun-ikerketako lehen institutua izan zen, 2011ko urrian. Azken hilabeteotan, Carlos III.a Osasun Institutuak (ISCIII) ebaluatu egin ditu Biodonostiak azken 5 urteotan egin dituen ikerketa- eta berrikuntza-lanak eta ondorioztatu du zentro horrek Espainian ziurtagiria duen Osasun Institutuen artean egoten jarraitu behar duela. Horrela, bigarren azterketa gainditzen duen hamabigarren zentroa da.

Osasun Ikerketaren Institutuen egiteko nagusia kalitate handieneko translazio-ikerketa egitea da, oinarrizko ikerketaren, ikerketa klinikoaren, epidemiologikoaren eta osasun publikokoaren emaitzak Osasun Sisteman, gaixoengan eta, oro har, gizartean aplikatuz. Laburbilduz, helburua da biomedikuntzako ikerketaren ondorioz sortutako ezagutzaren emaitzak gaixotasunak prebenitu eta tratamendua emateko eta herritarren osasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko erabiltzea.

Biodonostiak alde handiz lortu ditu helburu horiek, eta Institutuak bost urte hauetan goranzko bilakaera oso egokia izan du, ISCIIIk egiaztatu duenez: produktibitate zientifikoaren adierazle nagusiak hobetu egin dira (281 ikerlari izatetik 389 izatera pasa da, finantzatutako 114 proiektu izatetik 323 izatera eta 746 publikazio originaletik 1.928ra, besteak beste). Horretaz gain, Institutuak «lortu du baterako ikerketa-forma bat egituratzea Biodonostia institutuko eta Donostialdeko ESIko profesionalen artean; eta lankidetzarako espazioa eta giroa sortu du oinarrizko ikerketaren, ikerketa klinikoaren era lan asistentzialaren artean, jakin-minez beteta dagoen eta berrikuntzara bideratzen den giza talde gazte eta kohesionatu batekin», auditoretza-txostenean hitzen hitz jasota dagoen moduan.

Biodonostiak lortu du Gipuzkoako lurralde historikoan Osakidetzaren esparruan egiten den osasun-ikerketa sustatzea, eta alor horretako ikerketa eta berrikuntzaren erreferentzia-zentro bihurtu da. Ziurtagiria berrituta, zentroak mundu mailako puntako ikerketako deialdi eta proiektuetan parte hartzeko aukera izango du. Horretaz gain, bultzada handia jaso dute Biodonostiak, egiten ari den lanarengatik, eta Eusko Jaurlaritzak, osasun arloan ikerketan eta berrikuntzan aurrerapausoak emateko eta herritarren osasuna hobetzeko duen estrategiarengatik.

Ziurtagiri berri honekin, Biodonostiak etapa berri bati ematen dio hasiera, plan estrategikoaren barruan. Horren oinarria zahartzearen azterketa, zehaztasuneko medikuntza eta Donostialdeko ESIko berrikuntzaren sustapena izango dira.

Iruzkin bat
  • @gananzia
    2016-12-22

    Comentario de Twitter:
    Biodonostia continuará 5 años más en la élite de la investigación sanitaria https://t.co/b0x6cdaBBk

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko