Berriak Segurtasuna
Eu

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak Ertzaintzaren 26. promozioaren prestakuntza-ikastaroa 2017ko lehen seihilekoan abian jartzea hartzen du aintzat

2016.eko abenduak 21

Rajoyren Gobernuak Ertzaintzaren promozioen aurka planteatutako errekurtsoetarako soluzioa aurkitu zain

Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritza Batzordeak, Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburua buru duela, gaur onartu du 2017ko jardueren urteko plana. Urteko plan horretan aintzat hartzen da 2017ko lehen seihilekoan hasiera ematea Ertzaintzaren 26. promozioko 250 ertzainen sarrera- eta prestakuntza-ikastaroari.

Prestakuntzaren hasiera eta, aurrez, hautespen-azterketak baldintzatuta daude. Rajoyren Gobernuak Ertzaintzaren promozioen aurka jarritako errekurtsoetarako soluzioa aurkitu beharko da. Nolanahi ere, promozio horiek behar-beharrezkoak dira  Euskal Autonomia Erkidegoan segurtasun-zerbitzuak egiten dituen kolektiboaren berrikuntza antolatua eta planifikatua egiteko.

2017. urtean, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak ikastaro ugari egingo du segurtasun publikoko euskal sistema osatzen duten erakunde guztiei erantzuteko. Guztira 237 ikastaro antolatu dira, eta 17.000 matrikulazio baino gehiago kalkulatu da.

Arkauteko Akademian Ertzaintzaren, udaltzaingoen eta suteak itzaltzeko zerbitzuen kategoria eta eskala guztietarako prestakuntza-ikastaroak eskainiko dira, eta hori izango da, hain zuzen ere, aurtengo berritasuna.

Ertzaintzaren kasu zehatzean, 100 ikastaro eskainiko dira, eta horietan 13.000 plaza kalkulatu da. 26. promozioaren prestakuntza-ikastaroaz gain, aurreikusi da 2017ko otsailean agente lehen izateko prestakuntzari hasiera ematea (243). Horrez gain, ofizialorde (160) eta ofizial (118) postuetara igotzeko prestakuntzak eta ikerketa kriminaleko espezialitateko (250) prestakuntzak eskainiko dira.

Ertzaintzaren kasuan, horren guztiaren ondorioz Akademiako langileek egin beharko dute: deialdia, hautespen-prozesua, ikastaroen garapena, jarreren-jarraipena eta praktikaldia.         

Bestalde, Akademiak 48 ikastaro antolatu ditu udaltzainentzat, eta ikastaro horietarako 2.377 plaza kalkulatu da. Kronograman barnean hartzen dira hainbat udalerritako premiak estaltzeko deitutako 143 plazetakoren bat lortu duten agenteak prestatzeko ikastaroak. Era berean, polizia kolektibo horretarako agente lehen, ofizialorde eta ofizial postuetarako prestatzeko ikastaroak egingo dira.

2017an, lehen aldiz ireki zaio Arkauteko Akademiaren atea Euskal Autonomia Erkidegoko aguazilen kolektiboari. Horiei 13 ikastaro eskaini zaizkie 135 plazarekin.

Suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuei dagokienez, eskaintza 2.000 plazakoa da, 55 ikastarotan  banatuta. Ertzaintzaren eta udaltzaingoen kasuan bezalaxe, hainbat kategoria hartuko da aintzat, eta suhiltzaileei/gidariei (125), kaboei, sarjentuei, ofizialordeei, inspektoreordeei eta inspektoreei zuzendutako ikastaroak egingo dira.

2017ko ikasturterako programazioan aintzat hartu dira, halaber, Larrialdiei Aurre Egiteko Zuzendaritzaren eskariak eta Euskadiko Babes Zibileko boluntarioak. Kolektibo horretarako 17 ikastaro egingo dira, eta 227 plaza kalkulatu da.

Prestakuntza emateaz arduratuko diren langileen konpetentziak hobetzeko eta euskal segurtasun-sistemako hainbat erakundetako espezialistak prozesuetan txertatzeko, Akademiak hezitzaileen prestakuntzaren aldeko apustua egin du, eta, hartara, euskal segurtasun-sistemako espezialistak txertatuko ditu Ertzaintzako eta udaltzaingoetako agente lehenen, ofizialordeen eta ofizialen prestakuntzan. Basoko suteen agindu eta kontrolerako prestakuntza ere hartuko du kontuan.

Parez Pare jardunaldien laugarren edizioa

Duela lau urte, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak prestakuntza-zentroa gizartera irekitzearen aldeko apustua egin zuen, eta, horretarako, polizia-gaietan oinarritutako lehen Parez Pare jardunaldiak antolatu zituen. Ondoren, euskal segurtasun publikoaren sisteman eragina duten alderdi guztietara zabaldu ziren jardunaldiak. Urte hauetan, gutxi gorabehera 4.000 pertsonak parte hartu du prestakuntza-saioetan. 2017rako hiru arlotako zortzi saio programatu da. Hiru arlo hauetako saioak dira: giza eskubideak; koordinazioa eta kudeaketa; eta laneko arriskuak.

Giza eskubideen alorrean, gai hauek jorratuko dira: otsailaren 9an, ‘Kulturartekotasunarekin lotzen diren esku-hartze kriminologikoen arloak: ezkontza behartuak, mutilazio genitala eta adingabekoen salmenta’; martxoaren  9an, ‘Atzerritarren lan-esplotazioa: arau-hauste sozialetik langileen eskubideen kontrako delituetara’; ekainaren 8an, ‘Etxerik gabeko pertsonak eta muturreko gizarte-bazterketako egoeran dauden pertsonak, polizia-laguntzaren  ikuspegitik’; eta, urriaren 19an, ‘Prostituzioaren  fenomenoa Euskal Autonomia Erkidegoan’.

Koordinazioaren eta kudeaketaren arloan jardunaldi hauek programatu dira: apirilaren 6an, ‘Tokiko, Estatuko eta nazioarteko polizia-lankidetza, segurtasunaren arloko erronka berrien aurrean’, eta, irailaren 21ean, ‘Kudeaketa eta koordinazioa larrialdietan eta egoera kritikoan’.

Azkenik, laneko arriskuen arloan, gai hauek aztertuko dira: maiatzaren 11n, ‘Laneko arriskuen prebentzioa, eta Segurtasun eta Larrialdi Zerbitzuetan duen aplikazioa’; eta, azaroaren 23an, ‘Laneko istripuak eta ezbeharrak Euskal Autonomia Erkidegoan, segurtasunaren eta larrialdien ikuspegitik’.

6 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @AJEPLE_EUBE
    2016.eko abenduak 21

    Comentario de Twitter:
    RT @udaltzaingoak: Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritza Batzordea.
    https://t.co/uetKtjP7fM https://t.co/Nxd

  • @AJEPLE_EUBE
    2016.eko abenduak 21

    Comentario de Twitter:
    RT @udaltzaingoak: Reunión del Consejo Rector de la Academia Vasca de Policía y Emergencias.
    https://t.co/C3YuY98jmv https://t.co/B5Q4LnLRnC

  • @rgartzia
    2016.eko abenduak 21

    Comentario de Twitter:
    RT @udaltzaingoak: Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritza Batzordea.
    https://t.co/uetKtjP7fM https://t.co/Nxd

  • @rgartzia
    2016.eko abenduak 21

    Comentario de Twitter:
    RT @udaltzaingoak: Reunión del Consejo Rector de la Academia Vasca de Policía y Emergencias.
    https://t.co/C3YuY98jmv https://t.co/B5Q4LnLRnC

  • @udaltzaingoak
    2016.eko abenduak 21

    Comentario de Twitter:
    Reunión del Consejo Rector de la Academia Vasca de Policía y Emergencias.
    https://t.co/C3YuY98jmv https://t.co/B5Q4LnLRnC

  • @udaltzaingoak
    2016.eko abenduak 21

    Comentario de Twitter:
    Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritza Batzordea.
    https://t.co/uetKtjP7fM https://t.co/NxdGdI5UsD

Komunikabideek behera kargatzeko