Eu

Eusko Jaurlaritzak 2017ko ekitaldirako Euskadiko Aurrekontu Orokorrak egiteko jarraibide ekonomikoak onartu ditu (Gobernu Bilera 2016-12-20)

2016.eko abenduak 20

Gobernu Kontseiluak gaur onartu ditu 2017. urterako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak egiteko jarraibide ekonomikoak.

2017ko aurrekontu-proiektua egiteko jarraibide ekonomikoak lau ataletan egituratzen dira. Lehenbiziko atalak Jaurlaritzaren ekintza zer testuingurutan garatzen den aztertzen du, 2017ko politikak eta aurrekontuak baldintzatuko baititu horrek. Atal horren barruan, Euskadik 2016an eta 2017an izango duen testuinguru makroekonomikoa zehazten da, eta aurrekontu-egonkortasun markoaren inplikazioak jorratzen dira. Hirugarren atala da luzeena, eta bertan gobernu ekintzaren helburu estrategikoak jasotzen dira, jarduera eremuz eremu aztertuta.  Azkenik, 2017ko kontuak egiteko aurrekontu-irizpideak zehazten dira.

1.- Euskadiko agertoki makroekonomikoa 2016-2017 aldirako  

Aurreikuspenen arabera mundu mailako hazkunde ekonomikoa 2016koaren antzekoa edo apur bat handixeagoa izango da 2017an. Orokorrean, aurreikus daiteke herrialde garatuen hazkundea egonkorra izango dela, baina apala, eta gorabidean diren herrialdeetako batzuen bultzada dezeleratu egingo dela.

Euroguneari dagokionez, aurreikuspenek onera egin dute apur bat, nahiz eta pentsatzen den hazkunde-erritmoa apal samarra izango dela oraindik ere, % 1,7 ingurukoa, alegia, bizkar-haizeak (petrolioaren prezio baxuak, politika monetario irekia eta euro ahula) hazkundearentzat lagungarriak diren arren.

Arlo honetan hainbat zalantzek bere horretan jarraitzen dute, batez ere, errefuxiatuen krisiak, BCEren politika hedakorrak ekarri dituen interes-tipo negatiboek, herstura-politikak eta Erresuma Batuak Europar Batasuna utzi izanak eraginda.  

FMIren esanetan, Espainian 2016an BPGren hazkundea % 3,1ekoa izango da, Europar Batasunekoa baino nabarmen handiagoa. Hala ere, aurreikusten du dinamismo sendo hori geldotzen joango dela datorren urtean (% 2,2), Europarentzat oraindik ere onuragarriak diren hainbat egoera desagertu ahala.

Nazioarteko testuinguru horrek hazkunde bareko agertoki makroekonomiko batera darama euskal ekonomia. Une hauetan aurreikusten da BPG 2016an % 3,0 haziko dela eta 2017an % 2,3. Enplegua, berriz, 2016an % 1,8 haztea aurreikusten da, eta 2017an % 1,7 (lanaldi osoko lanpostuen urteko batez bestekotan neurtuta). Langabezia-tasa pixkana jaisten ari da, 2016ko 13,3tik 2017ko 12,3ra, batez beste.

2.- Aurrekontu-egonkortasunaren esparrua, eta 2017ko aurrekonturako inplikazioak 

2017ko aurrekontuek bat etorri behar dute deskribatutako agertoki ekonomikoarekin, eta, aldi berean, Eusko Jaurlaritzaren bi helburu hauei erantzun behar diete: pertsonen oinarrizko beharrak asetzea eta hazten jarraitzeko eta enplegua sortzeko akuilu izatea.

Dena den, aurrekontu-egonkortasuna bermatzeko Europako erregulazio esparruak administrazio guztien aurrekontuak baldintzatzen ditu. Euskadiren kasuan, indarrean dagoen akordioak BPGren % 0,6ko defizit helburua ezartzen du 2017rako, % 0,3koa 2018rako eta % 0koa 2019rako, Madrilgo Gobernuarekin itundutakoaren arabera.

3.- Jaurlaritzaren estrategia eta jarduteko helburuak 

2017ko aurrekontuei gehitutako ekintzek lerrokaturik egon beharko dute gobernuaren lehentasun bikoitzarekin, hau da, hazkundearen eta enplegua sortzearen sustatzaile lanak egitearekin eta pertsonen oinarrizko beharrak asetzearen bermatzaile izatearekin, eta printzipio hori utziezina da.

3.1. Hazkundea eta enplegua sortzea bultzatzera bideratutako ekintzak 

Lehiakortasuna da hazkunderako eta enplegua sortzeko oinarririk sendoena, gure lehentasun nagusia. Hori dela eta, 2017ko aurrekontuek euskal ekonomiaren lehiakortasuna sustatzeko indarrean dauden estrategiak eta ezarriko diren berriak sostengatuko dituzte.

Lehiakortasunaren oinarrietako bat nazioartekotzea da. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak jarraitu egingo du 2020rako Nazioartekotzeko Esparru Estrategia (Basque Country Estrategia) babesten, izaera integrala duena eta Euskadiko hainbat sektoreren interesak jasotzen dituena. Alde horretatik, kontuan izan behar da enpresen nazioartekotzeari aparteko tokia eman zaiola, baina, besteak beste, hezkuntzak, osasungintzak, kulturak eta ingurumenak ere lekua duten ikuspegi sistemiko baten baitan.

Lehiakortasunaren beste oinarrietako bat berrikuntza da. Hori dela eta, Jaurlaritzak jarraitu egingo du Euskadi 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean zehaztutako berrikuntza-estrategia bultzatzen.  

Industriak toki gailena du egiturazko lehiakortasun-politiketan. Industria sektorea bideratzeko bi planak (2014-2016 aldirako Enpresen Nazioartekotze Plana eta 2014-2016 aldirako Industrializazio Plana) ezartzeko epea amaitu da, baina Jaurlaritzak jarraitu egingo du plan horietako printzipioak eta jarraibideak ezartzen 2017-2020 aldirako plan horien ordezkoak edo plan eguneratuak onartzen diren bitartean.

Industriarekin batera beste jarduera sektore batzuk ere sustatuko dira, adibidez merkataritza, ostalaritza, turismoa eta lehen sektorea, lurraldea egituratzeko eta kalitatezko elikagaiak hornitzeko sektorea den aldetik.

Jarduera Ekintzailea Babesteko Erakunde arteko Planak ekintzaileei laguntzeko tresnak sistematizatu ditu 2013-2016 aldian. Horren ordez ezarriko den edo hori eguneratuko duen plan berriak jarraitu egingo du ekintzaileei erantzun eta laguntza integrala eskaintzen, eta Ekintzaileei Laguntzeko Euskal Legean jasotako laguntza-tresnak garatuko ditu.

Ekoizpen-sektoreari laguntzeko beste jarduera batzuen artean honako hau ere nabarmendu behar da: trakzio enpresen eta enpresa hornitzaileen arteko lankidetza sustatzea gorabidean diren sektoreetan, sektore jasangarrietan eta Euskadirentzat interesekoak diren sektoreetan enpresa berriak sortzea sustatzeko  nahiz enpresok dinamizatzeko merkatu eta produktu berrietara sarbidea izan dezaten.

Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak jarraitu egingo du enpresa-ehunari laguntzeko finantza-neurriak diseinatzen enplegua sortuko duten inbertsio proiektuetarako, zirkulagarrirako, kanpo merkataritza finantzatzeko eta egoera zailean dauden enpresa bideragarriak berregituratzeko, eta, horretarako, elkarlan inguruneak diseinatzen lagunduko die erakundeei eta langileen partaidetza bultzatuko du.

2020rako Enpleguaren Euskal Estrategiaren esparruan, 2017ko aurrekontuek arreta berezia eskainiko diete gazteei eta gizartean aukera gutxien duten kolektiboei lan-merkatuan sartzen lagunduko dieten politika publikoei, bai eta lana eta familia uztartzea errazten duten neurriei ere, horiexek izanik Eusko Jaurlaritzaren 2017ko jarduera zehaztean kontuan hartutako alderdietako batzuk.

3.2. Gizarte-babeseko euskal ereduari laguntzera bideratutako ekintzak 

Osasuna da gizarte-babeseko ereduaren oinarri nagusietako bat. Egungo Gobernuaren politika eta jarduera guztien ardatz nagusia pertsonak direla kontuan hartuta jarri zen abian 2013-2020 aldirako Osasun Plana. Planaren xedea da osasuna politika publiko guztietara eramatea, izan ere, sail arteko, erakunde arteko eta sektore arteko izaera du osasunak. 2017ko aurrekontuek plan horretan ezarritako jardunbide eta lehentasunak jarraituko dituzte. Garrantzizkoa da osasun-gaietan eta pazientea ahalduntzean ibilbide luzeko lan pedagogikoa egiten jarraitzea, herritarrekin 24 orduz harremanetan egoteko komunikazio-bideen bitartez.

Hezkuntza da gizarte-babeseko euskal ereduaren bigarren funtsezko oinarria.  2017ko aurrekontuek, beraz, 2015-2020 aldirako EAEko Hezkuntza Sistema Hobetzeko Plana  sostengatuko dute, bai eta, besteak beste, lanbide heziketa, unibertsitatea, hizkuntza politika eta kulturaren sustapena bezalako arloetan hezkuntza estrategiak garatzea ere. Hizkuntza-politikaren arloan Eusko Jaurlaritzak jarraitu egingo du euskarari dagokion dimentsio ekonomikoa eta soziala ematen.

Gizarte-zerbitzuak dira gizarte-babeseko euskal ereduaren funtsezko hirugarren oinarria. Hori horrela, gizarte laguntzei eustea aurreikusten dute 2017ko aurrekontuek, bai diru-sarrerak bermatzeko sistemaren esparruan, bai gizarteratzearen esparruan, bai familiei laguntzeko esparruan. Euskadik mantendu egingo du berdintasunezko gizartearen profila, pobreziari eta ezberdintasunei buruzko adierazleei Europar Batasunekoen azpitik eutsiz.

Biztanleria zahartzen ari da, eta kezkagarria da benetan, eta Eusko Jaurlaritzak haurrak eta familiak babesteko Herrialde Itun bat garatuko du. Halako estrategien aldeko apustu irmoa egin duten herrialdeak bakarrik izan dira jaiotza-tasaren krisiari aurre egiteko eta biztanleriaren piramidea zuzentzeko gai.

4.- Aurrekontu irizpideak 

Sarrera korronteak kalkulatzeko aintzat hartuko dira Foru Aldundien ekarpenak, aurreikusitako diru-bilketaren arabera Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluan  erabakitakoak.

Funtzionarioen ordainsariak 2017rako Euskadiko Aurrekontu Orokorren Legean ezarritakoak izango dira.

Funtzionamendu gastuek finantzatuko dituzte funtsezko zerbitzu publikoak.

Inbertsio-gastuei dagokienez, zehaztuko da zer kreditu behar diren aurreko ekitaldietatik eratorritako betebeharrekin jarraitu ahal izateko, eta hazkundearen akuilu direnak eta enplegua sortzea bultzatuko dutenak lehenetsiko dira.

Ez da aurreikusten organismo autonomo, zuzenbide pribatuko erakunde publiko, sozietate publiko, fundazio eta partzuergo berririk sortzea. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko