Eu

Erkoreka: "Gaur gaurkoz ezin dezakegu baieztatu Espainiako Gobernuaren jarrera aldaketa emaitza konkretuetan gauzatzen ari denik”

2016.eko abenduak 21

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari elkarrizketa egin diote Euskadi Irratian

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak ziurtatu du oraingoz ezin izan dutela egiaztatu Rajoyren Exekutiboaren jarrera-aldaketak egintza zehatzik ekarriko duen berekin. “Nabarmenegia da gehiengo absolutuaren babesean ibili direla orain arte”, ziurtatu du gaur goizean Euskadi Irratiko Boulevard programan egin dioten elkarrizketan. Bertan gaurkotasuna duten beste gai batzuei buruz ere hitz egin du, besteak beste, Luhuson atxilotutako pertsonak aske utzi izanari buruz.

Erkorekari Bitariko Lankidetza Batzordeak atzo egindako bileraz galdetu diote. Bilera horretan Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza akordio batera iristen ahalegindu ziren Eusko Legebiltzarrak onartutako lau legeren aurka jarritako helegiteak ken daitezen. Euskal Exekutiboaren bozeramaileak ziurtatu du, negoziazioa oraindik martxan dagoen arren, oraindik ez duela berekin egintza zehatzik ekarri Mariano Rajoyren kabinetearengandik espero den jarrera-aldaketak. “Nabarmenegia da gehiengo absolutuaren babesean ibili direla orain arte eta ez dutela malgutasunerako eta akordioetara iristeko joerarik izan”, berretsi du bozeramaileak, eta elkar ulertzeko denbora oraindik badagoela azaldu du.  

Alde horretatik, Erkorekak azpimarratu du benetan garrantzi handikoa dela Euskadiren eta Estatuaren arteko gatazkak konpontzeko akordioetara iristea Auzitegi Konstituzionala ospea galtzen ari dela ikusita. “Euskadirentzat hipotesirik okerrena gatazken ebazpenaren kontu KAk hartzea da”, erantsi du Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak, eta “erreforma onbideratzailearen” alde agertu da, “organo honek inpartzialtasuna eta ospea lortzen” laguntzeko. 

Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea, bestalde, pozik agertu da joan den ostiralean Luhuson egindako operazioan atxilotu zituzten pertsonak aske utzi dituztelako. Bere ustez “albiste positiboa" da euskal gizarteak orokorrean hautematea atxilotutako pertsonek ez zutela delitua egiteko asmorik, armagabetze-prozesuan lagundu nahi zutela, epailearen lehenengo ikerketek adierazi dutenez. Alde horretatik, Erkorekak gogoratu du mahai gainean jarraitzen duela Eusko Jaurlaritzak 2014ko abenduan ETAren amaiera ordenatua lortzeko aurkeztutako armagabetze-proposamenak. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
  • Josu Erkoreka Gervasio
    Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua eta Gobernuaren bozeramailea (XI legealdia)