Elkarlan Sariak
Berriak Gobernantza Publikoa eta Autogobernua
qrcode

Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak 80 urte bete ditu

2016-12-19
  • COJUAE-“Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoa” sortzeko agindua Agirre Lehendakariaren lehen egintzetako bat izan zen: karguaren zina egin eta bi egunera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen.
  • Iñigo Urkullu Lehendakariak oroitzapena egiteko jardunaldia ireki du. Urkulluz gain, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburu eta Eusko Jaurlaritzako Bozeramaile Josu Erkorekak, erkidegoko aholku batzordetako dekano Juan Canok, COJUAEko lehen Presidente Enrique Lucasek eta erakundeko egungo presidente Sabino Torrek parte hartu dute.

Iñigo Urkullu Lehendakariak “Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoa”ren 80. urteurrena ospatzeko jardunaldia ireki du. COJUAE aholku organoaren sorrera Jose Antonio Agirre lehendakariak agindu zuen, 1936an karguaren zina egin eta ordu gutxira, eta erakundea funtsezkoa izan zen autogobernuaren garapenerako eta lehen Eusko Jaurlaritza horren eguneroko funtzionamendurako.

IVAP – Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak antolatua, COJUAEren sorreraren 80. urteurrena ospatzeko ekitaldia balio sinboliko handia duen Bilboko Carlton hotelean egin da, Jose Antonio Agirre Lehendakariaren lehen Eusko Jaurlaritzaren egoitza izan baitzen. Agintari publiko asko bertaratu dira lan- eta hausnarketa-jardun honen irekiera ekitaldira, non ondokoek parte hartu duten ere: Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburu eta Jaurlaritzako Bozeramaile Josu Erkoreka, Araubide Juridikoko Sailburuorde eta COJUAEko egungo Presidente Sabino Torre, bere presidenteorde Xabier Unanue, Almeriako Unibertsitateko Zuzenbide Konstituzionaleko Katedradun Juan Cano, COJUAEko lehen presidente eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko egungo kide Enrique Lucas eta IVAP - Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendari Maite Iruretagoiena.

EUSKADIKO AHOLKU BATZORDE JURIDIKOA

“Comisión Jurídica Asesora del Gobierno de Euzkadi” erakundea sortzeko agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren lehen zenbakian argitaratu zen, 1936ko urriaren 9an, Autonomia Estatutuaren testuarekin batera. 

Karguaren zina egin eta gero Jose Antonio Agirre Lehendakariak hartu zituen lehen erabakietako bat izan zen. Hauxek izan ziren hartu zituen lehen erabakiak: lehen Eusko Jaurlaritza horren sail ezberdinak eratzea, sailburuak izendatzea, Gobernu-programa aurkeztea, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria sortzea eta “Comisión Jurídica Asesora del Gobierno de Euzkadi” delakoaren sorrera agintzea.Honela, urte bereko urriaren 22an orduko Justizia eta Kultura Sailburu Jesus Maria de Leizaolak lehen COJUAE batzordea sortzeko beharrezkoak ziren izendapenak egiteko ardura hartu zuen.

Bere lana adierazgarria izan zen hasiera-hasieratik, arauak egiteari eta aipatuen zuzentasun juridikoa berrikusteari dagokienean aholkuak ematen eta, halaber, izaera juridikoko beste ataza batzuk burutzen ere. Ondokoak nabarmentzekoak dira, COJUAEk argitaratu zituen lehen arauen artean: “Dekretua, beren etxebizitzetatik at egon eta gerraren ondorioz aipatuetara itzuli ezin diren horiek ezkondu ahal izateko bete beharko dituzten baldintzak ezartzen dituena” edo “Dekretua, Euzkadiko Jaurlaritzako kide eta goi karguen bateraezintasunak adierazten dituena". COJUAE, gainera, euskal umezurtzen eta kaxako umeen etorkizunaz arduratu zen ere, etorkizunean egingo ziren adopzioen lege-oinarriak zehazten saiatu baitzen.

“Comisión Jurídica Asesora del Gobierno de Euzkadi” delakoa Kataluniako “Comissió Jurídica Assessora Catalana” eredu hartuta sortu zen. Baina bigarrenak ez bezala, euskal erakundeak lanean jarraitu zuen erbestean ere, txostenak eginaz 1946. urtera arte, gutxienez.

Handik urte askora, 1999n hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak batzordea berreskuratu eta egun ezagutzen dugun bezala sortu zuen, dekretu bidez: COJUAE – Aholku Batzorde Juridikoa.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)