Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak errekonozimenduak eman dizkie 2016an jardunean hasi diren Ikerbasqueko ikertzaileei

2016.eko abenduak 20

• Jakintza-arlo guztietako 20 zientzialari lanean hasi dira Euskadiko unibertsitate eta ikerketa-zentroetan Research Professor eta Research Fellow programei esker.

• Diplomak banatzeko urteko ekitaldia Lehendakaritzan egin da, unibertsitateen, ikerketa-zentroen eta zentro teknologikoen arduradunak bertan zirela.

• Gaur egun, Ikerbasquek 206 ikertzaile kontratatuak ditu. Euskadiko unibertsitateetan eta I+G zentroetan jardunean hasi diren ikertzaile hauek, nazioarteko esperientzia zabala dutenak, 31 herrialdetakoak dira.

Ikerbasquen 2016an sartu diren ikertzaileei harrera egin diete gaur Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Cristina Uriarte Hezkuntza Sailburuak, Lehendakaritzan egin ohi den urteko topaketan.

Iñigo Urkullu Lehendakaria buru, diplomak banatu zaizkie, Ikerbasqueren Research Professor eta Research Fellow programen bitartez Euskadiko unibertsitate eta ikerketa-zentroetan lanean hasi diren jakintza-arlo guztietako 20 zientzialariei.

Ekitaldian, halaber, Fernando Cossío eta Euskadiko unibertsitate, ikerketa-zentro eta zentro teknologikoen arduradunak izan dira.

Nazioarteko esperientzia luzea eta lidergo-gaitasuna duten ikertzaile kontsolidatuei zuzendutako Research Professors deialdiaren bitartez, 2016an 9 fitxaketa berri egin dira. Ikertzaile etorri berrietako batzuek zuzendari zientifiko gisa lan egiten dute, askotan ERC Grants deritzon ikerketa zientifikorako Europako laguntzarik handienarekin.

Bestalde, Research Fellow programa, hainbat jakintza-arlotako 40 urtetik beherako adituak Euskadira ekarri eta bertan atxikitzeko eta zientzialari eta ikertzaileen “harrobi” bat sortzeko diseinatuta dagoen ekimena da. 2012an abiarazi zen eta helburu bikoitza dauka: alde batetik, atzerrian lanean diharduten zientzialariak erakartzea, karrerako une batean ala bestean kanpora joandako bertako ikertzaileak barne, eta bestetik, Euskadin ikertzen dihardutenei ibilbidea finkatzeko aukerak eskaintzea. Research Fellow programari esker, 2016n 11 pertsona sartu dira.

Deialdi horien osagarri gisa, berrikitan Research Associate programa abiarazi da, aurreko bi kategorien arteko zubi-lana egin eta ikertzaile gazteei zein zientzialari kontsolidatuei egungo eskaintzak osatzea xede duena, ikertzaile-karrerako etapa desberdinak gainditzen laguntzeko asmoz.

Gaur egun, Ikerbasquek 206 pertsona kontratatuak ditu Research Professor eta Research Fellow deialdien artean, eta guzti-guztiek Euskal Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sisteman txertatuta lan egiten dihardute. Euskadiko unibertsitate eta I+G zentro publiko nahiz pribatuak hainbat jakintza-arlotako adituen ekarpenez profitatzen ari dira dagoeneko, zientzia esperimentaletatik giza-zientzietaraino, medikuntza, ingeniaritza eta ikaskuntza teknikoak edota gizarte-zientziak barne.

Ikerbasque, autonomia erkidegoko administrazioek, unibertsitateek eta enpresek duela zenbait urtez geroztik ikerketa zientifikoaren alde egin duten apustua indartzea xede duen Eusko Jaurlaritzaren ekimen baten emaitza da, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Planean islatuta geratu dena. Euskadi I+G+b arloko potentzia garrantzitsuenen artean kokatzeko ahalegin horretan lagundu nahian, ikerketa arloko talentua erakartzeko gunea izatea da IKERBASQUEren jardunaren ardatz nagusia.

Atxikitako PDF dokumentuan, gaur errekonozimendua jaso duten ikertzaileak zein ikerketa ildotan ari diren lanean kontsulta daiteke.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak