Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak 2017ko ekitaldirako Euskadiko Aurrekontu Orokorrak egiteko jarraibide ekonomikoak onartu ditu

2016.eko abenduak 20

Gobernu Kontseiluak gaur onartu ditu 2017. urterako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak egiteko jarraibide ekonomikoak. 

Hauek lau ataletan egituratzen dira. Lehenbiziko atalak Jaurlaritzaren ekintza zer testuingurutan garatzen den aztertzen du, 2017ko politikak eta aurrekontuak baldintzatuko baititu horrek. Atal horren barruan, Euskadik 2016an eta 2017an izango duen testuinguru makroekonomikoa zehazten da, eta aurrekontu-egonkortasun markoaren inplikazioak jorratzen dira. Hirugarren atala da luzeena, eta bertan gobernu ekintzaren helburu estrategikoak jasotzen dira, jarduera eremuz eremu aztertuta.  Azkenik, 2017ko kontuak egiteko aurrekontu-irizpideak zehazten dira.

Ogasun eta Ekonomia sailburu Pedro María Azpiazuk Gobernu Kontseiluaren ondoko prentsaurrekoan azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak prestatuko duen aurrekontu-proiektua koherentea izango da agertoki makroekonomikoarekin, non BPGd-aren hazkundea leuntzea aurreikusten duen. Haren helburu estrategikoak izango dira hazkundea eta enplegu-sorrera bultzatzera eta gizarte-babeseko ereduaren alde egitera bideratutako jarduketak. Azpiazuk azaldu duenez, kontuak urteko lehen lauhilekoan onartuta egotea espero du Eusko Jaurlaritzak.

ALDEBIKO BILERA

Bestetik, aste honetan Eusko Jaurlaritzak eta gobernu espainiarrak izango dituzten kontaktuez galdetuta, euskal gobernuaren bozeramaile Josu Erkorekak bere itxaropena agertu du Mariano Rajoyren kabinetearen “jarrera berria” ekintza zehatzetan gauzatzen hasteko, Euskadiko autogobernuaren inguruan akordioetara iristeko.

Horrela mintzatu da gaur egiten ari den Aldebiko Batzordearen bileraz, non Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarrak onartu eta gobernu espainiarrak helegitea jarritako legeen “konstituzionaltasuna ahalik eta gehien defendatzea” bilatzen duen. Halaber, ostegun honetan Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburu Arantxa Tapia Sustapen ministro Iñigo de la Serbarekin bilduko da, Abiadura Handiko Trenaren obren gaiari heltzeko.

FISKALTZAREN EGOITZA

Bestalde, Gobernu Kontseiluak gaurko bileran erabaki du baimentzea Bilbaoko Henao kaleko eraikina birgaitzeko eta zabaltzeko lanen kontrataziorako gastua, 10,8 milioi euroko zenbatekoarekin. Maria Jesus San José Lana eta Justizia sailburuak azaldu duenez, eraikina Eusko Jaurlaritzaren jabetzakoa da, eta Bizkaiko Probintzia Fiskaltzaren egoitza bihurtuko da (Adingabeen Atala izan ezik, hori Barroeta Aldamarreko Justizia Auzitegian mantenduko baita).

Bilbaoko justizia-eraikinen (Albiako, Buenos Aireseko eta Barroeta Aldamarreko justizia-jauregien) saturazio-egoerari konponbidea emateko hartu da neurri hori; izan ere, eraikin horietan ezin dira egin Bulego Judizial berrira egokitzeko beharrezkoak diren obrak. Eta ezinezkoa da, halaber, hirian organo judizial berriak sortzea. Egoitza berria 2020. urtearen amaierarako jardunean egotea espero da.

2016-12-20 gai-zerrenda

Prentsa-txostena 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak