Berriak Lehendakaritza
Eu

Berdinsarearen 10. Urteurrena: Emakundek eta EUDELek Sarea Europako erreferente bihurtzea nahi dute

2016.eko abenduak 20

 

Gaur goizean, ekitaldia egin da Bilboko Zabalgunean, ‘Berdinsarearen’ hamargarren urteurrena ospatzeko. Bertan, ehun bat lagunek hartu dute parte, eta gehienak udal zein mankomunitateetako teknikariak eta politikariak izan dira. Ekitaldiaren hasieran, EUDELeko ordezkari eta Galdakaoko alkate Ibon Uribek eta Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak sarearen 10 urteko historia berrikusi dute. Gaur egun, berdintasunaren alde eta emakumeenganako indarkeriaren aurka dauden 62 udal dira sare horretako kideak (EAEko biztanleen %77).

Bilboko, Donostiako eta Basauriko udaletako eta Uribe-Kostako Mankomunitateko ordezkari tekniko eta politikoek euren udal-esperientziak eta hausnarketak trukatu dituzte, azken hamarkadotako lorpenei buruz eta berdintasunerako tokiko politika publikoak sustatzen jarraitzeko erronkei buruz egindako mahai-inguruan.

Berdintasunaren aldeko sarearen 10 urteak

Berdinsarea 2006. urtean sortu zen EUDELen eta Emakunderen bultzadapean, arlo horretan inplikatutako euskal erakunde guztiek 2001ean sinatutako Indarkeriaren Aurkako Erakunde Arteko Hitzarmeneko Batzordeak udalek eurek lankidetzarako hitzarmenak eta jarduketarako protokoloak egin behar zituztela erabaki zuenean, berdintasuna bera tokiko politiken zeharkako ardatza izan zedin, udaletatik bertatik udal-bizimoduko arlo guztietan aurrerakuntzak sustatu zitezen eta herritarren euren artean isla eduki zezaten.

Sarea Euskadiko Udalen Elkartean bertan koordinatzen da Emakunde-Emakumeen Euskal Erakundearen laguntzaz, eta, hamar urteotan, maila anitzeko partaidetzazko lan politikoko eta, batez ere, teknikoko erabateko erreferentea izan da euskal udalentzat.

Berdinsareak Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluaren (CMRE) aitorpena ere badauka, tokian-tokian berdintasunaren arloan egindako lanaren eredu arrakastatsu eta jarduera egoki moduan. Euskal sareari esker, EUDEL bera erakunde horretako Berdintasun Batzorde burua da, eta, gaur egun, Galdakaoko alkate Ibon Uribe da batzordeburua.

2018an, Berdintasunari, aniztasunari eta inklusioari’ buruzko Europako tokiko gobernuen Konferentzia handia egingo da Bilbon, eta, inolako zalantzarik gabe, aukera paregabea izango da sareari nazioarteko proiekzio handiagoa emateko eta Europa osoan berdintasunaren aldeko sarea izateko.

Hurrengo urteetarako erronka moduan, EUDELek eta Emakundek Euskadiko udal guztietara zabaldu nahi dute sarea, eta, horretarako, ahalegin berezia egingo dute udal txikietan, abian dauden baliabideak eta programak eskuratzeko aukera eduki dezaten. Aldi berean, udal aurreratuenekin batera ere lan egingo dute tresna berritzaileen diseinuan, eta eragina ebaluatzeko aurretiazko txostenak egiten ere lagunduko diete udalei. Horrela, euren arauen eragin bereizgarria aurreikusten eta zuzentzen ikasiko dute, arauok onartu baino lehen. Hori dela eta, desberdintasunak saihesteko eta zuzentzekoesku hartu ahal izango dute.

Udalen izenean, Galdakaoko alkate Ibon Uribek (EUDEL) udal-politikak gizartea eraldatzeko duen ahalmena” nabarmendu du. “Euskadiko udalon artean elkarrekiko ikaskuntzarako etengabeko prozesua egituratzea izango da gure hurrengo erronka. Gaur egun, Euskadi Europako erreferentea da berdintasunerako tokiko politiken arloan, eta, CMREk 2018an egingo duen Konferentziatik aurrera, Berdinsarea Europako udal guztietara zabaltzeko aukera ere izango dugu”.

Bestetik, Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak sarearen historia berrikusi du, eta honakoa azpimarratu du: Udala herritarrengandik hurbilen dagoen erakundea den aldetik, oso garrantzitsua da eskainitako zerbitzuak eraginkorrak izatea, baita gizon eta emakumeen berdintasunaren arloan ere. Gainera, zeregin hori behar bezala koordinatuta eta aholkatuta ere egon behar da. Hori dela eta, gure ustez, Berdinsarea bera oso tresna garrantzitsua da, gizon zein emakumeen berdintasuna eta emakumeen aurkako indarkeria hurbiletik tratatzeko orduan”.

Sareko udalak

Araba (3) Amurrio, Laudio eta Vitoria-Gasteiz.

Bizkaia (41) Abadiño, Abanto-Zierbena, Amorebieta-Etxano, Arrigorriaga, Balmaseda, Barakaldo, Barrika, Basauri, Bedia, Berango, Berriz, Bilbo, Derio, Durango, Elorrio, Erandio, Ermua, Galdakao, Gernika-Lumo, Getxo, Gordexola, Gorliz, Gueñes, Leioa, Lekeitio, Lemoiz, Lezama, Loiu, Mungia, Muskiz, Ondarroa, Urtuella, Plentzia, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Sondika, Sopela, Urduliz, Zalla eta Zamudio.

Gipuzkoa (18) Arrasate, Azkoitia, Azpeitia, Deba, Donostia, Eibar, Elgoibar, Ezkio-Itsaso, Hernani, Legazpi, Mutriku, Oñati, Ordizia, Tolosa, Urretxu, Usurbil, Zarautz eta Zumarraga.

 

Tresna eta programa nabariak

  • Indarkeriaren biktima diren emakumeen arretarako tokiko protokoloak bultzatzea sareko udal guztietan. “Politikarientzako Gomendioen Gidaliburua”.
  • Udaletan bertan, arauzko tresnak egitea, berdintasunerako ordenantzaren eredua*, esaterako, berdintasunerako tokiko politikak arau-maila handiagoa eduki dezan.
  • Proiektu berritzaileak sortzea; esate baterako, Beldur Barik, gazteen artean indarkeria matxista prebenitzeko tresna onenetakoa, edo Virginia Woolf Basqueskola, tokiko emakume hautetsien jabekuntzarako eremu aitzindaria.
3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Ararteko
    2016.eko abenduak 21

    Comentario de Twitter:
    RT @emakundEJGV: Berdinsarea Europako erreferente bihurtzea dute helburu Emakundek eta EUDELek https://t.co/b690VV6O0P https://t.co/QaAVvc

  • @uribekostamanko
    2016.eko abenduak 20

    Comentario de Twitter:
    RT @emakundEJGV: Berdinsarea Europako erreferente bihurtzea dute helburu Emakundek eta EUDELek https://t.co/b690VV6O0P https://t.co/QaAVvc

  • @emakundEJGV
    2016.eko abenduak 20

    Comentario de Twitter:
    Berdinsarea Europako erreferente bihurtzea dute helburu Emakundek eta EUDELek https://t.co/b690VV6O0P https://t.co/QaAVvcH14c

Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Imanol Landa, Presidente dd EUDEL; Ibon Uribe, representante de igualdad de EUDEL