Berriak Hezkuntza
Eu

Uriarte sailburuaren bilera hezkuntza komunitateko arduradunekin

2016.eko abenduak 19
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • Unibertsitatera sartzeko ebaluazio probak badu data: ekainaren 7, 8 eta 9an izango da
  • Ikasturte honetan, Lehen Hezkuntzako 4. mailako eta DBHko 2. mailako ebaluazio diagnostikoak burutuko dira

Unibertsitatera sartzeko ebaluazio probak, 2016-2017 ikasturte honetan, baditu dagoeneko egunak: ekainaren 7, 8 eta 9an burutuko da, ohiko deialdiari dagokiona, eta uztailaren 5,6 eta 7an, ez ohiko deialdian.  Horrelaxe zehaztu da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta UPV/EHUk osatzen duten Koordinazio Batzordean. Aipaturiko  Batzordeak proba diseinatzeko lanean jarraitzen du, aurreko urteetan euskal ikasleek egin duten Selektibitate azterketaren ahalik eta antzekoena izan dadin.

Unibertsitatera sartzeko ebaluazio probak, honako ezaugarri hauek izango ditu:

- Unibertsitatean sartzeko soilik hartuko da aintzat proba, eta hau gainditzea ez da beharrezko izango Batxilergo titulua eskuratzeko.

- Probak bi fase izango ditu: Orokorra eta Espezifikoa. Bi fase horietako ariketak Batxilergoko bigarren mailako curriculumeko gaiekin bat etorriko dira.

- Fase orokorrak bost ariketa izango ditu, eta hauetako bakoitza 0 eta 10 puntu arteko puntuazioz kalifikatuko dira.

- Fase orokorreko ariketak, honako hauek izango dira: Euskal Hizkuntza eta Literatura II, Gaztelania eta Espainiar Literatura II, Atzerriko Hizkuntza II (alemana, frantsesa, ingelesa), eta Espainiako Historia. Horietan ez ezik, ikasle bakoitza fase honetan beste gai hauetan ere etsaminatuko da, egin duen Batxilergo modalitate eta ibilbidearen arabera:

  • Zientziak: Matematikak II
  • Humanitate eta Gizarte Zientziak (Humanitate ibilbidea): Latina II
  • Humanitateak eta Gizarte Zientziak (Gizarte Zientzien ibilbidea): Gizarte Zientzietan Aplikatutako Matematikak II
  • Artea: Artearen Oinarriak II

- Probaren fase espezifikoa borondatezkoa izango da, sarrera nota hobetu nahi duten ikasleentzat. Gehienez ere hiru gaitan etsaminatu ahal izango dira ikasleak, fase orokorrean etsaminatu ez direnen artean eta Batxilergoko bigarren mailako ikasgai hauen artean aukera eginik: Biologia, Marrazketa Teknikoa II, Geologia, Fisika, Kimika, Enpresa Ekonomia, Greziera II, Artearen Historia, Filosofiaren Historia, Geografia, Ikus-entzunezko Kultura II, Arte Eszenikoak, Diseinua.    

- Fase espezifikoko ikasgai bakoitzak 5 puntu edo gehiagoko kalifikazioa beharko du, 0tik 10 bitarteko kalifikazioa eta hamarren bakarrarekin.

- Ariketa bakoitzak bi aukera izango ditu, eta horien artean hautatu beharko du ikasleak.

Gai hauek guztiak jakinarazi dizkie Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eragileei, gaur arratsaldez Gasteizen izan duen bileran.

Baina Unibertsitatera sartzeko ebaluazio probarekin lotura zuzena duten gai hauez guztiez gain, bileran Ebaluazio Diagnostikoekin zerikusia duten auziak ere jorratu dira. Hezkuntza Sailak (ISEI-IVEIren bidez) bultzatzen dituen ebaluazio hauek –balio akademikorik gabeak- euskal hezkuntza sistema hobetzen jarraitzea dute helburu, izan ere ikasleen, ikastetxeen nahiz euskal hezkuntza sistemaren beraren bilakaera aztertzeko aukera ematen baitute.

2016-2017 ikasturte honetan Lehen Hezkuntzako 4. mailako eta DBHko 2.mailako ebaluazio diagnostikoak burutuko dira. Probak, aurreko urteekin alderatuta, aurreratu egingo dira –aurten martxoan burutzea aurreikusten da-. Honela, ikastetxeek euren emaitzak albait arinen ezagutzea da helburua, hauetako bakoitzak hurrengo ikasturte akademikorako hobekuntza planak diseinatzeko beta eta aukera izan ditzan.

Bestalde, bai Uriarte sailburuak eta baita bileran parte hartu duten hezkuntza eragileek, 2015eko PISA txostenak jaso dituen emaitzen inguruko hausnarketa egin dute. Sailburuak, eta ISEI-IVEIrekin elkarlanean, datu horiek albait arinen aztertzeko asmoa azaldu du. Era berean, azpimarratu du, proba horretan parte hartu duten ikastetxeak izango direla euren emaitzak ezagutzen lehenak, horrela beharrezko ikusten dituzten hobekuntza neurriak diseinatu ahal izan ditzaten. Informazio guztia aztertu ondoren, Cristina Uriartek Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean agerraldia egingo du.

Uriarte sailburuak berretsi du euskal hezkuntza sistemak berau osatzen duten eragile guztien inplikazioaz jarraituko duela aurrera egiten, herri baten erronka baita hezkuntza, talde-erronka.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2017.eko urtarrilak 05

    Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuaren esanetan, ikasleak gara hezkuntza sistemaren enborra, guri zerbitzurik onena ematera zuzenduta dago bere saila.
    Hala bada, oso kezkagarria da berriro ere horrelako markoetatik ikaslegoa kanporatzen dela ikustea. Zalantzarik gabe, ikasleria da hezkuntza komunitateko sektorerik zabal eta antolatuena. Hamaika dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxeetan egunero hezkuntzaren inguruan lanean diharduten ikasle elkarte, antolakunde edota asanbladak.
    Uriarte andereak hezkuntza komunitateko arduradun batzuekin egindako azken bilerak ikasleontzako berebiziko garrantzia duen gai bat landu izan du: Unibertsitatera sartzeko ebaluazio proben gaia.
    Milaka izan dira azken urteotan gai honek sortu duen alarma sozialaren ondorioz kalera atera diren ikasleak eta asko izan dira ere ikasleek gai honen inguruan informazioa lortu eta eztabaidatzeko antolatu dituzten hitzaldi eta mahai-inguruak. Honekin, ikasleon artean jakinmina, kezka eta eragiteko nahia egon badagoela azpimarratu nahi dut. Bakoitzaren iritziak alde batera utzita, ikasleon artean interesa badagoela ukaezina da.
    Ez da Eusko Jaurlaritzak hezkuntza komunitateko ordezkariekin egiten dituen bileretan ikaslegoa kanporatzen den lehen aldia. Ikasleak gure eskoletako eskola kontseiluetan eta Euskadiko Eskola Kontseiluan parte hartzen dugu eta jakina da bertan gure zalantza, kezka eta proposamenak konpromiso eta ardura handiarekin adierazten ditugula.
    Honen bidez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailari ikasleak erabat baldintzatzen gaituzten erabakiak hartzeko orduan gure ahotsa ere entzuteko eskaera besterik ez nioke luzatu nahi. Konpromisoaren, kritikotasunaren edota arduraren baloreak transmititzeko modurik onena hauek praktitan jartzeko aukera ematea da.

Ekitaldiko kargudunak