Eu

Beatriz Artolazabalen esanetan “pertsona migratzaile bakoitzak arreta gizatiarra eta soziala behar ditu dagoen lekuan”

2016.eko abenduak 17
  • Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren ustez “Europako gizarte osoari dagokio ihes egitera behartzen dituzten gizarteetako ekonomia eta demokrazia onbideratzeko lan egitea, inork ez dezan bere etxea eta bere lurra atzean utzi beharrik izan”
  • Migratzailearen Nazioarteko Egunean Eusko Jaurlaritzak gogoratu du jatorriz atzerritarra den biztanleriak eragin positiboa duela egitura demografikoan
  • Nazio Batuak:“gizadiaren historian migrazioa izan da zoritxarra gainditu eta bizitza hobearen bila ateratzeko erabaki indibidualaren adierazpen ausarta”

 Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalen esanetan “migratzaile bakoitzak arreta gizatiarra eta soziala behar ditu dagoen lekuan”. Nazio Batuek sustatuta igandean, hilaren 18an, izan den Migratzaileen Nazioarteko Egunean, Artolazabal sailburuak gogoratu ditu “bata bestearen atzetik izandako gerrek eta egoera ekonomikoek eragindako euskal diasporaren antzeko egoerak”.

 “Gaur errepikatu egiten dira gerretatik eta goseteetatik ihesi doazen eta duintasunez bizi eta lan egiteko leku baten bila dabiltzan pertsonen irudi ikaragarriak”, esan du Artolazabalek. “Europako gizarte osoari dagokio egoera horietan laguntzeko ahalegina egitea, bai eta egoera horien oinarrian lan egitea ere: gizarte horietako ekonomia eta demokrazia onbideratu behar dira, inork ez dezan bere etxea eta bere lurra atzean utzi beharrik izan".

 1998 eta 2016 artean Euskadiko biztanleriak gora egin du, 90.000 biztanle gehiago ditu, Ikuspegi-Immigrazioaren Euskal Behatokiak kontabilizatu duenaren arabera, urte hauetan Euskal Autonomia Erkidegora iritsi diren atzerritarrei esker. 1998an 26.334 zeuden erroldatuta, eta 2016an, berriz, 190.354 (Eustaten arabera). Denbora-tarte berean bertako biztanleriak behera egin du (70.000 gutxiago dira bertakoak).

 Beatriz Artolazabal sailburuak adierazi duenez, “Euskadira iritsi diren immigranteak bertan geratzeko, bertan bizitzeko eta euskal gizartea eraikitzen parte hartzeko etorri dira, eta bere lanarekin eta bere presentziarekin Euskadiren garapenean eta produktibitatean laguntzen dute".

 Gaur egun, Eustatek 2016ko urtarrilaren 1ean landutako eta Biztanleen Udal Estatistikan jasotako datuen arabera, jatorriz atzerritarrak diren 190.354 pertsona daude Euskal Autonomia Erkidegoan, eta hori biztanleria osoaren % 8,6 da (Estatuan % 13, 1).

  Biztanleria

Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak gaur azpimarratu duenez, “jatorriz atzerritarrak diren pertsonei  esker irauli ahal izan dugu Euskadin biztanleria galtzeko azken urteotako dinamika, eta eragin positiboa izan dute, beraz, egitura demografikoan”. Sailburuak gogoratu du, bestalde, immigrazioarekiko jarrerak apur bat onera egin duela Ikuspegik landutako azken barometroaren arabera, eta “2015ean eman zuen puntuaziorik altuena tolerantzia indizean 2007an sortu zenetik”.

 Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusiak 2000ko abenduaren 4an aldarrikatu zuen Migratzailearen Nazioarteko Eguna, eta nabarmendu zuen “gizadiaren historian migrazioa izan da zoritxarra gainditu eta bizimodu hobe baten bila ateratzeko erabaki indibidualaren adierazpen ausarta”.

 Nazio Batuen Erakundearen esanetan “aro berri honek erronkak eta aukerak planteatu dizkie mundu osoko gizarteei. Migrazioaren eta garapenaren arteko lotura azpimarratzeko ere balio izan du, bai eta lagundutako garapenerako, hau da, jatorrian nahiz helmugan baldintza ekonomikoak eta sozialak adostuta hobetzeko, eskaintzen dituen aukerak azpimarratzeko ere”.

 Migratzailearen Nazioarteko Eguna dela eta, Migrazioen Nazioarteko Erakundeak (IOM) nazioarteko komunitateari dei egin dio elkar dadin eta itsaso eta basamortuetan une latzak pasa ondoren desagertu diren edo bizia galdu duten migratzaileak eta errefuxiatuak gogora ditzan.

 

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @basquemployment
    2016.eko abenduak 18

    Comentario de Twitter:
    #iamamigrant #missingmigrants #formigration #jesuismigrant https://t.co/rERpEyL6YA INTERNATIONAL MIGRANT… https://t.co/4VBb97Ij0v

Ekitaldiko kargudunak