Berriak
Eu

Osalanek arrisku psikosozialei buruz egindako azterlan batek Laneko segurtasun eta osasunaren saria jaso du

2010.eko urriak 21

 

Arrisku psikosozialen kudeaketari buruz Osalanek egindako proiektu batek Laneko segurtasun eta osasunaren 2010eko Saria jaso du, AESPAL-prebentzioaren arloko espezialisten elkartearen eskutik.  Pilar Collantes prebentzioaren euskal institutuko zuzendariak jaso du saria gaur goizean, Bartzelonan egun hauetan egiten ari den Prebentzioaren arloko adituen III. Biltzar Nazionalaren barruan.

Hamabi lan aurkeztu ziren sari horietara, eta Saria emateko ekitaldiaren ondoren, Pilar Collantesek adierazi duenez, "saria, kanpotik datorkigun aintzatespen garrantzitsua izateaz gain, pizgarri handia izango da Euskal Administrazio Publikoan arrisku psikosozialak aztertzen dituen proiektu horretan lan egin duten pertsonen barne-motibaziorako".

Arrisku psikosozialak lan-baldintzen eta -antolaketaren zenbait alderdiren ondorioz sortzen dira, eta oro har, eragin handia izaten dute pertsonen osasunean (depresioa, antsietatea, bizkarreko mina, hezur-giharretako bestelako arazoak, arazo kardiobaskularrak, etab.).

Proiektu irabazleak "Barne komunikazio hobea eta autoerrealizazio pertsonal handiagoa Osalaneko langileen arrisku psikosozialen kudeaketarako eta osasuna hobetzeko oinarrizko tresna gisa" izenburua du, eta duela bi urte ezarri zen arrisku psikosozialen prebentziorako tresna moduan. Horren helburua langileen partaidetza hobetzea da, erakunde publikoaren helburuak ezagutu, kudeatu eta lortzeko prozesuan. "Giza baliabideen kudeaketan hobekuntzak ezarri beharra genuen, langileen motibazioa areagotzeko eta erakundearekiko jarrera proaktiboak sustatzeko", baieztatu du Collantesek.

Horretarako, plantillako 10 boluntariok osatutako lan-talde batek laneko prebentzioaren inguruko berriak emateko buletina egiten du egunero, eta erakundeko langile guztien artean banatzen du.  Horrez gain, erakundeak bere telebista-kate korporatiboa, Osalan TB, edukitzeak aukera ematen du eduki interaktiboak emateko; besteak beste, prebentzio-proiektuak, lekukotzak, praktika onen adibideak, korporazio-mezuak, eta berriak.

Gai horri buruz Osalaneko zuzendariak azpimarratu duenez, "lanaren prebentzio-planteamendua egokia izan dadin, beharrezkoa da giro zainduak, osasungarriak eta ondo antolatuak sortzea, langileak profesional eta pertsona gisa garatu eta errealizatu daitezen".

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan