Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Arriola izan da Ordizia-Itsasondo zatiko Euskal "Y"-aren "kale" edo bat egite ekitaldiaren buru, Gipuzkoako adarreko lehena

2010.eko urriak 22

Iñaki Arriola, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailburua, izan da gaur, Ordizia-Itsasondo zatiaren kalea edo bat egite ekitaldiaren buru. Bat egite hori da Euskal "Y"-aren Gipuzkoako adarrean gertatzen den lehenbizikoa. Gipuzkoako adarraren eraikuntza Eusko Jaurlaritzari dagokio, Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren bitartez.

Arriolak adierazi duenez, obra hau garrantzi handikoa da Euskadirentzat eta lan "gogor" honetan sartuta dauden guztiak zoriondu ditu:"Jaurlaritzak kudeatzen duen adarraren lehenengo tunela osatzeak esanahi berezia du guretzat, garbi geratzen baita Jaurlaritzak obrarekin jarraitzeko asmo sendoa duela eta hori lortzeko gure gaitasun guztia eta finantza baliabide guztiak jarri ditugu nahiz eta egoera ekonomiko zailan egon".

Horrez gain, sailburuak duen poztasuna erakutsi du: "Obrek erritmo egokia daramate, aurreikusitako egutegia betetzen ari gara eta dena ondo joanez gero, 2016an bukatuko ditugu lan hauek Gipuzkoan".

Ordiziako, Itsasondoko eta Legorretako udalerriak hartzen dituen zati horrek 2.860 metroko luzera osoa du; horietatik 2.814 metro Ordiziako tunelari dagozkio, eta 46 metro aire zabalean doaz. Tunelak, 325 metro luze den larrialdietarako galeria du berarekin.

Bat egitea, eraikitzen ari den hurrengo zatiaren, Legorreta zatiaren, bat egiteko puntutik 300 metrotara gertatu da. Oso une berezia izaten da, izan ere, lan taldeek tokian bertan egindako lanaren emaitza da eta helburu nagusia betetzen da: lur azpitik doan bidea irekitzea eta komunikatzea. Tuneleko langileentzat, tunelgile izenekoentzat, bat egitearen edo "kalearen" unea obra batean gehien ospatzen den unea da, beraien zaindari den Santa Barbara egunarekin batera.

Arriolarekin batera, ekitaldian egon dira Gobernuaren Ordezkaria Euskadin, Mikel Cabieces, eta baita Beasain eta Oridizia herrietako alkateak eta ETS-ko, Adif-eko, eraikuntza eta ingeniaritza enpresetako ordezkariak ere.

Zati horren kostua 60,29 milioikoa da. Aurreikuspenen arabera, 2011. urtearen amaierarako edo 2012. urtearen hasierarako, zatia amaiturik egongo da.

Une honetan, Eusko Jaurlaritza, aipaturiko Ordizia-Itsasondo zatiaz gain, beste zenbait zatitan ere ari da lanean: Bergara-Antzuola, Beasain ekialdea, Beasain mendebaldea, Legorreta eta Tolosa. Beste alde batetik, duela denbora gutxi esleitu da Ezkio Itxaso-Beasain zatia. Horrez gain, Bergara-Bergara, Antzuola-Ezkio mendebaldea, Antzuola-Ezkio ekialdea, Tolosa-Hernialde, Andoain-Urnieta eta Urnieta-Hernani zatiak lizitazio prozesuan daude.

Horrek esan nahi du jada 1.201 miloi euroko balioko lanak daudela lizitaturik, eta denbora gutxi barru hamahiru zati egongo direla lanean, hau da, adarraren %56,53a.

Horrez gain, obrek aurreikusitako erritmoarekin jarraitu ahal dezaten, Eusko Jaurlaritzak, 2011ko aurrekontuetan, 275 milioi euroko partida bideratuko du, aurten baino 50 milioi gehiago. Hazkunde logikoa da, egindako kudeaketaren eta lanen garapen garrantzitsuaren ondorioz, eta horretarako ezinbestekoa da ekarpen ekonomiko garrantzitsua egitea. Horrela, aurreikuspenen arabera, 2011n, gutxienez, bi zati berri lizitatuko direla aurreikusten da: Hernialde-Zizurkil (5,8 km.) eta Zizurkil-Andoain (5,08 km.). 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Iñaki Arriola, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailburua