Berriak Osasuna
Eu

Osakidetzak 2016an Paziente Bizia-Paciente Activo programan prestatzaile gisa jardun duten 280 begiraleen lana aitortu eta eskertu du

2016.eko abenduak 14

 Aurten 72 ikastaro egin dira. Bertan, 850 pazienteri prestakuntza eskaini zaie eta 35 begirale berri ziurtatu dira.

 Osasun Eskolaren “Paziente Bizia-Paciente Activo” programan 4.300 paziente aktibatu dira eskainitako 366 ikastaroetan.

 

“Osakidetzaren Osasun Eskolak”, gaur,  Vitoria-Gasteizko Osakidetzaren egoitza nagusian, jardunaldi bat antolatu du. Bertan, “Paziente Bizia-Paciente Activo” programaren begirale ziurtatuak diren 280 pertsona (164 profesional eta 116 paziente) eta, bereziki, 2016. urtean zehar hezitzaile izatea lortu duten 35 pertsona omendu ditu eta eskerrak eman dizkie.

“Paziente Bizia- Paciente Activo” barne hartzen duen Osasun Eskola duela hiru urte Osakidetzak abian jarritako zerbitzu bat da. Bi helburu nagusi ditu: alde batetik, pazienteei, zaintzaileei eta haien inguruko senitartekoei informazioa eta prestakuntza ematea, tresnak edukitzeko, eta pazientearen osasuna eta gaixotasuna kudeatzeko ezagutzak eta trebeziak eskuratzeko; eta, bestetik, pazienteak aktibatzearekin lotutako gaietan, osasun-arloko profesionalei zuzendutako prestakuntzako eta sentsibilizazioko jarduerak hedatzea.

 “Paziente Bizia-Paciente Activo” programaren metodologia bi prestakuntza-esparrutara bideratuta dago:  bata generikoa, “Nire osasuna aktiboki zaintzen”, gaixotasun kronikoren bat duten pertsonei zuzendua; eta, bestea, berriz, “Nire diabetesa zaintzen” izenekoa, 2 tipoko diabetesa dutenei zuzendua.

Gaur goizean omenaldi-ekitaldian emandako datuen arabera, aurten 72 ikastaro egin dira, 850 pazienteri eskaini zaie prestakuntza eta 35 begirale berri ziurtatu dira. Datu horiek programaren hasieratik jada erregistratuak zeudenei gehitzen zaizkie. Hortaz, guztira, 280 begirale aktibatu daude, 4.300 paziente hezi dira eta 366 ikastaro egin dira.

Legealdi berri honetan Osasun Sailak eta Osakidetzak Osasun Eskolaren “Paziente Bizia-Paciente Activo” programa bultzatzen jarraituko dute, Jardunaldiaren amaiera-ekitaldian, Euskal Osasun Zerbitzuko Jon Etxeberria zuzendari nagusiak esan duen bezala. Bertan, honakoa adierazi du: “Osasun Eskolaren eta Eusko Jaurlaritzaren 2013-2020 Osasun Planean lehentasuna duten arloen artean dago pazienteen bizitza-ohitura osasungarriak eta ahalduntzea indartuz, osasuna sustatzea eta gaixotasunak prebenitzea. Pertsonek euren osasuna zaindu dezaten, horixe da, pertsona horien zerbitzura jarri den tresnatako bat”. Jon Etxeberriak eskerrak eman dizkie begiraleei, Euskadiko gizabanakoen osasunaren eta osasun kolektiboaren alde egiten duten lanean erakusten duten eskuzabaltasunagatik, inplikazioagatik eta esfortzuagatik. Azpimarratu du, gainera, “Paziente Bizia-Paciente Activo” programak “2016an Autonomia Erkidego batek sustatutako kronikoen programa onenaren saria” jaso duela aurreko hilean. Sari hau Teknologia eta Osasuna Fundazioak eman dio.

Begiraleei aitorpenak banatu aurretik, jardunaldian bi tailer praktiko egin dira. Bertan, “Elikadurari buruzko mitoak” eta “Umorea eta baikortasuna gaixotasun kronikoan” gaiak landu dituzte. Gainera, ijitoen artean osasunaren zaintzari eta minbiziaren ondorengo zainketei buruzko bi mahai-inguru egin dira.

 

Vitoria-Gasteiz, 2016ko abenduaren 14a

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak