Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak udalei “adin nagusitasuna” emateko asmoa duen Udal Legearen tramitazioari ekin dio

2010.eko urriak 22

Udalek 3 ordezkari izango dituzte Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluan eta beren finantzazioa helburu dituzten fondoen gainean erabakitzeko gaitasuna izango dute

Eusko Jaurlaritzak Udal Legearen tramitazioari ekin dio eta, beronen bidez, “adin nagusitasuna” eman nahi die euskal udalei. Exekutiboa prestatzen ari den aurreproiektuaren zirriborroa hiru foru aldundiei eta Eudeli bidali zaie, Lehendakaritzako Idazkari Nagusi Manu Salinerok azaldu duenez testu berriaren alderdi esanguratsuenak aurkeztu dituenean. Aurreproiektuaren arabera, euskal udalek hiru ordezkari izango dituzte Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluan, eurei zuzenean dagozkien kontuetan. Era berean, berauek finantza autonomia handiagoa eta autoantolakuntzarako ahalmen handiagoa izango dituzte.

Eudelek prestatutako udalen ekarriak biltzen dituen oinarrien dokumentua izan arte itxaron du Eusko Jaurlaritzak hasierako zirriborroa prestatzen hasteko, “baina ez da ezeren amaiera izango, gauza guztien abiapuntua baizik”, Manu Salinerok erantsi duenaren arabera.

Salineroren hitzetan, exekutiboak bere borondatea erakutsi du negoziatu behar den guztia “negoziatu nahi duten guztiekin negoziatzeko” eta, era berean, “a prioririk gabeko” ardura  exijitu du, “erakundeen leialtasunetik” udal lege berri baten elaborazioari ekiteko. Salinerok aurkezpen hau Virginia Mujika Koordinaziorako Idazkari Nagusiarekin eta Toki Administrazioen Harreman Zuzendari Jose Mari Endemañorekin batera egin du eta, bertan, lege berria arautuko duten oinarriak zehaztu ditu. Izan ere, beste gai aipagarri batzuen artean, udal autonomia handiagoa ematen du. “Modu grafikoan esateko -adierazi du-, lege honen bidez udalen adin nagusitasuna aldarrikatu nahi dugu, eta testu osoa printzipio honen arabera arautuko da”.

Konpetentziaren alorreko argitasuna

Era berean, Eusko Jaurlaritzak prestatu duen testuaren helburua “konpetentzien alorrean argitasun handiagoa” izatea da, gai zehatz batean eskuduntza norena den erabakitzeko eta udalek eduki dezaketen eskuduntza maila zehazteko. Ildo honetan, Salinerok argitu du udalek bere egin ahal izango dituztela beste edozer konpetentzia mailatan berariaz emanak ez dauden eta beste edozer derrigorrezko zerbitzutan aurreikusten ez diren eskuduntza guztiak, oinarrizko legeak biltzen dituenak izan ezik.

Manu Salinerok erantsi duenez, lege berriaren hirugarren oinarria “autoantolakuntzarako ahalmen zabala” izango da; izan ere, Eusko Jaurlaritzak, “gutxieneko esku-hartzea” printzipioa betez, uko egin dio udalek jarraitu beharreko prozeduren gaineko arautegi organiko bat xedatzeari. Era berean, zirriborroak “finantza-nahikotasun” printzipioa bere egiten du eta, berorretan oinarrituta, udalek hartzen duten eskuduntza maila handitzen bada, neurri berean hazi beharra dauka haiei eman beharreko finantzazioak.

Gainera, Lege aurreproiektu honek bildu egiten du udalek modu zuzenean parte hartzea Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluan, eurei zuzen-zuzen dagozkien gaietan. Era horretara, udalek azkeneko udal hauteskundeetan boto kopuru handiena jaso dituzten hiru alderdietatik etorriko diren hiru ordezkari izango dituzte,

Gainera, gehiengoen erregimen bat ezarri da eta, horren arabera, Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluan hartzen diren akordioek gehiengo osoa jaso beharko dute, betiere ordezkatutako erakundeen (Eusko Jaurlaritza, foru aldundiak eta udalak) gutxienez boto bat jasotzen badute

Azkenik, Lehendakaritzako Idazkari Nagusiak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak udal finantzazioan “irizpide bateratzaileak” txertatu nahi ditu, udalek, Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluaren baitan udal finantzaziorako fondoen kopurua -orain arte foru aldundiek xedatzen zutena- zehazteko unean erabakiak hartzeko garaian parte izatea ahalbidetzeko.

Diru-kopuru hori xedatu ostean, foru aldundi bakoitzak zehaztuko du dagokion Lurralde Historikoko udal bakoitzari emango zaion kopurua.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakaria