Eu

Eusko Jaurlaritzak “borondate ona” sumatzen du gobernu espainiarrean ebatzi gabeko gatazkak konpontzeko, emaitzetan gauzatzen den ikusteko zain

2016.eko abenduak 14

Erkoreka Euskadi Irratiko `Faktoria´ programan elkarrizketatu dute

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak ziurtatu duenez, “borondate ona” sumatu du gobernu espainiarrean datorren asteartean egingo den aldebiko bilerari begira. Bertan, bi gobernuetako lantalde juridikoak Eusko Legebiltzarrak onartutako lau legeri jarritako helegiteen inguruko akordio batera iristen saiatuko dira. Hala ere, Erkorekak errepikatu du bilera hori zer emaitzatan gauzatzen den ikusi beharko dela sinesgarritasuna emateko ala ez. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren ustez, oraindik ez dago zirkunstantziarik lehendakaria datorren urtarrilaren 17an egingo den Presidenteen Batzarrean egoteko.

Euskadi Irratiko Faktoria programan eskainitako elkarrizketa batean, Erkorekak azaldu du datorren asteartean izango dena bezalako izaera teknikoko bilerak ohikoak izan direla azken lau urteotan, baina aurrez ez da izan harreman politikorik, orain bezala. Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak berak telefono-elkarrizketa bat izan du gobernu espainiarreko presidenteorde Soraya Sáenz de Santamaríarekin, eta akordioetara iristeko “borondatea” sumatu du. “Baina ikusiko dugu zer jarrera duen gobernu espainiarrak eta bere tema “berzentralizatzaileari” uzten dion, dio berriz Erkorekak, eta gogorarazi du “bere esku” dagoela irtenbidea ematea ebatzi gabeko gatazkei, kasu honetan lau legeri helegiteak erretiratzea: Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legea, Adikzioei buruzko Legea, Legegintzako Herri Ekimenari buruzko Legea eta 1978 eta 1999 artean legez kontrako errepresio-egoeretan giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta ordaina emateko Legea.

“Borondate on” hori zer erabakitan gauzatzen den ikusteko zain, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak dio oraindik ez dagoela zirkunstantziarik lehendakaria datorren urtarrilaren 17an egingo den Presidenteen Batzarrera joateko, euskal autogobernuaren berezitasuna balioetsi behar baita, eta hori aldebiko harremanei “lehentasuna emanez” egin behar da. Izan ere, Erkorekak gogorarazi duen bezala, Urkulluk Mariano Rajoyren mahai gainean azken topaketan, 2014ko irailean, jarri zuen eskaera-zerrendari irteera eman gabe jarraitzen du gobernu espainiarrak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
  • Josu Erkoreka Gervasio
    Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua eta Gobernuaren bozeramailea (XI legealdia)