Berriak Lehendakaritza
Eu

Hasi da Euskadiko zainketa aringarrien plana hedatzen Osakidetzan, eta lehenengo unitatea Ezkerraldea-Enkarterri-Cruces eta Barakaldo-Sestao ESIetan jarri da abian

2016.eko abenduak 14
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Urkullu Lehendakariak gaur goizean bisitatu duen unitate berrian 15 ohe prestatu dituzte zainketa aringarriak behar dituzten pazienteentzat esparru honetan ibilbide luzea duen irabazi asmorik gabeko Santurtziko San Juan de Dios Ospitalean 

Iñigo Urkullu lehendakariak gaur goizean bisitatu du Ezkerraldea-Enkaterri-Cruces eta Barakaldo-Sestao Erakunde Sanitario Integratuetako Zainketa Aringarrien Unitate berria. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak sustatutako 2016-2020 aldirako Euskadiko Zainketa Aringarrien Planak Bizkaian aurreikusitako aurrerapausorik adierazgarrienetako bat da. 

Unitate berri honek guztira 15 ohe espezifiko ditu Santurtziko San Juan de Dios Ospitalean, eta arretaren ibilbide espezifiko bat ezarri da zainketa aringarriak behar dituzten paziente helduei arreta integratua ziurtatzeko. Alde horretatik, sustatuko da pazientearen autonomia erabakiak hartzeko plangintzan parte hartzearen bitartez, aurretiazko borondateen adierazpena egiteko informazio eta aholkularitzaren bitartez eta bizitzaren amaieran dauden pazienteentzako zainketa-plana eginez. 

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren Zainketa Aringarrien Plana aurtengo urtearen erdialdean aurkeztu zen, eta ahalbidetuko du baliabide asistentzial guztiak, kasu honetan Ezkerraldea-Enkarterri-Cruces ESIkoak nahiz Barakaldo-Sestao ESIkoak (lehen mailako arretako ekipoak, zainketa aringarrien unitatea, etxeko ospitaleratze-zerbitzua eta larrialdiak) eta San Juan de Dios Ospitalekoak (SJOko zainketa aringarrien unitatea eta etxeko zainketa aringarrien laguntza-taldea) bateratuta izatea zainketa aringarriak asistentziaren maila guztietan eskainiko direla ziurtatzeko. Horrekin Eusko Jaurlaritzak betetzen ditu Pertsonek Euskadiko Osasun Sisteman dituzten eskubideei eta betebeharrei buruzko Dekretuan hartutako konpromisoak (zainketa aringarrirako eskubidea) eta Bizitzaren amaierako prozesuan pertsonen eskubideak eta duintasuna ziurtatzeari buruzko Legea.

Unitate berri hori batuko zaie Bizkaia osoari pediatriaren espezialitatean etxeko laguntza ematen dion Cruceseko Zainketa Aringarrien Unitateari, Santa Marinan eta Gorlizen abian daudenei (Bilbo, Uribe eta Mungialdeko pazienteei ematen diete zerbitzua) eta Eibarko ospitalean abian jartzekoa den eta zainketa aringarriak behar dituzten Debabarrenako  pazienteak ez ezik Durangaldeko pazienteak ere artatuko dituen unitate berriari. 

Izan ere, Iñigo Urkullu lehendakariak berak gogoratu duen moduan, legealdi honetan hedatuko da Zainketa Aringarrien Plan osoa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan helduentzako eta haurrentzako ekimenak abian jarrita ospitaleetan eta etxeko zerbitzuetan. “Planaren helburu nagusia da gaixotasun aurreratua duten pertsonen eta beren senideen bizi-kalitatea modu arrazionalean, planifikatuta eta eraginkortasunez hobetzea, zainketa aringarriak gaixoen eta beren zaintzaileen legezko eskubidea eta indibiduala izan daitezen ziurtatzeko”.  

“Zainketa Aringarrien Plan berri hau etikatik egin da, eta ekitatearen eta pertsonen duintasunarekin hartutako konpromisoa da. Helburua da zainketa aringarrietako arreta hobetzea, osasun-arreta edonon ematen dela ere, eta zainketa aringarriak helduentzat nahiz paziente pediatrikoentzat aurreikusten ditu. Aldi berean, legealdiaren hasieran hartutako konpromiso bat da, bai eta euskal osasun-sistemaren aurrerapauso handia ere pertsonen duintasunaren eta kalitatezko osasun-arretaren mesedetan”, Urkullu lehendakariak adierazi duenez.

Bestalde, lehendakariak gogoratu du Unitate berri hori Euskadin osasun arloko erakunde publikoen eta irabazi asmorik gabeko erakunde pribatuen artean gizartearen beharrei erantzuna emateko aspalditik abian den lankidetzaren emaitza dela, eta, alde horretatik, biziki eskertu du zainketa aringarrien esparruan San Juan de Dios Unitateko buruak, Jacinto Bátiz doktoreak, orain arte egindako lana, Euskadiko Zainketa Aringarrien Plana planifikatzen ere lagundu duen aldetik.

Bátiz medikuak eskerrak eman dizkie lehendakariari eta Osasun Sailari Santurtziko San Juan de Dios Ospitalean jarritako konfiantzagatik, eta poztekoa dela adierazi du unitate berri hau abian jartzea; izan ere, osasun-zentroko hegal oso bat hartzen du.

Bátiz medikuak azaldu du ospitale horretan aitzindariak direla zainketa aringarrietan EAEn. “Duela 23 urte, zainketa aringarrietan hasi ginenetik, gaixotasun aurreratu sendaezinak dituzten pertsonak eta haien familiak zaintzen aritu gara. Gaur egun, etxeko laguntza ere eskaintzen dugu. Era beran, gero eta jarduera handiagoa dugu alor honetako ikerketan eta berrikuntzan, eta beste profesional batzuekin ere partekatzen dugu gure ezagutza eta esperientzia, prestakuntzaren bidez”.

Era berean, komeni da aditzera ematea, Pediatrian erreferentziazkoa den Ezkerraldea-Enkarterri-Cruces ESIaren esparruan, paziente pediatrikoen zainketa aringarrietako plan bat ere hartu dela barnean. Plan horrek haurtzaroaren eta nerabezaroaren zainketa aringarrien ezaugarri asistentzial espezifikoak hartzen ditu aintzat: familiaren eta zaintzailearen arreta, zaintzailearen prestakuntza eta doluaren arreta.

(*) Hemen irakurri dezakezu oharra

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak