Berriak Ogasuna eta Ekonomia

Jaurlaritzak Aurrekontu Legearen aldaketa onartu du, zorpetze muga Estatuarekin 2016rako adostutako defizit marjinara egokitzeko (Gobernu Bilera 2016-12-13)

2016-12-13

Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoaren 2016rako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen Legea aldatzeko lege-proiektua onartu du gaur. Aldaketaren helburua da arau horretan aurreikusitako gehieneko zorpetze-muga Foru Aldundien ekarpenen aurrelikidaziora eta Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Estatuko Administrazioaren artean duela gutxi adostutako aurrekontu-egonkortasuneko helburuen berrikuspenera egokitzea.

Bi egoera horiek, hau da, ekarpenen bidetik diru-sarrera gutxiago aurreikusi izanak eta Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Estatuko Administrazioaren artean adostuta defizit-marjina handitzeak, aholkatu dute epe luzeko zorpetzea arrazoizko kopuruan handitzea 2016ko ekitaldiko diru-sarreren eta gastuen artean hasieran onartutako aurrekontu-orekari eusteko. 

Deskribatutako agertoki berri honekin ahalik eta finantzaketa-ahalmenik handiena eman nahi zaio Euskal Autonomia Erkidegoari Aurrekontuetan 2016rako aurreikusitako gastu-konpromisoei aurre egin ahal izateko, batetik, politika publikoak ahuldu gabe eta, bestetik, zorpetze-muga berria gainditu gabe, kontuan hartuta 2016ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoak eta Estatuko Administrazioak defizitari eta zor publikoari dagokienez adostuko dituzten helburu berrietara doitu beharko dela. 

Alde horretatik, ekitaldi honetarako Euskal Autonomia Erkidegoaren gehieneko zorpetze-muga beste 324,4 milioi eurokoa izango da hasierako aurreikuspenari dagokionez, nahiz eta benetako zorpetze-formalizazioek gai honetan Estatuko Administrazioarekin lortutako akordioak errespetatu beharko dituzten.

Zorpetze-maila handiago hori arazorik gabe har dezake bere gain Euskal Autonomia Erkidegoak bere kaudimena eta finantza-egoera dela eta; izan ere BPGren gaineko zor publikoaren ratioa Espainiako Estatuko txikienetakoa da.

Helburu horiek bete beharra eta aplikatu beharreko aurreikuspenak luzatzerik ez izatea izan dira aldaketa hau premiaz onartzeko eta indarrean jartzeko arrazoi nagusiak, hain zuzen ere, gehieneko zorpetze-muga aurrekontu-ekitaldi hau amaitu aurretik handitzeko, kontuan hartuta zorpetze-eragiketak abenduaren 31 baino lehen formalizatu eta ezarri behar direla.

Horrenbestez, kasu honetan elkartzen diren presa eta ezohiko egoera kontuan hartuta, ikusi da beharrezko dela Lege-proiektua irakurraldi bakarreko prozedura jarraituz tramitatzea Eusko Legebiltzarreko Osoko Bilkuraren aurrean, bertako Erregelamenduaren 163.3 artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko