Berriak Osasuna
Eu

Debagoieneko ESI-ren Arrasateko Lehen Mailako Arreta Unitateak ere eskuratu du Joint Commission erakundearen nazioarteko ospe handiko egiaztagiria

2016.eko abenduak 13

Duela gutxi agiri garrantzitsu hau Bergarako eta Oñatiko Lehen Mailako Arreta Unitateek eta Debagoieneko Ospitaleak eskuratu zuten. Guztiak Debagoieneko ESIren osasun-erakundeak dira.

 

Arrasateko Lehen Mailako Arreta Unitateak Joint Commision erakundearen nazioarteko agiria eskuratu du. Horrela, Debagoieneko ESIn ere sartuta dauden eta duela gutxi agiri bera eskuratu duten Oñatiko eta Bergarako Lehen Mailako Arreta Unitateari eta Debagoieneko Ospitaleari gehitzen zaie. Aipatutako horiek ziurtagiri garrantzitsu hau lortzen duten Osakidetzako lehen osasun-erakunde bihurtu dira.

Joint Commission erakundearen agiri honek, Arrasateko Lehen Mailako Arreta Unitatearen eta Debagoieneko ESIren gainerako osasun-erakundeen arretaren kalitatea saritu du, honako alderdi hauek ebaluatu ondoren: pazienteari eskainitako arreta, pazientearen segurtasuna eta prozesu klinikoetako arriskuen murrizketa, baita kudeaketa dinamiko eta parte-hartzailean oinarritutako eredua ere.

Horretarako, Joint Commissionek, besteak beste, honako arlo hauek hartu ditu kontuan: pazienteen identifikazio zuzena, profesionalen komunikazioaren eraginkortasuna, arrisku handiko medikazioaren gaineko segurtasuna, osasun-arretari loturiko infekzioen arriskuen murrizketa edota pazienteen erorikoei loturiko lesioen arriskuen murrizketa. Guztiak ere pazientearen segurtasunari buruzko nazioarte-mailako helburuak dira.

Andoni Arcelay Debagoieneko ESIren zuzendari kudeatzaileak Debagoieneko ESIren profesional guztien konpromisoa, ahalegina eta eguneroko lana eskertu ditu. Hori oso garrantzitsua izan da Bergarako Lehen Mailako Arreta Unitateak eta Debagoieneko osasun-erakunde diferenteek agiri hau lortzeko. Aipaturiko ESIa da, izan ere, Osasun Sailak hautaturikoa, ekimen hau abian jartzeko, gero Osakidetzako sare osora hedatzeko asmotan.

Osasun Sailarentzat eta Osakidetzarentzat, kalitatea pazientearen segurtasunean datza, eta asistentzia emateko prozesuen eraginkortasunaren oinarrizko euskarri bat da, eta, hala, 2013-2020 aldirako Osasun Planak zehaztutako jarduketa-ildo lehenetsietako bat da. Izan ere, pazientearen segurtasunerako estrategiari loturiko proiektuak garatuta, eta EAEko erakunde sanitarioetan arreta emandako pertsonen segurtasun-bermeen esparrua zehazten duen pazienteen segurtasun-neurriei buruzko Dekretu onartu berria kontuan hartuta, Euskadi puntako eskualdeetako bat da Europan, pazientearen onerako segurtasun-neurrien arloan.

Nazioartean ospe esanguratsua duen egiaztapen-eredu honek zehatz-mehatz ebaluatzen dituen oinarrizko arloak dira aipatutako guztia eta “pazientea oinarri duen arreta”, oinarrizko osagaitzat duena arreta-jarraipena.

Gaur egun, osasun-egiaztapenetan, munduan ez dago Joint Commisionek adina esperientzia duenik. 50 urtetik gora daramatza osasun-erakundeen eta erakunde soziosanitarioen kalitatea eta segurtasuna hobetzeari emana. Gaur-gaurkoz, munduan 20.000 erakunde inguru egiaztatu ditu, tartean, Osakidetzaren DebagoienekoESIa.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko