Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria 'Orain 80 urte' ekitaldian izan da lehen Eusko Jaurlaritzaren urteurrena ospatzeko proiektuaren barruan

2016.eko abenduak 13
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Iñigo Urkullu lehendakaria Orain 80 urte ekitaldira joan da, Agirre Lehendakaria, gure izaeraren ispilu, retrato de lo que somos, ekimenaren barruan dagoen euskal diasporari egindako omenaldia. Horrekin, lehen Eusko Jaurlaritza eratzearen 80. urteurrena ospatu nahi izan da. Urkulluk euskal komunitateak kanpoaldean duen konpromisoa nabarmendu du. Izan ere, lagungarri izan da ohiturak, kultura eta hizkuntza zabaltzeko eta Euskadiren presentzia indartu du munduan.

Ekitaldia streaming bidez eman da eta Orain 80 urte dokumentalaren emanaldia izan du ardatz. Protagonista Rocio da, euskal erbesteratuen biloba den gazte argentinar bat, eta euskal gizarteko pertsona nabarmenek hartzen dute parte, hala nola Ángel Iribarrek, Kirmen Uribek, Andoni Luis Adurizek, Manu Lezertuak edo Paco Etxeberriak, besteak beste. Dokumentalaren emanaldia Kepa Junkerak zuzendutako ikuskizun batean egin da, eta Juan Iñaki Berezibarren ahotsa eta perkusioa izan ditu lagun. Ekitaldia Radio Vitoriako kazetari Ismael Díaz de Mendibilek aurkeztu du eta konexio bat izan du Viedmako Aberri Etxearekin, Argentinan.

Principal Antzokian egungo gobernuko kideak bildu dira, hala nola Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkoreka, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburu Arantxa Tapia, Enplegu eta Gizarte Politiketarako sailburu Beatriz Artolazabal, Ogasun eta Ekonomia sailburu Pedro María Azpiazu, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria, Segurtasun sailburu Estefanía Beltrán de Heredia, edo Lan eta Justizia sailburu María Jesús Carmen San José, eta baita erakunde arabarren ordezkariak ere, hala nola Arabako diputatu nagusi Ramiro González, Arabako Batzar Nagusien lehendakari Pedro Elosegui, edo Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran.

Urkulluk Agirre Lehendakariaren eta 80 urte bete dituen lehen Eusko Jaurlaritzaren irudia gogorarazi ditu eta, aldi berean, orain arte “autogobernuari esker” egin diren aurrerapenak aitortu ditu. Lehendakariak euskal diasporarentzat ere izan ditu hitzak eta bere konpromisoa agertu du Euskadiren presentzia munduan indartzeko, nazionalitate bikoitzari eutsita eta euskal ohiturak, kultura eta hizkuntza zabaltzen lagunduta.

GURE IZAERAREN ISPILU

Gure izaeraren ispilu, retrato de lo que somos proiektua José Antonio Agirre eta hark Eusko Jaurlaritzaren buru gisa egindako lana gogoratzeko, gizarteratzeko eta ezagutarazteko proiektua da. Horretarako, EITBk gai desberdinetako zenbait dokumental ekoitzi ditu: 4 egile-dokumental (Gernika, Paris, Berlin eta New York) José Antonio Agirreren erbesteratzeari buruz; haren jarduera politikoari buruzko dokumental bat Daniel Grao aktorea lehen lehendakariaren paperean dela, eta Euskadiren historiaren azken 80 urteotako bilakaerari buruzko dokumental bat bigarren belaunaldiko emakume euskal argentinar baten bidez.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak