Eu

Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak bilera bat egingo dute asteartean errekurritutako lau legeren inguruan akordioa lortzeko

2016.eko abenduak 13

Lehendakariak Gobernu Kontseiluari jakinarazi dionez, “ez dago zirkunstantziarik” Presidenteen Batzarrera joateko

Eusko Jaurlaritzak aldebiko bilera bat egingo du asteartean gobernu espainiarrarekin Mariano Rajoyren kabineteak, jardunean zegoenean, errekurritutako lau legeren inguruan akordio bat “aztertzeko”. Eusko Jaurlaritza bilerara joango da “akordio eta ulermenerako borondatez” eta Gernikako Estatutuan jasotako eskumenak defendatzeko “jarrera argiarekin”, bere bozeramaile Josu Erkorekak gaur ziurtatu duenez. Bozeramaileak jakinarazi duenez, gainera, lehendakariak Gobernu Kontseiluari adierazi dio ez dela joango datorren urtarrilaren 17ko Presidenteen Batzarrera.

Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Erkorekak lehendakariak hartutako erabakiaren berri eman du. Haren ustez, une honetan “ez dago zirkunstantziarik” foro horretan egoteko, eta “bere errespetu handiena” erakusten dio hari. Urkulluren ustez, Euskadiko “autogobernuaren berezitasuna balioesteko garaia" da, Estatuaren eta Euskadiren arteko “aldebiko harremanen bidez” bideratu behar dena.

Datorren asteartean hain zuzen, “izaera teknikoko” aldebiko topaketa bat izango da Eusko Jaurlaritzaren eta Estatuko Gobernuaren talde juridikoen artean eta, Erkorekak azaldu duenez, harreman politiko batzuk izan dira aurrez, non bi gobernuek beren borondatea adierazi duten jarduneko gobernu espainiarrak Konstituzio Auzitegiaren aurrean jarritako helegiteak “berehala kentzeko” akordioetara iristeko, zehatzago Eusko Legebiltzarrak onartutako lau legetan eragina dutenak: Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legea, Adikzioei buruzko Legea, Legegintzako Herri Ekimenari buruzko Legea eta 1978 eta 1999 artean legez kontrako errepresio-egoeretan giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta ordaina emateko Legea.

Eusko Jaurlaritzak modu “positiboan” baloratu du espainiarrak lau eskumen-gatazka horiek negoziatzeko asmoa onartzea aldebiko bilera baten bidez, sinetsita baitago politikaren judizializazioak “liskarra areagotu besterik ez duela egiten”. “Beti esan dugu arazo politikoak elkarrizketaren eta negoziazioaren bidez konpontzen direla, ez auzitegien bidetik”, esan du Erkorekak, eta ziurtatu du Eusko Jaurlaritza “akordio eta ulermenerako borondatez” joango dela bilerara.

AURREKONTU LEGEAREN ALDAKETA

Bestalde, Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoaren 2016rako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen Legea aldatzeko lege-proiektua onartu du gaur. Aldaketaren helburua da arau horretan aurreikusitako gehieneko zorpetze-muga Foru Aldundien ekarpenen aurrelikidaziora eta Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Estatuko Administrazioaren artean duela gutxi adostutako aurrekontu-egonkortasuneko helburuen berrikuspenera egokitzea. 

2016-12-13 gai-zerrenda

Prentsa txostena

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2016.eko abenduak 13

    Si el lehendakari no acude a la conferencia de presidentes debería acudir al menos el consejero portavoz.

Ekitaldiko kargudunak