
Beatriz Artolazabalek Desgaitasuna duten Pertsonen Egunean parte hartu du
- "Por la inclusión: Tú también - Inklusioaren Alde: Zeu-k ere"
- Desgaitasun Fisikoa eta Organikoa duten Pertsonen Bizkaiko Federazio Koordinatzailearen (FEKOOR) jarduerak Bilbaoko Areatzan
- “Pertsona bakoitzak bizitza-eredu independentea garatzeko aukera izan dezan bermatzea da asmoa eta guztiok partekatu behar dugu gizarte inklusibo baten barruan”
Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Egunaren ekitaldietan parte hartu du gaur goizean, Desgaitasun Fisikoa eta Organikoa duten Pertsonen Bizkaiko Federazio Koordinatzaileak (FEKOOR) Bilbaoko Areatzan garatu duen sentsibilizazio-ekitaldiaren barruan. Federazioak 8.000 pertsona inguru biltzen ditu, desgaitasun fisikoa eta/edo organikoa duten pertsonen inklusioa gizartearen esparru guztietan lortzeko asmoz.
Artolazabalek arretaz jarraitu du “Por la inclusión: Tú también - Inklusioaren Alde: Zeu-k ere” kanpainaren aurkezpena, “pertsona bakoitzak, bere eragin-eremu pertsonaletik edo profesionaletik, aniztasuna baliotzat izango duen eta pertsona guztioi geure bizitza-proiektua garatzeko aukera emango digun gizarte inklusibo bati babesa emateko zer egin dezakeen” azaltzen duena.
“Pertsona bakoitzak bizitza-eredu independentea garatzeko aukera izan dezan bermatzea da asmoa eta guztiok partekatu behar dugu gizarte inklusibo baten barruan”, adierazi du Artolazabal sailburuak.
Topaketan Gurutze Beitia aurkezle eta animatzaileak parte hartu du. Goizean, FEKOOR Telebistako taldeak prestatu duen gizarte-inklusioari buruzko erreportaje bat ikusi ahal izan da eta 2016ko FEKOOR Sariak banatu dituzte. Hauek izan dira saridunak: Lectura Fácil Euskadi-Irakurketa Erraza (Irisgarritasuna); EMAKUNDEren Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko arloa (Emakumeak eta desgaitasuna); Bizkaiko Kirol Egokituaren Federazioa (Inklusioaren eta aukera-berdintasunaren arloko jardunbide egokiak); eta Begoña Beristain kazetaria (Komunikazioa).
Mi Dulce Geisha taldeak eta antzerki inklusiboaren performanceak, TABUren eskutik, “La conquistadora del fin del Mundo (Versión bordillos)” obrarekin eman diote amaiera topaketari. Desgaitasun Fisikoa eta Organikoa duten Pertsonen Bizkaiko Federazio Koordinatzailea (FEKOOR) Eusko Jaurlaritzak ‘onura publikokotzat’ jo duen irabazi-asmorik gabeko erakundea da. Desgaitasun fisikoa eta organikoa duten pertsonen Bizkaiko 20 elkarte nagusiak batuta eratu da, eta 8.000 pertsona baino gehiago biltzen ditu lurralde historiko horretan.
-
2016-12-03
Comentario de Twitter:
Beatriz Artolazabal participa en el Día de las Personas con Discapacidad https://t.co/LuVeBmqwAu