Berriak Segurtasuna
Eu

Zirkulazio-istripuak saihesteko Trafiko Zuzendaritzaren gomendioak

2016.eko abenduak 02

Errepidean zuhurtasuna eta errespetua areagotu behar da hainbat jai-egun dituen aste honetan

Gaurtik, abenduaren 2tik, abenduaren 11ra arte, igandea, hainbat jai-egunetako aldi bati ematen zaio hasiera, eta pertsona askok baliatuko du opor-zubiez gozatzeko. Hori dela eta, Euskal Autonomia Erkidegoan nabarmen gehituko dira errepidean zeharreko joan-etorriak.Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak erne ibiltzeko eta zuhurtasunez jokatzeko dei egin die gidariei.  

“Aurtengo egutegian, abenduko lehen astean, jai-egun bat dugu asteartean eta beste bat ostegunean, eta horrek hamar eguneko opor-zubi luzea egiteko aukera eman du –adierazi Garbiñe Sáez Molinuevo Trafikoko zuzendariak–.Ezbeharren kopuruak behera egiten jarraitzen du, eta aisialdiko egun hauen ondoren horrela jarraitzea gustatuko litzaiguke.Horrenbestez, gogorazi nahi dugu zuhurtasunez eta errespetuz gidatzea dela bide-segurtasuna sustatzeko modurik onena”.

Joan den urteko abenduaren 4tik 8ra bitartean –2015ean jai-egunak ostiraletik asteartera luzatu ziren– Ertzaintzak guztira 80 trafiko-istripu erregistratu zituen Euskal Autonomia Erkidegoko errepideetan (19 istripuk biktimak izan zituzten eta 61 biktimarik gabekoak izan ziren). Ezbehar horietan ez  zen inolako heriotzarik izan, baina bi pertsona larri zauritu ziren. 2014. urteko aldi berean –Maria Sortzez Garbiaren zubian– guztira 173 trafiko-istripu erregistratu zen (44 istriputan biktimak izan ziren); ez zen heriotzarik izan, baina bost pertsona larri zauritu zen.

Gomendioak:

Bidaiatu behar izanez gero, komeni da honako gomendio hauek aintzat hartzea:

Bidaia egin aurretik, komeni da errepideetako zirkulazio-egoeraren jakinaren gainean egotea. Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak hainbat bidetatik ematen du unean uneko trafiko-egoeraren berri (www.trafikoa.eus web-gunea, @trafikoaEJGV Twitterreko kanala, TrafikoaEJGV app-a eta 011 telefonoa).

Gidatu behar baduzu, ez edan edari alkoholdunik eta ez hartu beste mota bateko drogarik.

Segurtasun-uhala erabili behar da, baita atzeko eserlekuetan ere, eta ziurtatu beharko da adin txikikoek haurrak eusteko sistema egokia daramatela.

Bidaian komeni da atsedenaldiak egitea, gutxienez bi orduan behin. Nekea eta deskuiduak dira trafiko-istripu askoren arrazoi nagusiak.

Bigarren mailako errepideetatik zirkulatzen denean, erne jarraitu beharko dugu, nahiz eta ibilbide ezagunak izan. Gehiegizko konfiantza ez da bidaia-lagun ona izaten.

Arretaz eta errespetuz jokatu errepidean aurki ditzakegun txirrindulariekin. Txirrindulariak aurreratzean metro eta erdiko tartea, gutxienez, utzi beharko da haien alboan.

Baldintza meteorologiko kaskarrekin zuhurtasuna areagotu beharko da: abiadura mantsotu, eta aurrean ditugun ibilgailuekiko tartea gehitu beharko da. Errepidea bustita badago, espazio handiagoa beharko da ibilgailua gelditzeko.

Euria egiten badu, pneumatiko higatu batzuek ez dute ura behar bezala kanporatuko, eta istripuak eragin ditzakete. Horregatik aldatu beharko ditugu aldian behin. Haizetako-garbigailuek beti egoera onean egon beharko dute.

Izotza agertzen denean, ABS  moduko edo lau gurpileko trakzioa moduko sistema modernoek ez gaituzte irrist egitearen arriskuaz libratuko; hartara, abiadura murriztu eta zuhurtasuna gehitu beharko da.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak