Eu

Gizartearen eta ekonomiaren arloko eragileek eta euskal erakunde guztiek bat eginik ospatu dute euskararen nazioarteko eguna

2016.eko abenduak 03

Eguerdian egin da Bilboko Guggenheim Museoan gaur, abenduaren 3an, ospatzen den Euskararen Nazioarteko Eguneko ekitaldi nagusia. Eusko Jaurlaritzak, hiru foru-aldundiek, hiru hiriburuetako udalek, EUDELek eta UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) osatzen duten Hizkuntza Politika gaietarako Administrazio Publikoen Koordinaziorako Batzordeak, HAKOBAk, antolatu du ekitaldia.

Zer egin dezaket nik euskararen alde?" goiburuarekin adostu dute euskal erakundeek adierazpen instituzionala, eta orain arte bostehun atxikimendutik gora jaso ditu: herritarrak, hiru lurralde historikoetako Batzar Nagusiak, Eusko Jaurlaritza, enpresak, enpresa-elkarteak, kulturaren arloko elkarteak, finantza- eta hezkuntza-erakundeak, sindikatuak, alderdi politiko guztiak, saltokiak, hedabideak, kirolariak eta kirol-taldeak daude, besteak beste, dokumentu luze horretan.

Gaurko ospakizunean gizartearen eta erakundeen esparruko ordezkaritza zabala izan da. Edu Muruamendiarazen Aukeran Dantza Konpainiak eman dio hasiera ekitaldiari, eta Koldobika Jauregik performance bat egin du Euskararen Txantxangorrian oinarrituta. Ane Anzak eta Susana Cencillok lagundu diote musikarekin eta dantzarekin. Jende ezagunak “Zer egin dezaket nik euskaren alde?” galderari emandako erantzunak jasotzen dituen bideo bat ere proiektatu da.Durangoko liburu eta disko azokak ere parte hartu du Euskararen Nazioarteko Egunean, eta hainbat idazle eta musikarik egin dute bat ospakizunarekin. Petti musikari nafarrak,  Juan Luis Pérez Mitxelenak, Xabier Leteren Euskalerri Nerea kantua abestu du.

Azken 40 urteotan, hizkuntza modernoa eta gaur egungo gizartera egokitua izatera iritsi arte, euskarak izan duen bilakaera berrikusten duen adierazpen instituzionala irakurri dute ekitaldia antolatu duen HAKOBAko kideek.

“Euskara hizkuntza erabilia eta bizia izatea: horra gure helburua”, jarraitzen du adierazpenak. “Guztion gogoa eta ahalegina eskatzen dituen helburua; helburu ilusionagarria: denok euskara erabiltzera gonbidatzen gaituen helburua: norbanakoak  eta kolektiboak, aginte publikoak, alderdi politikoak, sindikatuak, enpresari-elkarteak, eta kirol, aisialdi nahiz kultur arloko elkarteak; gizartearen arlo desberdinetako erakundeak, etab. Gustuko dugun helburua da, gustura hartzen dugun konpromisoa".

Bestalde, ekitaldian izan diren hogeiren bat pertsonak ere erantzun diote, eurek aukeratutako hizkuntzan, euskaraz edo gaztelaniaz, “Zer  egin dezaket nik euskararen alde? ¿Qué puedo hacer yo por el euskera? galderari: Confebaskeko Eduardo Aretxagak; Konfekoopeko Rosa Lavinek; Real Sociedad Fundazioaren zuzendari Andoni Iraolak; Athleticeko presidente Josu Urrutiak; Alaveseko Alfonso Fernández de Trokonizek; Eibarren presidenteorde Mikel Larrañagak; Bizkaiko Arraun Federakuntzako Gorka Elordik; UPV/EHUko Euskararen arloko errektoreorde Jon Zaratek; Mondragón Unibertsitateko Idoia Peñacobak; Deustuko Unibertsitateko José Antonio Rodríguez Ranzek; Tecnumeko Jose María Sarriegik; UNEDeko Iban Arantzamendik; Euskal Kazetarien Elkargoko dekanorde Amaia Goikoetxeak; UGTko Raúl Arzak; CCOOko Unai Sordok; EAJ-PNVko Bizkai Buru Batzarreko lehendakari Itsaso Atutxak; PSE-EEren izenean Jon Azkuek; Eusko Legebiltzarreko EH Bilduren bozeramaile Maddalen Iriartek; Alderdi Popularraren bozeramaile Laura Garridok; Podemos Euskadiko idazkari nagusi Nagua Albak; AEK-ko Mertxe Mugikak; Topaguneko Elena Lakak; Euskadiko fiskal nagusi Juan Calparsorok eta Bilboko epaile dekano Aner Uriartek. Bizkaiko diputatu nagusi Unai Rementeriaren esku-hartzeak eman dio amaiera ekarpenen txanda honi.

Ekitaldia amaitzeko Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak esku hartu du.

Atxikimenduak jasotzen dituen zerrenda ikusgai dago, eta   www.euskararentxantxangorria.eus atarian kontsulta daiteke.

 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @LuanaLB
    2016.eko abenduak 05

    Comentario de Twitter:
    Agentes sociales, económicos y todas las instituciones vascas unidos conmemoran el Día Internacional del Euskera https://t.co/Un6CVoeRo0

  • @UrienIzaskun
    2016.eko abenduak 03

    Comentario de Twitter:
    Agentes sociales, económicos y todas las instituciones vascas unidos conmemoran el Día Internacional del Euskera https://t.co/rEol4ZeubF

Ekitaldiko kargudunak