Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria Bihotza Sariak banatzeko ekitaldian izan da

2016.eko abenduak 02
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Iñigo Urkullu lehendakaria Bihotza Sarien hamargarren edizioan izan da gaur goizean. Bilbao Historiko elkarteak antolatzen dituen sariak banatzeko ekitaldia Bilboko Berreginen Museoan egin da. Urkulluk nabarmendu du enplegu-aukerak sortzen laguntzea dela Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna. Ildo horretan, gogorarazi du azaroan langabeziak behera egin duela eta 3.481 langabe gutxiago izan direla. 

Sariak banatzeko ekitaldian izan dira, halaber, Bilbaoko alkate Juan Mari Aburto, Gizarte Ekintzako foru-diputatu Isabel Sánchez Robles, Bilbao Historiko elkarteko lehendakari Unai Azpuru eta enpresen, merkataritzaren, negozioen, patronal eta sindikatuen, erakundeen, instituzioen, profesionalen, komunikazio-agentzien, elkarteen, kultur fundazioen eta GKE-en orderdezkariak.

Lehendakariak gogorarazi du erakunde publikoei dagokiela gizarteratzea ahalbidetu eta gizarte-zerbitzuen unibertsaltasuna, irisgarritasuna eta kalitatea bermatuko duten politikak garatzeko eginkizuna. Ildo horretan, gogorarazi du enplegua dela gizarteratzea lortzeko tresnarik onena. Hain zuzen ere, gaur ezagutzera eman dituzten azaroko langabeziaren datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan 3.481 langabe gutxiago daude. “44 hilabete daramagu jarraian enpleguan aurrera egiten; horixe da lehentasun soziala, Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna”, gehitu du.

SARITUAK

Sarituak hedabide ugaritako ordezkariek hautatutako profesionalak eta erakundeak dira, gainerakoei laguntzeko egindako lanagatik nabarmendutakoak. Edizio honetan sari hauek banatu dira:

Bihotza Inklusio Saria: pertsona guztien inklusiorako bihotzez eta arrakastaz kudeatutako erakundeari ematen zaio saria, batez ere talde ahulenekin edota gizarte-bazterketako arriskupean daudenekin aritzen badira. Aurten, ADSIS Fundazioari emango zaio.

Bihotza GKE-en KUDEAKETA Saria: saria jarduera eta ibilbideagatik nabarmendu den GKEari ematen zaio, gizartetik hartutako baliabideen kudeaketa onean oinarrituta. Aurten, APNABI Autismo Bizkaia erakundeari emango zaio.

Bihotza Merkataritza Saria: lanean izandako inplikazioagatik eta kausa solidarioekiko babesagatik nabarmendu den saltokiari, merkatariari edota merkataritzako taldeari ematen zaio. Aurten, Bizkaiko Gozogileen Alkartasunari emango zaio.

Bihotza Erretiro Aktiboa Saria: ibilbide profesionala amaitu ostean, bizitza aktibo eta solidarioa suspertzearen alde lanean aritu den pertsonari edo erretiratutako pertsonen taldeari ematen zaio. Aurten, SECOT – Lankidetza Teknikorako Seniorrak erakundeari emango zaio.

Bihotza Bizkaiko Ekintzailetza Saria: ekintzailetzarekiko edota berriki ekindako jarduera baten arrakastarekiko babesa adierazten duen erakundeari ematen zaio, baldin eta enpresak elkartasunaren aldeko apustua egiten badu. Aurten, AZERI NATURA erakundeari emango zaio.

Bihotza Bizkaiko Ibilbidea Saria: ekimen solidarioa denboran zehar hazi, proiektatu eta mantendu duen erakundeari edo profesionalari ematen zaio. Aurten, SABIN IPIÑA jaunari emango zaio.

Bihotza Komunikazioa Saria: ibilbideagatik, informatzeko ekimenagatik edota hedabideetan gaur egungo gizarte- eta elkartasun-arloa hedatzeagatik nabarmendu den komunikabideari edota profesionalari ematen zaio. Aurten, Ramón Bustamante jaunari emango zaio.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak