Eu

Beatriz Artolazabalek familien, gizarte-elkarteen eta erakundeen arteko elkarlanerako deia egin du, adimen-desgaitasuna duten pertsonen erabateko gizarte-inklusiorako

2016.eko abenduak 02

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, Bilboko Euskalduna Jauregian egindako ekitaldi batean, familien, gizarte-elkarteen eta erakundeen arteko elkarlanerako deia egin du, adimen-desgaitasuna duten pertsonen erabateko gizarte-inklusioa lortzeko.

Adimen-desgaitasuna duten pertsonen familien elkarteek sortutako FEVAS federazioak antolatu duen ‘Inor kanpoan gera ez dadin” jardunaldian parte hartu dute Hugo Baroja federazioaren presidenteak, Isabel Sánchez Robles foru-diputatuak, Michael Wehmeyer Kansaseko Unibertsitateko irakasleak (laguntza-premia handia duten pertsonen bizi-kalitateaz hitz egin du), eta Berta González “Plena Inclusion” erakundearen Bizi Kalitatea Arloko arduradunak.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu izendatu ondoren Beatriz Artolazabalek izan duen lehen ekitaldi honetan adierazi du: “euskal gizarte osoak, bertako erakundeekin eta gizarte-elkarteekin, lanean dihardu gizarte inklusiboagoa, zuzenagoa eta solidarioagoa eraikitzeko, bertan pertsona guztiek haien bizi-proiektuak gauzatu ahal izan ditzaten, batez ere adimen-desgaitasuna duten pertsonen arlo honetan”.

Eusko Legebiltzarrean joan den ostegunean egindako inbestidura-saioan Iñigo Urkullu lehendakariak esandako hitzak gogorarazi ditu sailburuak; lehendakariak hau adierazi zuen: “administrazio publikoaren betebeharra da bermatzea pertsonen duintasuna, funtsezko bizi-baldintzak, aberastasunaren birbanaketa eta pertsonarik kaltetuenen arreta”.

Artolazabalek aditzera eman duenez, “azken urte hauek bereziki latzak izan dira Euskadiko familientzat; krisialdi ekonomikoa etxe askotan nabaritu da, eta estutasun- eta ziurgabetasun-uneak izan dira. Oraindik ere, pertsona askorengan du eragina”.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak adierazi duenez “administrazio publikoak ere ez gara errealitate horrez kanpo egon”. Bere kargua aurrez bete duten Aburto eta Toña sailburuek egindako lana aintzatetsi du, “ahalegin handia egin baitute gizarte-politikak gure gizartearen ardatz egituratzaile gisa bermatzeko, eta zinez eskertzen dut ahalegin hori”.

Zerbitzuak

Erabateko inklusioa kudeatzeko, Artolazabalek Gizarte Zerbitzuen Zorroari buruzko Dekretua aipatu du, “Gizarte Zerbitzuen Legean aurreikusten diren gizarte-zerbitzuetarako eta -prestazioetarako eskubidearen zehaztapen praktikoa den aldetik. Hau da, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren unibertsalizazioa”.

Europar Batasunean sei pertsonatatik batek du desgaitasunen bat, maila batekoa edo bestekoa. 80 milioi pertsonek dute oztopo fisikoak gainditu eta gizarte-jardueretan guztiz parte hartzeko beharra” nabarmendu du Artolazabalek, eta gogorarazi du desgaitasunen bat duten pertsonek batez bestekoak baino % 70eko pobrezia-indize handiagoa dutela, urritasun fisiko edo intelektual horren ondorioz gutxiagok baitu enplegua.

“75 urte baino gehiagoko pertsonen heren batek baino gehiagok desgaitasunen bat du, eta % 20k baino gehiagok oso gaitasun mugatuak dituzte adierazi du sailburuak.

“Legean deskribatzen diren zerbitzu eta prestazio gehienak jada egiten dituzte euskal erakundeek: Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek eta Udalek. Dekretu horren garapenak aurrera egiteko aukera emango digu, betiere, jakina, zuen laguntzarekin eta ekarpenekin. Inor kanpoan gera ez dadin” ondorioztatu du Beatriz Artolazabalek.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak