Berriak Osasuna
Eu

Jon Darpón: “Osakidetzan asko aurreratu den arren, Euskararen presentzia eta erabilera osasun erakunde guztietan bermatzeko lanean jarraituko dugu”

2016.eko abenduak 01

Gaur burututako jardunaldi batean, euskara normalizatzeko eta sustatzeko ESIetan egindako proiektuak nabarmendu ditu Osakidetzak  

  

Gaur Jon Darpón Osasun sailburuak jardunaldi batean hartu du parte. Bertan Osakidetzak, bigarren urtez jarraian, euskara normalizatzeko eta sustatzeko ESIetan garatzen ari diren proiektuak azpimarratu nahi izan ditu, eta Osakidetzaren sare osoan hizkuntzaren erabilera sustatzeko eragina eta eskuduntza aitortu ditu.

Euskararen egunarekin lotuta, Jon Etxeberria Osakidetzaren zuzendari nagusiak, eta Osakidetzako osasun-erakundeetako profesionalek eta ordezkariek ere parte hartu duten Gasteizen egindako ekitaldian, Jon Darpón Osasun sailburuak Osakidetzan euskararen presentzia eta erabilera bermatzeko egindako lana eta emandako urratsak azpimarratu ditu. Horretaz gain, honakoa adierazi du: “Euskararen erabilera normalizatzeko Bigarren Planaren inguruan, Osakidetzak hizkuntzaren erabileraren normalizazioan lanean jarraituko du osasunaren esparruan.  Euskararekin eta kalitatezko osasun-zerbitzu bat eskaintzearekin konpromisoa dugu”.

Bigarren edizio honetan, euskara sustatzeko eta erabiltzeko aurten aztertutako eta gauzatutako zazpi proiektuetatik (Debagoiena ESIn; Bizkaiko Buru Osasuneko Sarean; Barrualde-Galdakao ESIn; Ezkerraldea-Enkarterri-Cruces ESIn; Donostialdea ESIn; Araba ESIn eta Barakaldo-Sestao ESIn) ekitaldi honetan hiru nabarmendu eta adibide gisa aurkeztu dira.  

Zehazki, Debagoiena ESIren “Osakidetzan, nik euskaraz nahi dut” kanpaina. Honako helburua dauka: herritarrak animatzea euskara eska dezaten euren lehentasunezko hizkuntza izateko arreta edo laguntza jasotzen dutenean.

Bestalde,  Barrrualde–Galdakao ESIk, ahozko komunikaziorako lehentasuneko hizkuntzaren gaineko proiektu baten bitartez, erabiltzaileari, honek erabakitako hizkuntzan arreta eskaintzeko konpromisoa hartu du. Horretarako, profesionalei euren lana euskaraz burutzen laguntzeko neurriak ezarri ditu.

Eta azkenik, Donostialdea ESIk garatutako Ezagutzatik Erabilera eta Gertu programak agertzen dira. Ezagutzatik erabilera izeneko programaren bitartez, jarrerak aztertu dira eta euren inguruan gogoetak egin dira, euskararen erabilera eragozten duten aurreiritziak eta oztopoak gainditzeko. Horretarako, ESIren, erabiltzaileen eta profesionalen ikuspuntuak landu dira. Eta Gertu programa lehen mailako arreta-zentroetarako diseinatutako esku-hartze bat da, eta norberaren ahalmenaren arabera, langileen eguneroko lan-dinamikan euskara erabiltzeko helburua dauka.

Proiektuak aurkeztu ondoren, Jon Zarate UPV/EHUko Euskararen arloko errektoreordeak hitzaldi labur bat eskaini du, osasunaren arloko euskarazko unibertsitate-azterketen bilakaera, laguntza-zerbitzuen kalitatea eta osasun-zerbitzuetan hizkuntzaren erabilera lotzen dituen ebidentzien inguruan.

 

EUSKARAREN EGUNAREN INGURUAN OSAKIDETZAK ANTOLATUTAKO EKITALDIAKjg

 

Euskararen Eguna dela eta, Osakidetzak, bertan euskara normalizatzeko eta sustatzeko aitorpen-jardunaldi honetaz gain, aurten ere, Erakunde Sanitario Integratuetan egun hauetan garatuko diren hainbat jarduera antolatu ditu.

Bihar, ostirala, Osakidetzako Zuzendaritza Nagusian, Gasteizen, “Kutsidazu bidea, Ixabel” eleberriaren irakurketa dramatizatua egingo da,  txotxongiloak, musika eta irudiaz baliatuz. Ondoren, 12:00etatik 13:30etara, IV Kafe Mundiala burutuko da.

Gainera, ostiralean, Donostialdea ESIk, Donostia Unibertsitate Ospitalean, euskarazko lan onenen saria banatuko dizkie Egia Osasun Zentroaren “Diabetesaren talde heziketa” lanari eta Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sarearen “Garenaz gozatuz” lanari. Bihar ere, Galdakao-Usansolo ospitalean, Barrualde-Galdakao ESIk laguntzako langileei zuzendutako “Bizitzaren amaieran arreta ahalik eta onena emateko asmoz” izeneko saio kliniko berezia antolatu du.  

Bestalde, gaur arratsaldeko 19:30etik 20:30era, Santiago Ospitaleko ekitaldi-aretoan, Araba ESIk Cantaraba abesbatzaren eta Crescendo haur-abesbatzaren emanaldiak antolatu ditu; eta bihar ostiralerako, berriz, goizeko 11:00etatik 12:00etara Euskal  Kafea antolatu du Txagorritxu eta Santiago Ospitaletan.

Ezkerraldea-Enkarterri-Cruces ESIk “Bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko Irizpideak” izeneko triptikoa banatuko du bere erakundeen artean. Abenduaren 14an, berriz, “Komunikabideen lana Osasungintza arloan” izeneko  saio kliniko berezia antolatu du. Saioaren hizlaria, Gara egunkariko zuzendaria, Iñaki Soto,  izango da, eta Komunikabideen eta Osasungintzaren arteko harremanak aztertuko ditu. 

 

Vitoria-Gasteiz, 2016ko abenduaren 1a

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Jon Zárate, EHUko Euskara Errektoreordea