Berriak Segurtasuna
Eu

Etxebizitzetako lapurretak direla eta, Ertzaintzak datozen asteetan ere adi egotea eskatzen du

2016.eko azaroak 30

Zubi luzea eta Eguberriak egun aproposak dira gisa horretako delinkuenteen jardunerako

Etxebizitzetako lapurretak lehen bederatzi hiletan % 12,22 murriztu dira Euskal Autonomia Erkidegoan; hala ere, abenduan jai-egun eta opor-egun ugari metatzen denez gero, eta aisialdiari eta joan-etorriei eskaintzen zaien denbora gehitzen denez gero, abenduan gehitu egin ohi da arlo horretako delituak izateko arriskua. Delinkuentzia mota horrek gizarte-alarma handia sortzen du.

2015eko abenduan, Ertzaintzak Euskal Autonomia Erkidegoan guztira 256 salaketa ikertu zuen etxebizitzetan izandako lapurreten ondorioz (15 Araban, 161 Bizkaian eta 80 Gipuzkoan). Ertzaintzak egintza horien ondorioz guztira 23 delinkuente eraman zituen epailearen aurrera. Gehien bat Europako ekialdetik etorritako lapur espezialistak ziren. Lapur horiek banda ibiltarietako kideak ziren, hainbat autonomia-erkidegotan azpiegitura dutenak.

Talde horien ‘modus operandiak’ ezaugarri jakin batzuk izan ohi ditu:

  • Aurrez etxebizitzaren sarrerako atean “eranskin” txiki bat jartzen dute (argazkietakoaren gisakoa). Atea irekitzerakoan erortzeko moduan jartzen dute, eta hala jakin dezakete etxebizitzan pertsonak dabiltzan edo ez.
  • Eranskinak bere horretan jarraitzen badu egun batzuen ondoren, sarraila maneiatzen dute, behartu beharrik gabe, eta atea zabaltzen dute.
  • Etxea zehatz mehatz arakatzen dute, eta, lapurretaren ondoren, hankaz gora geratzen da guztia.
  • Dirua eta bitxiak lapurtzen dituzte batez ere, baita aparatu elektroniko txikiak, argazki makinak eta abar ere.

Adi egon

Hurrengo asteetan zubia eta Eguberriak datozkigula kontuan izanik, Ertzaintzak herritarrei eskatu die adi egoteko eta mota horretako lapurretak saihesten lagun ditzaketen jardun ildoak jarraitzeko:

  • BETI etxeko sarrerako sarrailak giltzez itxi ditugula ziurtatzea (buelta bikoitza).
  • Behar besteko segurtasun-bermeak eskaintzen dituzten sarraila modernoak edukitzea.
  • Atearen markoa aldian behin berraztertzea, “eranskinak” jarri dizkiguten hautemateko, eta halakorik ikusten bada berehala Ertzaintzari ohartaraztea.
  • Buzoietako posta eta publizitatea erregulartasunez kentzea eta etxebizitzan norbait dagoela itxura ematen duten gailuak erabiltzea.
  • Konfiantzako pertsonekin antolatzea, horiek gure etxebizitza nolabaiteko maiztasunez bisita dezaten eta egoera onean dagoela ziurta dezaten.
  • Ertzaintzari ohartaraztea atari barruan edo inguruan pertsona susmagarriak ikusten direnean.
  • Lapurreta bat izanez gero, ez ukitzea ezer, ez txukuntzea etxebizitza, eta berehala deitzea ertzaintzari.

www.ertzaintza.net web-guneak oporraldietarako aholku orokorrak jasotzen ditu, eta horien artean daude hutsik uzten ditugun etxebizitzetan lapurretak saihesteko neurriak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko