Eu

Eusko Jaurlaritzak "Regal" aurkeztu du Bruselan, elikagaien arloan liderrak diren eskualdeen sarea

2016.eko azaroak 28

• Euskadik eta Lombardiak sustatuta, Nafarroak eta Liguriak egin dute bat, eta Gales, Korsika, eta Baden-Würtemberg eskualdeak ere gehituko dira sarera.

• Helburu nagusia da nekazaritza-elikadura kateak balioa sor dezan bultzatzea, prestakuntzaren, berrikuntzaren eta ekintzailetzaren bitartez

Gaur arratsaldean, Eusko Jaurlaritzak REGAL nekazaritzako elikagaien arloan liderrak diren eskualdeen sarea aurkeztu dute Bruselan, Europako Erkidegoko agintarien aurrean. Euskadik eta Lombardiak sustatutako mugaz gaindiko ekimen europarra da REGAL, eta oraingoz Nafarroak eta Liguriak bat egin dute ekimenarekin; halere, beste eskualde batzuk ere gehituko dira ekimen honetara, Gales, Korsika eta Baden-Würtemberg eskualdeak, besteak beste. Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politiketako sailburuorde Bittor Oroz izan da Euskal ordezkaritzaren burua, Kalitate eta Elikagaien Industrien zuzendari Peli Manterolaren laguntzarekin.

Ekitaldian parte hartu dute ordezkari instituzionalek; Nafarroatik (Isabel Elizalde, Nekazaritza eta Landa Garapeneko sailburua), Liguriatik (Stefano Mai, Nekazaritza eta Landa Garapenerako sailburua) eta Lombardiatik (Gianni Fava, Nekazaritzako sailburua), eta horiek, Oroz jaunarekin batera, eskualde bakoitzaren berezko ezaugarriak aurkeztu dituzte eta guztiek REGAL sareko kide izateak dakartzan abantailen defentsa egin dute. Ondoren, Europako Erkidegoko goi ordezkariek hartu dute parte, hala nola Europako Parlamentuko Nekazaritza Batzordeko Herbert Dorfmannek, Elena Panichik (Europako Batzordeko Nekazaritza Zuzendaritza) eta Carlo Corazzak (Europako Batzordeko Garapen Ekonomia Zuzendaritza).

Lankidetza sareak, funtsezkoak

Bittor Orozen hitzetan, “gero eta interkonektatuagoa dagoen mundu eta Europa honetan, lankidetza sareak funtsezko tresnak dira eta landu egin behar ditugu, eta uste dugu eskualdeen arteko lankidetza aukera bat izan daitekeela gure nekazaritzako elikagaien politiken garapen ezin hoberako eta posizionamendu hoberako".

Horregatik, urtebete bat baino gehiago daramagu lanean nekazaritzaren, elikagaien eta landa guneetako garapena sustatzen duten gaietan “liderrak diren eskualdeen” sare bat eraikitzeko. Hau da, arlo horietan garapen autonomikoa, politika propioak garatzeko gaitasuna; eta "prestakuntzan, ekintzailetzan eta berrikuntzan inplikatzea helburu dugun lurraldeak” – gehitu du Oroz-ek.

REGALen sorrera

Gastronomiarekin eta elikadurarekin inplikatutako eskualdeen sarearen sorrera 2015eko urrian “Planeta elikatuz bizitzarako energia” izenburupean Milanen egin zen Nazioarteko Expoaren baitan kokatzen da, non Euskadik, gonbidatu gisa, euskal gastronomiaren eskaintza bultzatuz parte hartu baitzuen; izan ere, ekitaldi horretan Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantxa Tapiak eta Lombardiako Nekazaritza sailburu Gianni Favak lankidetza hitzarmen bat izenpetu zuten eta lankidetza horretatik sortu zen REGAL sarea.

Hitzarmen horren bitartez, Euskadiko eta Lombardiako gobernuek konpromisoa hartu zuten landagune, nekazaritza eta elikagaigintzako esperientziak eta ezagutzak trukatzeko proiektuak bultzatzeko, eremu horretan ekimenak batera garatzeko asmoarekin. “Gobernu biak – adierazi zutenez - bat datoz nekazaritzaren eta arrantzaren sektoreari aurrera egiten lagundu behar zaiola lehiakortasunaren aldetik, ekoizteko gaitasuna bultzatuta nekazaritzako elikagaien katean eta merkaturatzeko estrategia berrietara bideratutako eraldaketari helduta.”

Lankidetza eremuak

Lankidetza hori honako eremu hauetan garatu da:

• Bertako nekazaritzako produktuen kalitatea eta jatorria, merkataritzako zirkuitu laburrak sustatuz.
• Ezagutzen eta berrikuntzen trukea
• Baserri, nekazaritza eta nekazaritzako elikagaigintza eremuetako berrikuntzetan liderrak diren eskualdeen talde bat sortzea Europako eremuan
• Praktika onen trukea eta ohitura gastronomikoak sustatzea helburua duten elikadura heziketarako proiektuak
• Praktika onen trukea eta zirkuitu laburrak sustatzeko proiektuak: “Farmer markets”, zuzeneko salmenta, etab.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak