Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzak naturgune babestuetako mendi-lasterketetarako jardunbide egokien gida prestatzen lagundu dio Europarc Federazioari

2016.eko azaroak 25
  • Lasterketa bakoitzean batez beste 500 kirolarik hartzen dute parte
  • Urtean 700.000 pertsona inguruk egiten dute lasterka penintsula osoko naturgune berezietan barrena
  • Kalkuluen arabera, Planetako eremu babestuek 8.000 milioi bisitari izaten dituzte urtean
  • Mendi-lasterketei buruzko azalpenak, ingurumen-arloko jardunbide egokiak, autonomietako egoera, antolatzaileen eginkizuna, inpaktuen identifikazioa eta horiek leheneratzea, gune babestuaren administrazioak betetzen duen papera eta hainbat adibide jaso dira 80 orrialdetan

VG 16 11 25

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailak naturgune babestuetako mendi-lasterketetarako jardunbide egokien gida prestatzen lagundu dio Europarc Federazioari. Lan horretan batez ere parte hartu dute Eusko Jaurlaritzako Ioseba Ruiz de Loizagak, Kataluniako Generalitateko Nuria Sendrósek eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Mikel Zabalak, Europarc-en Bulego Teknikoko Javier Gómez-Limónek eta Carlota Martínez Alandik koordinatuta. Euskadin 87 proba egin ziren iaz eremu babestuetan, eta batez beste 479 pertsonak hartu zuten parte. Nafarroako Erkidegoan 20 proba egin ziren, horietatik 2 eremu babestuetan, eta batez beste 616 kirolarik hartu zuten parte.

 

Gaur egun 1.900 mendi-lasterketa inguru egiten dira Estatuan, modalitate guztietan: linealak, Trail, Ultra trail, eta Km bertikala. Horietako asko gune babestuetatik pasatzen dira. Tenerifeko Kabildoan 2014an 60 kirol-proba inguru egin ziren Tenerife irlako eremu babestuetan, horietatik 43 mendi-lasterketak izan ziren, esate baterako Tenerife Blue Trail, Teideko Parke Nazionalaren zati handi bat zeharkatzen duena eta 2.000 partaide inguru izan zituena. Guadarrama Mendilerroko Parke Nazionalean bakarrik 40 probatik gora egin ziren 2014an.  

 

Lasterketa horietako bakoitzean batez beste 500 kirolarik hartzen dute parte, eta kalkulatzen da urtean 700.000 pertsona inguruk egiten dutela lasterka naturgune berezietan barrena. Fenomeno honen garrantziaren datu batzuk baino ez dira. Mendiko Kiroletako eta Eskaladako Federazioak (FEDME) proba horien % 23 kontrolatzen ditu, kasu batzuetan federazio autonomikoen bitartez. Horrek esan nahi du % 77 udalek, elkarteek, enpresek eta abarrek antolatzen dituztela, hau da, kirol-egituretan ez dauden baina halako probak antolatzeko interesa duten erakundeek.

 

Gaur egun bat datoz naturguneak kudeatzen dituzten administrazioak eta federazioak: arautu egin behar dira, batetik, kirol-jarduera honek eragiten dituen onurak mantentzeko eta, bestetik, proba horiek hartzen dituzten inguruneak kontserbatzeko, horixe izanik berez naturgune babestu izatearen helburu nagusia.

 

Europarc Federazioa fenomeno honek bazkideen artean, naturgune horiek kudeatzeaz arduratzen direnen artean, sortutako ezinegonaz jabetu zen.   FEDMEk antolatutako CIMA-2015 Nazioarteko Mendi Biltzarrean sortu zen eremu babestuetan egiten diren mendi-lasterketei buruzko lantalde bat eratzeko ideia, biltzarreko ondorioetan jasotako Mendizaletasunaren XXI. mendeko erronkei erantzuna emanez.

 

EUROPARC-en Batzarrak proposatu zuen 2015eko ekaineko bileran arazo hori aztertzeko lantaldea eratzea. Lantaldeak Bartzelonako Diputazioaren eta Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza jasotzen du, eta FEDMEren laguntza du.

 

Helburuak

Lantalde honen helburuak dira naturgune babestuetan gaur egun egiten diren mendi-lasterketen dimentsioak aztertzea; abian dauden eta lasterketa horiek ekonomian eta ingurumenean izan ditzaketen eraginen arauketarekin, jarraipenarekin eta ebaluazioarekin erlazionaturik dauden ekimenak identifikatzea; eta ingurumeneko jardunbide egokien gida bat prestatzea naturguneetako mendi-lasterketetarako. 

 

Mendiko Kiroletako eta Eskaladako Federazioak honela definitzen ditu mendi-lasterketak: kirol-espezialitate bat dira, mendi txiki, ertain eta handietan barrena egiten dira, udan nahiz neguan, eta bidea oinez egiten da ahalik eta denborarik laburrenean eta natura erabat errespetatuz.

 

Nahiz eta mendietan barneratu ziren eta mendietan barrena bidexka eta bidezidorretatik ibili ziren lehenengo pertsonak esploratzaileak eta zientzialariak izan ziren, eremu horietako kirol-jarduerak –gaur egun mendizaletasuna deitzen da– sendotzen joan dira, eta erronka fisiko berriak gainditzeko eta landako biztanleriarengana hurbilduz tokian tokiko historia eta kultura ezagutzeko grina duen hainbat jende erakartzen joan dira pixkana.

 

Mendizaletasuna aspalditik lotu izan da barrendegi horien kontserbazioarekin, eta mendi batzuk naturgune babestu deklaratzeko egin duen lana ere larregi da ezaguna. Hala ere, naturgune jakin batzuek babes berezia dute, hain zuzen ere, naturan ongien kontserbatutako eremuak, eremurik adierazgarrienak, hartzen dituztelako bere baitan, eta paisaia, ekosistema eta espezie zaurgarriak eta ingurumenaren aldetik balio handikoak daudelako bertan. Horietan egiten den edozein jarduerak, kirol-lasterketak barne direla, horien kontserbazioa ziurtatu behar dute. Inpaktuei aurrea hartzea edo inpaktuak arintzea funtsezkoa da eremu babestu horien kontserbaziorako.

 

Naturgune babestu bakoitzaren kategoriak kontserbazio-helburu jakin batzuk ditu, bai eta horiek lortzeko araudi bat eta neurri batzuk ere. Parke nazionalen kasuan, esate baterako, mendi-lasterketak ezohikoak izango lirateke, ez baitaude berariaz araututa Sarearen Plan Gidarian. Egoera horretan gakoak antolamendua eta arauketa dira. Eta horixe da, hain zuzen ere, gidaren planteamendua: ez da mendi-lasterketak egitea debekatzea, baizik eta lasterketa inguruaren ondare-balioak kontserbatzearekin bateragarri egitea, eta horretarako kontrol-irizpide objektibo batzuk ezarriko dira eta hainbat baldintza jarriko dira, beharrezkoa izanez gero murriztaileak izango liratekeenak, ezaugarri horietako ekitaldi bat baimentzeko orduan.

 

Naturgune babestuek dibertsitate biologikoa mantentzen dute, kultura tradizionalak dituzten giza komunitateak hartzen dituzte, kalitatezko paisaiak babesten dituzte eta ura eta lurzoru emankorra sortzen duten eremuak kontserbatzen dituzte, eta, gainera, animalia eta landare espezie askoren babesleku dira eta, gizartearen ikuspegitik, osasuna, espiritua eta bizi-kalitatea aberasteko eta gorputzak eta buruak atseden hartzeko lekuak ere badira.  Aisiarako, jolaserako, kulturarako eta kirola egiteko eremuak dira, guztiak ere eremu babestuek gizarteari ematen dizkioten zerbitzuetan sartuta daudenak.

 

Azken hamarkadotan nabarmen egin du gora era guztietako jarduerak egitera eremu babestuetara joaten den pertsona-kopuruak (azken kalkuluen arabera, Planetako eremu babestuek 8.000 milioi bisita izaten dituzte urtean), eta kirol-jarduerek gero eta presentzia handiagoa dute.  

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Ioseba Loizaga