Berriak Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza

Karlistaren Torka Europako lurpeko laugarren barrunbea da, eta munduko lurpeko barrunberik handienetakoa, eta jada badu bere liburua

2016-11-28
  • 200 orrialde argazki ikusgarriz eta mapaz beteta, Natura Ingurunea Aztertzeko Enbata Sozietateko Javier Morenok eta Iosu Granjak koordinatuta.
  • Leizea Karrantzan dago (Bizkaia) 103.115,41 m2-ko azalera hartzen du, eta 2,2 bilioi metro kubikoko bolumena.
  • XIX. mendeko kondairaren arabera, ofizial karlista bat bertara erori zen liberalengandik ihesi zihoala, eta betiko desagertu zen.
  • BET areto handiak 87.090 m2 inguru ditu, eta 2.140.000 m3-ko bolumena; 8,7 hektarea eta 2 hektometro kubiko: munduko lurpeko hirugarren barrunberik handiena da azaleran eta hamargarrena bolumenean.
  • Europan lurpean aurkitutako aretorik handiena da, eta bigarrena bolumenean, Frantziako Salle de Verna da hura baino handiagoa den bakarra.
  • 497 metro ditu luzeran eta 287 metro altueran, eta 97 metro ditu sabaiko punturik altuenean.
  • Karlistaren Torkan eta Pozalaguan haitzuloetako 37 espezie ornogabe hauteman dira.
  • Hogei metro eskas daude Pozalaguako koba turistikotik, eta horma estalagmitiko lodi batek banandutako bolumen bera dela dirudi.

 

“Esaten dute Karlistaren Torkako lehenengo esploratzaileak eskalada eskegiko azken 84 metroak jaitsi zituenean, bere aiztoa zorrotik atera eta ilunperantz astindu zuela. Ez zuen espero historiaurreko animalia baten erasorik, ez zuen izaki fantastikoetan sinesten, baina une hartan ez zen gai izan aiztoa eskuan zergatik hartu zuen azaltzeko. Zalantzarik gabe, bizi-senari jarraitu zion. Leizeak hainbesteko itolarria eragin zion, babesgabe sentitu zen naturaren handitasunaren aurrean, eta ez zuen jakin bere burua nola babestu”. Natura Ingurunea Aztertzeko Enbata Sozietateak horrela aurkezten du Karrantzan, Bizkaian, dagoen Karlistaren Torkari, munduko barrunberik handienetako bat eta Europako laugarrena denari, eskainitako liburua.

 

Tradizio herrikoiaren arabera, Bizkaian, Kantabriarekin muga eginez, dauden Raneroko haitzetako leize handi hori aspaldiko mendetatik ezagutzen zuten bertako artzainek, eta kondairaren arabera XIX. mendean liberalengandik ihesi zihoan ofizial karlista bat bertara erori eta betiko desagertu zen. Gertaera horrek eman zion izena Pico del Carlista mendi-tontorrari ere.

 

Liburu berri hau Suak argitaratu du Karrantzako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz, eta bertan Karlistaren Torkaren eta Pozalaguako kobaren ezaugarri geologikoak deskribatzen dira. Biak ere Raneroko karstean daude, eta bere testuinguru geologikoa deskribatzen da, bertako faunaren inbentarioa egiten da, kultura-esparrua azaltzen da eta 1957tik egindako espedizioak kontatzen dira irudiz eta azalpen-koadroz beteriko lan bikain honetan.

 

Ana Oregi sailburuaren esanetan liburua “unibertsitatearen munduak eta espeleologiaren munduak elkarlanean egindako lanaren emaitza bikaina da. Bi errealitate horiek, ezagutzarena eta miaketarena, askotan paraleloak izaten dira, eta oraingoan hemen eman dute bere fruitua”. Karrantzako alkate Raul Palaciok adierazi du “Torka patxadaz egon da norbaitek aurkitu zain, eta Enbatak egindako lanari esker hobeto ezagutu ditzakegu lurpeko mundu misteriotsuaren enigmak”.

 

Barrunbearen dimentsioak ikaragarriak dira bideari Pozalaguako aparkalekuan, Ranero auzoan (Karrantza Harana, Bizkaia), ekiten dioten espeleologoen esanetan. Puntu honetatik leizearen sarbidera 800 metroko bidea dago, eta 230 metroko desnibela. Bidezidorra ertzetik igotzen da, eta muinoaren azken zatian dagoen hamabost metroko harkaitza zeharkatzen du. Leizearen sarbidea atzean dago, ezkutuan, Pico del Carlista mendi-magaleko lapiaz batean, 4 m luze eta 2 m zabal da eta NNE-SSW ardatzean dago. Hortik BET aretora arteko bidea erabat bertikala da.

 

"Halabehar geologiko batengatik izan ez balitz –haitzen artean zabaldutako ebaki txiki bat–, Karlistaren Torkak lo jarraituko zuen Raneroko haitzen azpian. Naturaren kapritxo honek, zorionez, Planetako lurpeko espazio ikusgarrienetako baterako sarbide bakarra oparitu zien espeleologoei”, adierazten da liburuan. Kanpaiko lehenengo 17 metroak jaitsi ondoren, eta amildegia oinpean dela, espeleologoek azken goiburua instalatzen dute erlaitz batean (-68 m-ra). Hemendik behera soka inolako oztoporik gabe erortzen da beheraino: laurogeita lau metro bertikal librean.

 

Pozalagua sektorea goiko aldean mendebalderantz dago. 100 metro zabal eta 20 metro luze den arku batek zaintzen du bi barrunbeen arteko lotunea, eta iparralderantz dolomia-beta bat iristen dela ikusten da. Bolumen hori bat-batean eteten du mendi estalagmitiko handi batek. Topografia ezberdinek adierazten dute mendi hori Pozalaguako kobarekin muga egiten duen horma moduko bat dela: beste aldean, hogeiren bat metroko hormaren atzean, bisita turistikoak batetik bestera dabiltza fokoen argitan eta pasabide mugatuen barrena. Itxura denez argi dago Pozalagua eta Karlista senide geologikoak direla. Bertikalaren oinarritik bigarren barrunbera, Manuel Iradier aretora, alegia, iristeko, espeleologoek harkaitz artetik jaitsi behar dute SSW (220º) norabidean, eta ardatz hori mantendu beharko dute higakinen artean galdu nahi ez badute.

 

Liburuak nabarmentzen duenez “ez da harritzekoa espedizio batzuk, gora igotzeko soka aurkitu ezin dutelako, harkaitz artean ordutan batetik bestera ibiltzea.  Manuel Iradier aretorako bidean espeleologoek 30 metro zabal eta 20 metro luze den arku ikaragarria gurutzatzen dute BET aretoaren beheko aldera iristeko”. Manuel Iradier aretoak hogeita hamar metroko altuera du, blokera handi bat du zorutzat eta horma bertikalek Aranzadi aretora arte jarraitzen dute hegoaldetik.  

 

KARLISTAREN TORKA ZENBAKIETAN

TORKAK 103.115,41 m2-ko azalera eta 2,2 milioi m3-ko bolumena ditu. BET ARETO HANDIAK 87.090 m2-ko azalera eta 2.140.000 m3-ko bolumena ditu, hau da, 8,7 hektarea eta 2 hektometro kubiko; 497 m da luzetara eta 287 m ditu altueran, eta 97 m sabaiaren punturik altuenean.

 

Karlistaren Torkan dagoen aretorik handienak, BET aretoa izenez ezagutzen denak, 87.000 metro koadroko azalera du, eta 2,14 milioi metro kubikoko bolumena.  Egungo datuak hartuta, beraz, munduko hirugarren aretorik handiena da azalerari dagokionez, Malasiako Sarawak aretoaren (154.530 metro koadro) eta Txinako Miaos aretoaren (140.540 metro koadro) atzetik. Hamargarrena da bolumena kontuan hartuta.  Europan, berriz, BET aretoa da handiena azalerari dagokionez, eta bigarren handiena bolumenari dagokionez Frantziako Salle de Vernaren atzetik.  Zein handia den ikusteko, nahikoa da esatea Nou Camp bera baino handiagoa dela. BET areto honen zati luzeenak 200 metrotik gora ditu. Barrunbe handietan azkenaldian egin diren azterlanek egiaztatu dute areto hauek berez oso egonkorrak direla, eta halaxe mantendu direla milioi bat urtean gutxienez. Jausitako harkaitzak eta hondakinak disolbatzen eta garraiatzen dituen ibai aktibo bat dagoen bitartean, aretoak hazten joango dira, eta oso geldi bada ere gero eta handiagoak izango dira.

 

BET aretoaren kasuan, berriz, ibaia aspaldi desagertu zen, eta litekeena da pixkana-pixkana txikitzen joatea. Aretoa beharbada gaur egungoa baino bi aldiz handiagoa izan zen aspaldi, baina nork daki.

 

Denborarekin aretoa kolapsatu egingo da eta mendian zulo ikaragarri bat sortuko da, tiankeng izeneko fenomenoarekin. Hitza Txinatik dator, bertan deskribatu baitira lehenengo aldiz lurpeko barrunbe ikaragarrien kolapsoak. Baina hori milaka urte barru gertatuko da.

 

ARETOA                   2D* eremua              Bolumena

BET aretoa               87.090,00 m2           2.140.000,00 m3

Iradier aretoa            9.748,80 m2             72.554,32 m3

Aranzadi aretoa       6.276,61 m2             33.251,74 m3

Guztira                      103.115,41 m2         2.245.806,06 m3

(*) 2D EREMUA EDO AZALERA MURRIZTUA.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)
Beste gonbidatu batzuk
  • Javier Moreno