Berriak Osasuna
Eu

Osasun Sailak eta Osakidetzak Osasun Arloan Genero Indarkeriari Aurre egiteko eta Osasun Arreta Globala emateko ekimenak batzen dituzte

2016.eko azaroak 24

A-25. Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeari buruzko nazioarteko eguna

 

Osasun Sailak eta Osakidetzak Osasun Arloan Genero Indarkeriari Aurre egiteko eta Osasun Arreta Globala emateko ekimenak batzen dituzte 

2015. urtean, Osakidetzako arreta-zentroetako profesionalek emakumeen aurkako 761 indarkeria-kasu hauteman zituzten

 

2015. urtean zehar, Osasun Sailak sustatutako Zaindu (Genero Indarkeriaren aurkako Osasuneko Profesionalak) programaren bitartez ezarritako jarduketa-protokoloei esker, Osakidetzak emakumeen aurkako 761 indarkeria-kasu hauteman zituen. Horietatik 386 kasu ospitaletako larrialdi-zerbitzuetan hauteman zituzten eta 375 kasu Osasun Zentroetako Lehen mailako Arretako kontsultetan.  Aurreko urteetan erregistratutako datuei dagokienean, 2014an emakumeen aurkako tratu txarren 878 kasu hauteman zituzten, 2013an, berriz, 823 kasuren berri eman zuten.

Osasuneko Euskal Zerbitzuko profesionalek bildutako informazioan azpimarratzen da, amaitutako 2015ean, hautemandako tratu txar mota nagusia fisikoa izan zela, –325 emakumek jasan zituzten kalteak–; ondoren, tratu txar psikologikoak –111 kasu– eta sexuari lotutako tratu txarrak –67 kasu– hauteman ziren.   Adin-taldeei dagokienean, tratu txarren biktima diren emakumeen adina 14 urtetik 70 urte pasatxora doa. Tratu txarrak jasaten dituzten emakume gehienek 20 eta 50 urte bitarte dituzte. 

Emakumeen aurkako indarkeriaren arazoari –edozein motatakoa– eta horrek osasunean –arlo fisikoan zein psikologikoan– duen eraginari aurre egitea dira Euskadiko osasun-agintarien lehentasunetako bat. Horretarako, protokoloak osatu, profesionalak hezi eta edozein indarkeria-adierazpen hauteman ahal izateko behar diren tresnak jartzen dizkiete.

Horixe da Emakumeen genitalen mutilazioa hautemateko Osakidetzan abian jarritako protokolo berriaren kasua. Protokolo hori osatzen Osasun Sailak, Emakundek eta Osakidetzak berak hartu dute parte. Euskadiko Osasun Sisteman praktika hori prebenitzeko eta hautemateko tresna bat da. Tresna horren bitartez, mota horretako ekintzak jasaten dituzten emakumeei eta neskatxei arreta eskaintzeko neurri eraginkorrak bilatzen dira, eta, bereziki, gure erkidegoan bizi diren neskatxek genitalen mutilazioaren biktima izan ez dezaten bilatzen da.

“Genero-indarkeriak osasunean oso eragin larriak dituen gizarte-mailako gaitza da” adierazi du Jon Darpón Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailburuak. Bere ustez “euskal osasun-sistemak edozein motatako tratu txar jasaten dituzten emakumeen zerbitzura pertsonala eta azpiegiturak jartzeko obligazioa eta konpromisoa dauka, tratu txar hori berehala hautemateko eta, horrela, osasun-laguntza globala bermatu ahal izateko".

Aurten ere Osasun Sailak eta Osakidetzak bat egiten dute 1993an UNESCOren Adierazpenean jasotako eta, aurrerago, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) berretsitako Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeari buruzko nazioarteko eguna ospatzeko. Izan ere, euren iritzian indarkeria hori osasun publikoko arazo larria da. Hortaz, tratu txarraren aurkako borrokaren sinbolo den lila puntua euren sare sozialetan ezarriko dute.

Gainera, hilaren 25erako, Osakidetzak “V. Jornada de Violencia de Genero: sin género de dudas en la práctica asistencial” izenburua daraman jardunaldia antolatu du. Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean egingo den prestakuntza-jarduera hau euskal osasun-zerbitzuko buru-osasuneko, ospitale-larrialdietako eta komunitate esparruko osasun-arloko profesionalei zuzendua dago. Bestalde, Arabako ESIk, datorren ostegunerako, hilak 24, Santiago Ospitalean Aparteko Saio Klinikoa prestatu du, eta Zabalgana Osasun Zentroan herritarrei zuzendutako hitzaldia antolatu du. Publikoarentzako zabalik dagoen gogoetako eta elkarrizketako hitzaldi honek izenburu hau darama: Maitasun ez da aginte jokoa / El amor no es la hostia “Consecuencias para la salud de la mujeres”. Hitzordua 18:30etik 20:00etara izango da Vitoria-Gasteizko Zabalgana Osasun Zentroan.

 

 

Vitoria-Gasteizen, 2016ko azaroaren 24an

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau