Berriak Segurtasuna
Eu

Euskal Autonomia Erkidegoan genero-indarkeriaren edo etxeko indarkeriaren biktima diren 50 emakumek eskolta dute

2016.eko azaroak 24

Gaur egun Ertzaintzaren zerbitzuren bat edo babesen bat jasotzen duten 4.352 espediente aktibo dago

Euskal Autonomia Erkidegoan genero-indarkeriaren edo etxeko indarkeriaren biktima diren 4.352 emakumek jasotzen dute gaur egun Ertzaintzaren babes motaren bat. Kopuru hori joan den urtekoa baino zertxobait txikiagoa da (4.503). Babes-neurri adierazgarrienen artean daude Bortxa telefonoa –897 biktimei esleitu zaiena–, eskolta pertsonala –50 emakumek dutena– eta eskumutur elektronikoa –18 kasutan erabiltzen dena–. Hau da genero-indarkeriaren eta etxeko indarkeriaren espediente kopurua lurraldeen arabera: Araban 774, Bizkaian 2.134 eta Gipuzkoan 1.444.

 

2000. urtetik Ertzaintzak araututa ditu emakumeen kontrako tratu txarrei aurrea hartzeko eta aurre egiteko jardun-prozedurak. Gaur egungo protokoloak 2006. urtean jarri ziren abian, eta protokolo horien artean nabarmentzen da arriskuak ebaluatzeko sistema, Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera prestatu zena –Europan aitzindaria–. Nolanahi ere, arriskuak neurtzeko prozedura hori hainbatetan berraztertu eta hobetu da, azkena 2013an.

Beste kasu bat hautematen den bakoitzean, Ertzaintzak informatikoki erregistratzen du Etxeko Indarkeriako/Genero Indarkeriako espediente batean (EI/GI). Une horretatik aurrera, biktimaren arrisku-maila edozein izanik ere, eta kasua auzitegietan ebazten bada ere, Ertzaintzak babes aktiboa emango dio biktimari. Gaur egun 4.352 emakume dago egoera horretan: 774 Araban, 2.134 Bizkaian eta 1.444 Gipuzkoan. Duela urtebete Araban 696 kasu ziren, Bizkaian 2.258 eta Gipuzkoan 1.549; guztira Euskal Autonomia Erkidegoan 4.503 kasu.

EI/GI espediente bakoitzak kasuaren historial osoa barnean hartuko du kronologikoki: elkarrizketak, salaketak, epaitegiko aginduak edo bestelako informatika-aplikazioetatik datozen datuak, besteak beste.

Babes handiagoa lortzeko eta, kasurik larrienetan, epaitegietako tramiteak errazteko, tratu txarrak jasaten dituen emakumeari epaitegira agenteek lagunduta joatea eskaintzen zaio, epaitegiko lehen tramiteetarako bederen. Horrez gain, tratu txarrak erregistratzen direnean, eta adin txikiko seme-alabei arreta emateko, gizarte-zerbitzuekin lotzen duten komunikazio-kanalak daude.

Arriskua lau mailatan sailkatzen da: oinarrizkoa, neurrizkoa, handia eta berezia. Horien ebaluazioa etengabea denez gero, arrisku-maila alda daiteke biktimaren edo erasotzailearen inguruabarrak aldatzen badira.

Biktima guztiekiko komuna den lehen segurtasun-neurria da autobabesaren arloko prestakuntza; saio pertsonal baten barruan bideo bat ikusiko da eta informazio-liburuxka bat banatuko da. Lehen ekintza horri gainbegiratze bat jarraituko dio, aldian behin telefono bidez jarriko baita biktimarekin harremanetan.

Bortxa larrialdiko telefono-zerbitzu bat da, tratatu txarrak jasan dituzten emakumeei Ertzaintzak eskaintzen diena. Ertzaintzaren koordinazio-zentroarekin eta kasua daraman ertzain-etxearekin zuzenean lotura duen terminal bat da, larrialdietan erabiliko dena. Gainera, Eusko Jaurlaritzaren 24 orduko arreta zerbitzuaren 900 840 111 telefonora erraz sartzeko aukera ematen du –telefono zenbaki hori tratu txarren edo sexu-erasoen biktima diren emakumeei zuzentzen zaie–. Era berean, GPS bidez kokatzeko alarma aktibazioa du, besteak beste. Gaur egun 897 terminal daude funtzionamenduan: 185 Araban, 395 Bizkaian eta 317 Gipuzkoan.

Neurrien katalogoak hainbat zaintza-zeregin barnean hartzen ditu, eta espedienterik larrienen kasuan eskolta pertsonalera irits daiteke; gaur egun 50 emakumek du eskolta pertsonalaren babesa: 4 Araban, 28 Bizkaian eta 18 Gipuzkoan.

Kasu jakin batzuetan, eta epailearen aginduz, erasotzaileari eskumutur elektronikoa esleitzen zaio, ziurtatzeko urruntze-agindua betetzen duela. Ertzaintzak koordinazio-zentroen bitartez kudeatzen ditu gailu horien alerta-abisuak. Gaur egun mota horretako 18 eskumutur dago aktibatuta:  16 Bizkaian, 2 Gipuzkoan eta Araban batere ez.

Ertzaintzak arlo horretan egiten duen lanaren kalitatea aztertzen dute kanpo-erakunde batzuek. Era berean, egindako arretari buruzko iritziak jasotzen ditu biktimen artean.

Ertzaintzak elkarlanerako protokoloak ezarri ditu udalekin eta mankomunitateekin, eta beste polizia-kidego batzuekin etengabe dihardu elkarlanean, informazioa trukatzeko.  Elkarlan hori funtsezkoa da batez ere bizilekua lurralde batetik bestera aldatzen duten biktimen kasuan, aldi baterako aldatu edo behin betiko aldatu.

Era berean, etengabe dago beste erakunde batzuekin harremanetan biktima diren emakumeen arreta hobetzeko, erakunde arteko akordioaren jarraipen-batzordearen esparruan, baita Eusko Jaurlaritzako hainbat sailen eta Emakunderen artean ere.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko