Berriak Segurtasuna
Eu

Donostiako Udaltzaingoko 27 agentek jaso dituzte gaur kredentzialak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian, prestakuntza-aldia amaitu ondoren

2016.eko azaroak 23

Malentxo Arruabarrena Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendariak, Rodrigo Gartzia Segurtasuna Koordinatzeko zuzendariak eta Martin Ibabe Donostiako Udaleko Hiritarren Segurtasuneko zinegotziak kredentzialak eman dizkiete gaur Donostiako Udaltzaingoko 27 agenteri (24 gizonezkori eta emakumezkori), Arkauteko prestakuntza-hilabeteak amaitu ondoren. Hasierako prestakuntza amaitu ostean, orain Donostiako udaltzain gisa urtebeteko praktikaldiari emango diote hasiera.

Donostiako udaltzain berrien prestakuntza-ikastaroa apirilaren 4an hasi zen, eta azaroan amaitu da. Zazpi hilabete hauetan izangaiei ikasketa-plan berria eman zaie, eta, ikasketa-plan berrian, ezagupenen balorazioa ez ezik, jokabidearen balorazioa ere egin da.

Martin Ibabe Donostiako Hiritarren Segurtasuneko zinegotziak agenteek lortutako egiaztagirien ondoriozko gogobetetasuna adierazi du, “lagungarria baita Udaltzaingoaren lantaldean sustatu nahi dugun etengabeko hobekuntzarako”. Ibabek nabarmendu du agente hauen trebakuntza eta Ertzaintzako oinarrizko agenteen trebakuntza bera dela, eta horrek eragina izango duela bi segurtasun-kidegoen arteko koordinazio hobean. Segurtasuneko zinegotziak adierazi du, halaber, Udal Gobernuak giza kapitalean inbertitzearen aldeko apustu argia egin duela, etorkizuneko udaltzaingoaren oinarria izango baita.

Ekitaldi honetan beste talde bat ere egiten ari da sarrerako ikastaroa. Udaltzain izateko 34 izangaik osatzen dute, 30 gizonezkoek eta 4 emakumezkok. Talde horrek maiatzean hasi zuen prestakuntza, eta datorren urtearen hasieran amaituko du.  

Horrez gain, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak 2017an, hiru taldetan, ehunetik gora udaltzain berri prestatzea aurreikusi du. Taldeetako bat Bilbaoko Udalak hautatutako 42 pertsonek osatuko dute, beste talde batean Vitoria-Gasteizko udalak hautatutako 39 pertsona arituko da, eta hirugarren taldea Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat udalerritako 37 pertsonek osatuko dute.

Bestalde, Malentxo Arruabarrena Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariak agente berriei zuzendu dien hitzetan, nabarmendu du garrantzi handikoa dela “lege-testuetan jasotzen diren ezagupen teknikoak eta printzipio etikoak eskuratzeaz gain, ezagupen eta printzipio horiek bere egitea eta polizia-jardunaren garapenean aplikatzea, printzipio horiek eragina baitute herritarren eskubideetan, erakundearen irudian eta eraginkortasun profesionalean.”

Udaltzainak prestatzeko 2017an egingo diren hurrengo hiru ikastaroetan parte hartuko dute, Vitoria-Gasteizeko eta Bilbaoko etorkizuneko agenteek horietako bitan eta Abanto-Zierbenako, Basauriko, Ermuko, Errenteriako, Hernaniko, Ordiziako eta Oiartzungo etorkizuneko udaltzainek hirugarrenean.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Martin Ibabe, Donostiako Udaleko Hiritarren Segurtasuneko zinegotzia