Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

115.000 euro kultura eta sormen industrien arlora berrikuntza dakarten proiektuak bultzatzen dituzten elkarteentzat (Gobernu Bilera 2016-11-22)

2016.eko azaroak 22

Diru-laguntza hauen onuradun izango dira Euskadiko Ikus-entzunezko Klusterra, Tecnalia Fundazioa eta Euskadiko Industria Diseinatzaileen Elkartea.

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, Kultura eta Sormen Industrien (KSI) arloan berrikuntza proiektuak garatzen diharduten hiru elkarteri diru-laguntza zuzenak ematea. Diru-laguntzok 115.000 euroko kopurua dute orotara.

Horrela bada, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak 55.000 euroko diru-laguntza zuzena emango dio Eiken, Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrari; 35.000 euroko beste diru-laguntza zuzen bat Tecnalia Research & Innovation Fundazioari; eta 25.000 euroko hirugarren diru-laguntza Euskadiko Industria Diseinatzaileen EIDE elkarteari.

Eiken, Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterra, 2016ko plan estrategikoaren baitan, eta Euskadin garatzen diren ikus-entzunezko formatu berriei nabaritasuna emateko xedez, honako ekintza hauek burutzeko asmotan da: 

  • Euskadiko Lokalizazioen Katalogoa eguneratu eta osatzea ikuspuntu profesionaletik, baina baita zerbitzu espezializatuak eskaintzen dituzten enpresa eta ekoiztetxeen katalogoa egitea ere, Euskadira errodajeak ekartzeko xedez. Tresna hauekin eta Euskadi Film Commision-ekinelkarlanean, Euskadiri errodajeen ekonomian lekua egitea da asmoa.
  • Ikusle berrientzat narratiba berriak sortu, ekoitzi eta banatuko dituen laborategi bat egituratzea, berrikuntza, teknologia berriak eta profesional nahiz enpresa desberdinen arteko elkarlana uztartuz. Horrela, Euskadiko KSI-etako sektoreen arteko sinergiak ahalbidetzen dira.
  • Bertako industriarentzako webserie deialdi berri baten oinarriak egitea, euskarazko edukiei arreta berezia eskainiz.

Eikenek aipaturiko 55.000 euroko laguntza jasoko du Euskadiko ikus-entzunezko sektorean berrikuntza proiektuak garatzea helburu duten jarduera horiek burutu ditzan.

Bestetik, Tecnaliak, fundazio hau osatzen duten atal guztien artean egin den lana identifikatzea helburu duen lan-ildo horizontal baten lidergoa darama 2016an,  Euskadiko KSIen sektorean aplikazioa izan dezaketen I+G+b proiektu eta ildoetan arreta jarriz, ondoren KSIentzat WorkGroup transbertsal bat sortzeko. Aurrerago, sektoreko enpresekin formazio-tailerrak burutuko dira, eta baita sentsibilizazio-jardunaldiak ere, KSI sektorearen lehiakortasunean hobera egiteko berrikuntza zein beharrezkoa den hausnartzeko. Aipaturiko eginbehar horien emaitzak aztertu ondoren, irtenbide berritzaileak ezartzeko gaitasunik handiena duten enpresekin ekintza-planak definitu ahal izango dira, enpresa horien lehiakortasuna handitzeko. Tecnalia Fundazioak diru-laguntzaren bidez jasotako 35.000 euroak SKIen sektorean berrikuntza plan hau martxan jartzeko erabiliko du.

Azkenik, Euskadiko Industria Diseinatzaileen EIDE Elkarteak Industries & Design 2016 proiektua ipini du abian. Proiektu honek, diseinuaren inguruko kultura bat sortzea du helburu, euskal enpresen berrikuntza-gaitasuna indartuko duena, diseinuaren eragin-eremua eta jarduera-eremua SKIen sektoreraino ere hedatuz, ekodiseinua ere ahaztu gabe. Proiektu honekin aldi berean, EIDE Donostiako TECNUM Goi Mailako Ingeniaritza Eskolarekin elkarlanean ari da Unibertsitatea, Diseinua eta Enpresa izeneko lehen foroa antolatzen. Foro honen asmoa da enpresei nahiz gizarteari erakustea Industria Diseinuaren Ingeniaritza ikasketen formazio-eskaintza, gradu honek duen proiekzio profesionala, eta enpresa nahiz ekintzaileei eskain diezaiekeen balioa, bai nazioartekotzean, bai lehiakortasunean, bai berrikuntzan.

Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planak, Kultura eta Sormen Industriak identifikatu ditu Euskadiren Espezializazio Adimentsurako Estrategia barruko aukera-alor gisa, EAEko I+G+b politikei dagokienez. Kultura eta Sormen Industrien arloan sartzen diren azpi-arloak hauek dira: arkitektura, diseinua, moda, ikus-entzunezkoak eta eduki digitalak, zinema, bideojokoak, musika, arte eszenikoak, ikusizko arteak, publizitatea eta marketina, kultura-ondarea, eskulangintza, argitalpena eta hizkuntzaren industriak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko