Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Aurrerantzean, eta partikularrek hala eskatuz gero, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuak trafiko istriputan jasandako lesioak baloratu ahal izango ditu (Gobernu Bilera 2016-11-22)

2016.eko azaroak 22

Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera, ibilgailuetan izandako istripuen ondoriozko erreklamazio estrajudizialetan partikularrek eskatutako 5.500 eta 6.000 peritu-txosten inguru egingo dituzte institutu honetako profesionalek urtean.

Gobernu Kontseiluak onartu du “Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutua arautzen duen azaroaren 21eko 236/2012 Dekretua aldatzen duen Dekretu Proiektua”. Zehazki, 2. artikuluko 3. paragrafoa aldatuko da; era horretan, partikularrek eskatuz gero, Institutuko profesionalek peritu-txostenak egiteko aukera izan dezaten, trafiko-istriputan jasandako lesioak baloratzeko erreklamazio estrajudizialak egiten diren kasuetan.

Aurreko dekretuan honakoa adierazten zen: “inola ere ezingo da egin izaera pribatuko jarduera tanatologikorik edo perizialik”.  Aurrerantzean, 2. artikuluko 3. paragrafoa honela geratuko da: 

«3. AMEIk medikuntzako peritu-probak egingo ditu, hala proba tanatologikoak, nola proba klinikoak eta laborategikoak. Era berean, auzitegi-medikuntzarekin zerikusia duten irakaskuntza- eta ikerketa-jarduerak ere egin ahal izango ditu.  Ezingo da egin izaera pribatuko jarduera tanatologikorik edo perizialik, motordun ibilgailuen zirkulazioari lotutako gertakarien ondoriozko erreklamazio estrajudizialetan partikularrek eskatutako peritu-txostenen kasuan izan ezik».

LESIOEN BALORAZIOA TRAFIKO ISTRIPUTAN

“Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzen duen uztailaren 21eko 7/2015 Lege Organikoa” eta “zirkulazio-istriputan pertsonei eragindako kalte-ordainak baloratzeko sistema erreformatzeko irailaren 22ko 35/2015 Legea” indarrean sartu ondoren, lege-medikuntza eta auzitegi-zientzien institutuetako profesionalak gaituak zeuden –pertsona aditu eta inpartzial gisa– partikularrek eskatutako peritu-probak ere egiteko, eta proba horien bitartez, erreklamazio ez judizializatuen kasutan zirkulazio-istripuen biktimen kalte-ordainak ebaluatzeko. 

DATUEN BALIOESPENA

Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuaren jarduera-datuen arabera, Eusko Jaurlaritzak kalkulatu du, ibilgailuetan izandako istripuen ondoriozko erreklamazio estrajudizialei loturik, institutu honetako profesionalek partikularrek eskatutako 5.500 eta 6.000 peritu-txosten inguru egingo dituztela urtean. Horietako gehienak –% 90 baino gehiago– ospitaleratzeko beharrik izango ez duten lesioen inguruko txostenak izango direla kalkulatu da. % 8 eta % 10 bitartean bakarrik izango dira ospitaleratzea ekarriko duten lesioen ondoriozko peritu-probak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko