Berriak Lehendakaritza
Eu

Azaroaren 25-ko adierazpen instituzionala “Emakumeenganako indarkeriaren kontrako nazioarteko eguna” (Gobernu Bilera 2016-11-22)

2016.eko azaroak 22

Azaroaren 25a dela-eta, hau da, Nazio Batuen Batzar Nagusiak aitortutako “Emakumeenganako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna”, Eusko Jaurlaritzak indarkeria sexistaren espresio mota guztien aurrean bere gaitzespena agertu du, gogoratuz indarkeria mota hau gizartean dagoen emakume eta gizonen berdintasun ezaren ondorio dela.

Aldi berean, Jaurlaritzak bat egiten du Emakumeen aurkako indarkeria eta etxeko indarkeria prebenitzeko eta horien aurka borrokatzeko 2011ko Europako Hitzarmeneko oinarriekin, ‘Istanbuleko Hitzarmena’ delakoarekin; izan ere, emakumeen aurkako indarkeriari buruzko Europako lehenengo tresna juridiko loteslea da, baita giza eskubideen urraketa larri horren aurrean irismen handiena duen nazioarteko ituna ere. Bertan, estatuen ardurapeko eremu guztiak jorratzen dira: indarkeria prebenitzea, gizartea sentsibilizatzea (batez ere gizonak eta haurrak), erakundeen arteko koordinazioa sustatzea, erasotzaileen aurkako ekintza judizialak hastea eta biktimekiko babesa eta laguntza bermatzea.

Jaurlaritzak bere konpromisoa adierazten du emakumeen kontrako indarkeriaren prebentzioan lan egiteko, bereziki haur eta gazteekin, eta beharrezkoak diren baliabideak eskainiz, era honetara, errespetuan, askatasunean, autonomian eta berdintasunean oinarritutako harremanak eraiki ditzaten. Eta gogoratu nahi du berdintasun politikak direla era honetako indarkeriak eragiten duen arazoa konpontzeko bidea, izan ere, emakumeen kontrako indarkeria emakume eta gizonen berdintasun ezaren erakusle latzena baita.  Zentzu honetan, Jaurlaritzak bere sail guztiek Emakunderekin batera alor honetan duten lan koordinatua eta inplikazioa berresten du.

Azkenik, Jaurlaritzak dei egiten die hiritarrei emakumeen kontrako indarkeriaren aurka agertu daitezen, hainbat hiri eta herritan azaroaren 25erako antolatu diren mobilizazioetan parte hartuz.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko