Berriak
Eu

Gazteek Urdulizen (Uribe-Kosta) erakutsiko dute aurten indarkeria sexistaren aurkako beraien gaitzespena

2016.eko azaroak 23

Beldur Barik programa, gazteekin batera, indarkeria sexista prebenitzeko helburua duen urteroko programa da. 2009an jarri zen abian Emakundek eta EUDEL-ek bultzatuta, Berdinsarea- Berdintasunaren aldeko eta Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Euskadiko Udalen Sarea-ren esparruan. Egun, Emakundek bultzatzen du eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien, zein EUDEL-en babesa eta finantziazioa jasotzen ditu. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) eta EITBren laguntza du.

2016eko Beldur Barik Topaketa Urdulizen (Uribe-Kosta) ospatuko da azaroaren 26ean, larunbatean. Gaur Berangoko Antzokian aurkeztu den jaiak balioko du urte osoan zehar, euskal geografia osotik gazteekin garatutako lanari amaiera emateko. Topaketan Beldur Barik ikus-entzunezko lehiaketaren (12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzendutakoa) sariak banatuko dira. Ezberdintasun egoerei aurre egiteko errespetuan, berdintasunean, askatasunean, autonomian, erantzukidetasunean eta indarkeria sexistaren ukapen irmoan oinarritutako jarreren ikus-entzunezko adierazpenak saritzen dira.  

Edizio honetan 341 izan dira aurkeztutako lanak, 69 udalerritakoak. Horietatik 246 lehen kategoriakoak dira, 12 eta 17 urte bitartekoena. Bigarren kategoriari dagokionez, 18 eta 26 urte bitartekoa, 95 lan aurkeztu dira. Kategoria bakoitzeko bi sari banatuko dira: 500 euroko lehen saria eta 300 euroko aipamen berezia. Horietaz gain, beste bi sari ere banatuko dira. Beldur Bariken webgunean egingo den herri-bozkaketarekin herria-saria aukeratuko da eta 300 euroko saria jasoko du. Eta, aurten ere, pasa den urtean lehenengo aldiz egin zen bezala, ikus-entzunezko ekoizpen onena baloratuko da 300 euroko sariarekin. Era berean, nabarmentzekoa da tokian-tokiko Beldur Barik lehiaketa ugari antolatu direla.

Indarkeria sexistak eragiten dituen desberdintasun faktoreen identifikazioa

Aurkeztutako lanetan ikusten da gazteek geroz eta hobeto identifikatzen dituztela indarkeria sexista eragin dezaketen desberdintasun faktoreak eta hauei aurre egiteko jarrera agertzen dutela. Aurten jorratutako gaiak oso anitzak izan dira. Jorraturiko zenbait gai hurrengoak izan dira: beldurraren pertzepzioa (gai hau udalerri askotako jaietan Beldur Barik Gunearen programaren bidez jorratu den gai bat izan da), edertasun arauak, gizarteratze desberdindua, maitasun erromantikoa eta ahalduntze kolektiboa. Gaiak anitzak izan badira ere, jende gazteak aukeratutako gaien bidez indarkeria sexistari nola egiten dioten aurre azaltzerakoan aurrekoetan baino sakonagoak izan dira.

Beldur Barik bultzatzen duten erakunde guztiek nabarmendu dute gazteekin indarkeria sexistaren prebentzioa lantzearen garrantzia. Nahiz eta gazteengan indakeriak eragin handia izaten jarraitzen duen, geroz eta tresna gehiago dituzte erasoak identifikatu ahal izateko.

Beldur Barik bezalako programek laguntza eskaintzen diete gazteei indarkeria sexistaren identifikaziorako tresna horien eskuratzeko. Gazteen jabekuntza eta indartze prozesuak errazten dituzte, eta, gainera, ezberdintasun eta indarkeria egoeren aurrean erantzuteko gaitasuna indartzen dute. Nesken ahalduntzea bultzatzen da eta ere berean hausnarketa prozesu horiekin, mutilek egoera horietan duten protagonismoa eta ardura identifikatzen dute. Jarrera matxista betikotzen duen korporatibismo maskulinoari aurre egiten diete, indarkeria eragiten duenaren gaineko interpelazioaren beharra identifikatzen da ere, beraien konplizitate eza agertuz. Mutil bezala dituzten pribilegioen birplanteamendu bat egiten dute eta neskekin aliantzak sortzen dituzte benetazko berdintasun bat lortu eta indarkeria matxista gainditzeko.

 

Uribe-Kosta, Beldur Barik Herria

Azaroaren 26an Urdulizen (Uribe-Kosta) ospatuko den topaketan, eztabaidak, formazio tailerrak eta ikuskizun ugari ospatuko dira. Tailerrak eta sari-banaketa Urdulizeko Kultur Etxean gauzatuko dira. Doaneko autobusak erraztuko dira publikoa hiru probintzietatik inolako arazorik gabe hurbildu eta bueltatu ahal izateko.

Honako hauek dira programatutako ekintzak:

  • 16:30-17:00 Ongi etorria, autobusen helduera Kultur Etxera.
  • 17:00-19:00 Tailerrak (Autodefentsa feminista, Perkusioaren boterea, Gorputzak Orekan, Genitarte, Deshalduntzerako Clown tailerra mutilentzat: Galtzen ikasi, Zer dakizu sexuari buruz? 1, 2, 3... 3 ligatzeko 3 pausu eta Mezua eraldatu eta Beldur Barik abestu!
  • 19:15-19:30 Performance
  • 19:30-20:00 Lunch
  • 20:00-21:45 Sari banaketa.
  • 21:45 Autobusen irteera Urdulizetik.

Informazio gehiago www.beldurbarik.org

 

Puntu Lila

Bestalde, Azaroaren 25 ospatzeko (Emakumearenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna), Beldur Barik programa bultzatzen duten instituzioek dei egiten dute herritarrek puntu lila erabili dezaten. Ikurra publikoki erakusteak oinarrian emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eza duen indarkeriaren aurkako konpromiso aktiboa agertzea suposatzen du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • María Isabel Landa (EUDEL), María Guijarro (DFB), Miren Elegarresta (DFG), Nekane Zeberio (DFA).