Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Oregi gustura dago euskal “Y” trenbidea bultzatzeko De la Sernaren asmoarekin, baina “planifikazio serioa eta zehatza” eskatzen dio Madrili

2016.eko azaroak 21

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ara Oregi gustura agertu da gaur goizean Sustapeneko ministro berriak, Iñigo de la Sernak, azpimarratu duelako Gobernu zentralak “euskal “Y” trenbidearen proiektuari bultzada erabakigarria emateko asmoa” duela. Lurralde-antolamenduari buruzko Euskal Hiria Kongresuari hasiera emateko ekitaldian kazetariek egindako galderei erantzunez, Oregik aipatu ditu gaur De la Sernak irratiko elkarrizketa batean egindako adierazpenak, aitortu duen aldetik euskal “Y" trenbidea “funtsezko” proiektua dela autonomia-erkidegoarentzat.

 

Ana Oregik adierazi du ”poztu” egiten duela ministro berriaren bultzada “hain azkarra” izateak, eta esan du harritu ere ez duela egiten, egia esan, azpiegitura honen garrantzi estrategikoa kontuan hartuta. Sailburuak gogoratu du “Atlantikoko trenbide-korridorea Europako korridore nagusietako bat” dela, eta, hain zuzen ere, horregatik jaso dituela Europako hainbat laguntza, bereziki euskal "Y" zatiak.

 

“Adierazle guztiek” ikusarazi behar diote Sustapeneko ministroari beharrezkoa dela abiadura handiko trenbide-zati hori bultzatzea, erantsi du Oregik, eta esan du bere ustez “Sustapen Ministerioaren arduradunei dagokiela datak jartzea. Sustapeneko ministro ohiak, Ana Pastorrek, eman zuen bere garaian data bat –2019–, eta orain arte Gobernuko beste inork ez du beste datarik eman”.

 

Oregik zehaztu duenez, "behin azpiegitura horren premia ikusita, garrantzitsuena planifikazio serio eta osatua ezartzea da euskal 'Y' trenbide hori abian jartzeko; ez bakarrik lanak amaitzeko, baizik eta baita Madril eta Parisekin lotuko gaituen, eta, ondoren, hiru hiriburuak abiadura handiko trenbidearen bitartez lotuko dituzten intercity trenak lantzeko aukera emango diguten zerbitzuak abian jartzeko ere”.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)