Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza
Eu

Euskadik eta Senegalek arrantza kontuetan elkarlan gehiago izatearen alde egin du Pilar Unzaluk

2010.eko urriak 20

Gasteiz, urriaren 20.- Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailburu Pilar Unzalu andreak bilera egin du gaur Senegaleko Itsas ekonomia, Arrantza eta Itsas garraioko ministro Khouraichi Thiam jaunarekin, arrantza kontuetan bi gobernuek dituzten interes komunei buruz hitz egiteko.

Gasteizen izandako bileran, Khouraichi Thiam ministroarekin ez ezik, Senegaleko Itsas arrantzako zuzendari Ousmane Ndiaye jaunarekin eta Senegalek Espainian daukan enbaxadore Jorge Toledorekin elkartu da Pilar Unzalu.

Arrantzako sailburuorde Jon Azkue ere izan da bileran, eta bertan, sailburuak hauxe adierazi du: “elkarlana sendotzen saiatu behar dugu, Senegaleko interesen eta bertako uretan arrantzan dabiltzan euskal ontzien interesen mesedetan, elkarlan horrek bi aldeei ekarriko baitie onura”.

Gaur egun hamar bat ontzi dabiltza Senegalen atuna eta hegaluzea harrapatzen, eta bertakoak hartzen dituzte ontzietan lan egiteko.

“Ontzietan lan egiten dutenentzat hemen Euskadin dauzkagun prestakuntza-prozesuen berri eman nahi diegu, eta, aldi berean, ikusi nahi dugu zer-nolako aukerak ematen dituen Senegaleko arrantzak Euskadiko arrantza-sektorerako”. Halaxe esan du Pilar Unzaluk.

Khouraichi Thiam-ek bisita egingo die Euskadin bizi eta arrantzan jarduten diren senegaldarrei. Gero eta gehiago dira senegaldar arrantzaleak gurean, bai baxuran bai alturan. Horrez gain, Ondarroako Itsasketa eta Arrantza Eskolara ere joango da, hor bertan jasotzen baitute prestakuntza arrantzale senegaldar gehienek.

Hemen dagoela, Euskadiko arrantza-sektoreko ordezkariekin elkartuko da, eta AZTI-Tecnalia ere bisitatuko du; han azalduko diote zer azterketa egiten dituzten zentro teknologiko horretan, Eusko Jaurlaritzari arrantzari buruzko erabakiak hartzeko oinarri zientifikoak emateko.

Iruzkin bat
  • @itsasnet
    2010.eko urriak 20

    Comentario de Twitter:
    Refuerzo de la colaboración entre Euskadi y Senegal en materia pesquera. http://bit.ly/90Szdp

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko