Berriak Lehendakaritza
Eu

Cristina Uriartek Hezkuntza politiken eremuan bultzada handiagoa eskatu du Europar Batasuneko Ministro Kontseiluan

2016.eko azaroak 21

Sailburuak Europar Batasuneko Hezkuntza, Gazteria, Kultura eta Kirolaren alorreko Ministro Kontseiluan esku hartu du.

Inbertsio handiagoa hezkuntzan, lotura handiagoa prestakuntzaren eta enpresaren artean eta koordinazio handiagoa sektoreen eta erakundeen artean aldarrikatu ditu

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburu Cristina Uriartek Europar Batasuneko Hezkuntza, Gazteria, Kultura eta Kirolaren Ministro Kontseiluan parte hartu du, Autonomia Erkidegoen jarrera defendatuz eta amaiera emanez Euskadik EBko Ministro Kontseiluan izandako sei hilabeteko koordinazio eta parte-hartze aldiari.

Brusela, azaroaren 21ean: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburu Cristina Uriartek Europar Batasuneko Hezkuntza, Gazteria, Kultura eta Kirolaren alorreko Ministro Kontseiluan esku hartu du gaur arratsaldez, Bruselan. Europar Batasuneko Ministroen aurrean euskaraz izandako hitzaldian, Sailburuak hezkuntza-politiketan aurrera egiten jarraitu beharra defendatu du. Bere esanetan, “Hezkuntza-politiketan aurrera egiten jarraitu behar dugu, bai gure gazteen erronkei erantzuteko, bai lan-merkatuko, udalerrietako, eskualdeetako eta estatuetako beharrei erantzuteko”.

Uriarte Sailburuak aurrerapen hori hiru alderditan oinarritu behar dela adierazi du: inbertsio handiagoa hezkuntzan, lotura handiagoa prestakuntzaren eta enpresaren artean eta koordinazio handiagoa sektoreen eta erakundeen artean.

Bere mintzaldian, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburuak eskualdeen paperaren garrantzia aldarrikatu du Europar Batasuneko Estatuen aurrean. Eskualdeetako administrazioak modu eraginkorrean ari dira kudeatzen berdintasun gabeziari aurre egiteko eta gizarteratzea sustatzeko politikak; irakaskuntza modernizatzea suspertzen dutenak, gazteen talentuak aurkitu eta bultzatzen dituztenak eta hezkuntzan bikaintasuneranzko bidea egiten dutenak. Horrez gain, Eskualdeek esperientzia eta aukera ematen dute Unibertsitatea-Lanbide Heziketa-Enpresa aliantzak sustatzeko orduan.

Hori dela eta, Sailburuak azpimarratu du “sektoreen eta erakundeen arteko koordinazio handiagoa egoteak, lurralde- eta eskumen-maila guztietan, gure xedeak hobeto garatzen eta horietara iristen lagunduko lukeela”.

Seihileko honetan, hezkuntza eta kultura alorrean, Euskadik Autonomia Erkidegoen parte-hartzea koordinatu du haien parte-hartzeari irekitako lau Ministro Kontseiluetan. Horrela, Uriarte Sailburuak EBko Ministro Kontseiluan izandako agerraldiak bukaera eman dio Eusko Jaurlaritzak Europar Batasuneko erabakitze-organo gorenaren talde teknikoetan sei hilabetez gauzatutako lanari; horren oinarrian daude Europar Erkidegoekin Zerikusia duten Gaietarako Konferentziaren (CARCE) akordioak eta Autonomia Erkidegoak Europar Batasuneko Kontseiluaren Formazioetan ordezkatzeko sistemaren akordioak, 2004an onartuak.

Autonomia Erkidegoek Kontseiluan parte hartzeko eta bertan ordezkatuta egoteko ezarrita dagoen sistemak bide bat eskaintzen die Autonomia Erkidegoei beren interesak defendatzeko eta Kontseiluaren negoziazio-prozesuan eragina izateko, jorratu beharreko gaien inguruko jarrera komuna hartu aurretik, eta, gainera, Kontseiluan zuzenean esku hartuz. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, Europar Gaietako Zuzendaritzak eta Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkaritzak elkarrekin lan egin dute, seihileko honetan, 2004ko akordioak aplikatzeko. Gaur egun, EBko 5 Ministro Kontseilu soilik daude irekita Autonomia Erkidegoen parte-hartzeari: Enplegua, Gizarte Politika, Osasuna eta Kontsumitzaileak; Nekazaritza eta Arrantza; Ingurumena; Hezkuntza, Gazteria, Kultura eta Kirola; eta Joko eta apustuen alorra, Lehiakortasunaren Kontseiluan, eta fiskalitatearen zati bat.

Bestalde, eta kulturari dagokionez, Eusko Jaurlaritza modu proaktiboan aritu da eta bere ekarpena egin du Ministroen Kontseiluak seihileko honetan landu dituen erabaki eta lan-dokumentu guztietan. Diplomazia kulturala eta kulturari

europar kanpo-ekintzan dagokion rola izan dira seihileko honetan gehien azpimarratu behar diren gaiak. Posizio komunean, institutu kulturalen balio erantsia aitortzen da, Etxepare Institutuaren kasuan bezala; izan ere, institutu hori da EBko EUNIC kultura institutu nazionalen sarean europar eskualdeen aldetik parte hartzen duen lehenengo institutua. Seihileko honetan, Euskadik lortu du Europako dibertsitate kulturala EBko agendan jartzea; lortu du, halaber, aurrera egitea europar eskualdeek europar kanpo-agenda kulturalari begira duten posizionamenduan

Euskararen erabilera Europar Batasuneko Ministro Kontseiluan

Europar Erkidegoekin Zerikusia duten Gaietarako Konferentziaren (CARCE) akordioak eta Autonomia Erkidegoak Europar Batasuneko Kontseiluaren Formazioetan ordezkatzeko sistemaren akordioak 2004an sinatu zirenez geroztik, euskaraz hitz egin daiteke EBko ministroen Kontseiluetan eta Eskualdeen Batzordean. Halaber, Europako Batzordera edo Europako Herriaren Defendatzailearengana jo nahi duten euskal herritarrek euskaraz egin dezakete.

2007ko azaroan, garai hartako Sailburu Miren Azkaratek euskaraz esku hartu zuen aurreneko aldiz, orduan Autonomia Erkidegoen jarrera gazteriaren alorrean defendatuz, EBko Ministro Kontseiluaren baitan.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @leireove
    2016.eko azaroak 21

    Comentario de Twitter:
    RT @CamiladeEpalzaA: Cristina Uriarte @Gob_eus solicita en #UE @eucouncil más impulso políticas #Education https://t.co/rjFDyaXO2F https://

  • @ingegoros
    2016.eko azaroak 21

    Comentario de Twitter:
    RT @CamiladeEpalzaA: Cristina Uriarte @Gob_eus solicita en #UE @eucouncil más impulso políticas #Education https://t.co/rjFDyaXO2F https://

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)