Berriak Lehendakaritza

Lehendakariak hasiera eman dio Bilbok hartzen duen Cities & Economy Forum foroari

2016-11-21

Iñigo Urkullu lehendakariak hasiera eman dio Bilboko Euskalduna Jauregian egiten den Cities & Economy Forum foroari, hiri-eraldaketa eta garapen ekonomiko eta sozialaren arteko harremanak aztertzera bideratutako topaketa bat. Adituen panel zabal gisa dago planteatuta, esparru publiko, enpresarial eta akademikotik.Topaketaren helburu nagusiak dira Bizkaiko hiriburura inbertsioak erakartzeko behar diren baldintzak sortzea, aukera enpresarialak estimulatzea eta Bilbo ardatz atlantikoaren erreferente gisa kokatzea espezializazio adimendunaren arloan.

Topaketaren irekieran Bilboko alkate Juan Mari Aburto eta Bizkaiko diputatu nagusi Unai Rementeria izan dira. Lehendakariak onartu du herrialdearen etorkizunak euskal hirien garapen integrala behar duela eta, ildo horretan, Bilbo aipatu du erreferentzia gisa zerbitzu aurreratuetan. “Hiriko espazioa eta habitata, eta hiri sortzaile eta adimendunak ere, hiri-ekonomia berritzaile baten aukera-lurraldeak dira”, ziurtatu du Urkulluk, eta Euskadik espezializazio adimendunaren alde egiten duen apustua eta nazioarteko bokazioa nabarmendu ditu. Horregatik, lehendakariak gaur hasiko den topaketaren garrantzia balioetsi nahi izan du, hirien artean “ikasteko, konpartitzeko eta hazteko” lankidetza bat ezartzen duena.

Bilboko Udalak eta Bilbo Ekintzak antolatua, foroan bi egunetan zehar eztabaidatuko dira hainbat gai, hala nola hiriaren zeregina negozio-ideia berriak bultzatzea, energiaren erronka hiri-ingurunean edo hirien papera garapen ekonomiko, sozial eta ingurumenekoaren ekosistema katalizatzaile gisa. Topaketaren ardatz garrantzitsuak izango dira hiri-espazioaren eraldaketa digitala eta garapena bultzatzeko lankidetza publiko eta pribatuak ere.

Hirigintza, teknologia digitalak, hiri-berrikuntza eta ekintzailetza arloetatik etorritako hogeitik gora arduradun publikok, profesionalek eta nazioarteko mailan ospe handiko adituk parte hartuko dute hizlari gisa jardunaldietan. Asmoa da hitzaldi eta mahai-inguruetan zehar perspektiba teoriko eta akademikoak zein hiriari lotutako enpresa eta eragileen esperientzia praktikoak jasotzea.Gaurko irekiera-ekitaldia Orkestrako zuzendari nagusi Maria Jose Arangurenen hitzaldiarekin amaitu da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)